BIZITZA BAT LABURKI

 

Jose Garmendia Arruebarrena

 

        «Sinistatu bearnazu berrogei egun igaroetan ez dezana izan lo pizka bat egiteko dui bat asti ere, zergaitik izan deran erakutzi bearra 50 Espata dantzari-rekin, 25 motil gastetxori, antxiñarako kanta urritarrak...

        »Oizaz gañera izan det gaurik guzienak galdu biarra Euskarazko itz neurtu eta beste itzkida anitz egiten».

(Iztuetak Paulo Ulibarri-ko Yaunari egin zion eskutitzatik

1828garren urtean Garagar illaren 13-an).

 

        Joan Inazio Iztueta'ren bizitza itz gutxitan azaltzea ez da oso lan erreza. Zaldibia'n, 1767'ko azaroaren 29'an, jaio zan Joan Inazio Iztueta jauna. Ta Zaldibin bertan, bere etxe Iztueta-enea'n il zan, 1845'ko abuztuaren 18'an, iya larogei urte zituala. Bizitza luzea benetan. Eta betea. Europa, Españi ta Euskalerrian, makiña bat gorabera, burruka ta guda izan ziran urteak aiek! Iztueta bera ere aruntza ta onera, ederki astinduta ibilli zan denborak.

        Joseph Iztueta, Lazkaukoa, ta Maria Inazia Etxeberria, Zaldibikoa, ziran Joan Inazioren gurasoak. 1755'ko otsaillaren 24'an ezkondu ziran Zaldibian. Arek, 23 urte, ta onek, 18, zituztela. Amabi seme-alaba izan zituzten: 7 mutill eta bost neska. Joan Inazio, bostgarrena zan. Artu-eman aundienak, bere anai zarrenarekin, Diego Inaziorekin, izan zituan Joan Inaziok. Baita Maria Ana, Jose Maria ta Frantzisko Inaziorekin ere.

        1783 urtean, jaso zuten Joan Inazio'ren gurasoak, Iztueta-enea etxea. Joan Inazio jaio baño len, urte bat aurretik. Onek esan nai du, etzirala izan lastaigille beartsu batzuk, askok esan oi duten bezela, aien beartasuna nabarmendu naiean. 1803'ko epaillaren 2'an, 12.999 «vellon»-errealen balioa ezarri zioten etxeari. 1773'an Joan Inazio'ren aita, Joseph Iztueta, asita zegon aundizki-agiria ateratzen. Ementxe ikusten da, bere arbasoen langintzak ospetsuak zirala. Ta ala zegokien Lazkauko torre-etxetik zetozen ondorengoai. Gaur ere, antxe ikusi leike etxe onen aurrean arrizko armarri aundi bat, aurrekoen aundiaren ezaugarri bat bezela.

        Sevilla'ko Indietako artxibo edo agiritegian, Joan Iztuetaren izena arkitzen degu; Lazkaun jaioa, ta Guatemalako Gueçalagan illa. Joan Inazioren aita, Zaldibi'ko udaletxeko diru-zai bezela agertzen da. Ta eliz nagusian beren ill-obia ba-zeukaten. 1789'ko agorraren 29'an, 53 urtekin, il zan. Bere emaztea berriz, 1808'ko epaillaren 14'an, 19 urtetan alargun egon ondorean, eta gorabera ta naigabe ugari igaro-ta. Joan Inazio espetxean zegolako, ta Jose Mariak jaramonik egiten etziolako, biotz-miñ aundiak igaro bear izan zituan. Frantzisko Inazioren izkutatzea, ta arrastorik gabe gelditzea. Ba-zitekean izatea, Joan Inazioren semeen ardura bere gain artu zualako. Joan Inazio denbora luzean egon bait zan espetxean, eta bere erraiña, Linzuain'go Joakina ere 1802'ko urtean il egin bait zan.

        Joan Inazioren bizitza, ez degu aiñ ondo ezagutzen. Bere bizitzako une ta denbora batzuetako agiririk ez daukagu. Ezin genezake ba ezertxo ere jakiñ garai oietzaz. Orixe gertatzen zaigu, aren aurtzaro ta 1790'ko ilbeltzaren 11 arteko gazte-aroaz ere. Urte ontan ezkondu zan Linzuain'go Maria Joakinarekin, 22 urte zituela. Joakina Urnietakoa zan eta 19 zeuzkan.

        Garai artan, Zaldibian, erri-barruan, 18 etxe zeuden. Eta 96 sendi, nekazaritzan edo artzantzan. Orduan, Aralar mendian, artzai asko zebillen. Antziñak eta ao-jakintzak diotenez, Joan Inazio txikia zan. Kolore onekoa. Begiratu bizikoa. Humore onekoa. «Txuri» deitzen omen zioten. Mutiko argia. Laister asi zan nabarmentzen bere lagunen artzan. Idazle ta erriko maixu izan bear zuanak, alako idazkera ederra ta liburu zaletasuna euki bear zuanak, nun ikasi zuan eta nun ezi zan? Ziur ez dakigu. Agian, Lazkauko karmeldarren lekaidetxean. Joan Inazioren amak, bere azkenaian, konbentu ontan iru meza esateko agindu zuan. Eta, 1827'an, Joan Inaziok, eta ango karmeldar batek alkarri idazten zioten.

 

        Joan Inaziok, bere aurreneko emaztearengandik, bost seme izan zituan. Jose Inazio, dantzaria. Bere aitarekin Donostian bizi izandu zana, ta gero Irun'en. Eta Maria Ana, Maria Antonia, Josepa Frantziska ta Jose Manuel. Maria Antonia ta Josepa Frantziska beren aitarekin ere bizi izandu ziran.

        Joan Inazioren garai ontako egiñak zer-edo-zer ezagutzen ditugu. 1791'an, erriko azokan gauz asko ornitu ta saltzen ditu: Olio gozoa, bale edo ballenak, bakallaoa ta sardiñak. Bere ezkon-anai Jose Antonio Mancisidor da erantzuten diona ta bere gaiñ artzen duana. Urrengo urtean, bere etxe ta Amundarain ibaiaren ondoan dauden bi errota, artzen ditu alkiler edo akuran.

        1790-1800 bitartean, gorabera auek izan zituan gure Joan Inaziok. 1793'ko agorrean, bere arreba Maria Mikaela il zitzaion, 22 urtekin. 1794'an, bere besoetako ta illoba kuttun Joan Inazio Manzisidor jaio zan, martxuan. Urte ontan bertan, azaroan, izan zuan bere irugarrena: Maria Antonia. 1799'ko garagarrillan, Diego Inazio, bere anai zarrena, il zitzaion; eta bere arreba Joana Frantziska, Pedro Jose Armendariz'ekin ezkondu, Azpeitian. 1798'an, oraindik gordetzen dan agiri baten bidez, Jose Antonio Lasari artalde bat saltzen dio. Garai artarako, artalde aundia zana. Neguan, Donostiko belardietan larratzen zuan. Eta, azkenik, 1799'ko abenduan, bere aurreneko Linzuain emaztearengandik izan zuan bostgarrengo ta azkeneko semea: Jose Manuel.

        Berri gutxi, ainbeste denborako, ta bere pertson eta izakerari dagozkionak, gutxiago. Aldi ontan guztian, bere erri Zaldibian bizitu zan, aldin-aldin Donosti ta Irun'a irtetzen zala.

        Obeto ezagutzen ditugu, Joan Inazioren XIX mendeko aurren urteak. Aldi gogorra au Joan Inaziorentzat. Bere bizitza ere apika orren zuzena. Salaketa asko izan zituan, eta auzi ugari erlijio gaietan ajolagabekeria ta emakumeekin ibillera txarrak, erantsi zizkioten. 1801'ko abenduaren 6'raiño, Billafrankan baituta egon zan, itxura danez, Gainza'ko Martin Antonio Aldosoro eskribauaren etxean, lapurretaren bat egin zualako. Urte ta ill oietan beroietan, 18 egunean, Tolosako espetxera eraman zuten. Emen, kartzelan zegoala, il zitzaion, Zaldibian, ere aurreneko emaztea Joakina Linzuain, 32 urtekin.

        1802'ko mayatzaren 11'an, Tolosako espetxetik Azpeitia'kora igaro zuten. Orduntxe, bere anai Jose Maria Zaldibi'ko maixu ta organista izendatu zuten, eta bere ama larri-larri dabill bizi-modu ta diru kontutan. Joan Inaziok Azpeitiko kartzelan jarraitzen du. Baiñan, 1805'ko otsaillaren 24'an, zigorra arintzen zaio, ta Enparan errotan daukan bere ezkon-anaiaren etxera pasatzen dute. Egun batzuk ondorean, bere anai Jose Maria iltzen da 26 urtekin. Antxe ezagutu zuan Maria Konzepzion Bengoetxea, Bengoetxeako Kontxexi. Irudianez, espetxean au ere, aur bat il zualako. Aldekaitz baserriko labean neskatill bat arkitzen dute ta, 1803'ko uztaren 13'an, Joan Inazio Nikolas Odriozolak bataiatu zuan, Maria Inazia izena jartzen ziotela. Joan Inaziok eta Bengoetxeako Kontxesik beren alabatzat artu zuten, eta onela legez artuta gelditu zan.

 

        Baiñan, ordurako, urte ontan bertan, 1806'ko jorraillaren 20'an, Logroñoko izkutuko espetxera eraman zuten Joan Inazio. Emen, zazpi illabetetan egon ondorean, 1806'ko abenduan Azpeitian agertzen zaigu. Logroñoko Inkisizioaren kartzel izkutuetan agertu zituan geyenbat gure Joan Inaziok, Bengoetxeako Kontxesi'renganako zeuzkan irrika ta maite-miñak.

        Espetxetik askatu ziranean, Azpeitiako eleizan ezkondu ziran biyak, 1808'ko otsaillaren 9'an. Urrengo illean eta Zizurkil'en jaiotzen zan, Joan Inazioren irugarren emaztea izan bear zuana, Maria Ascension Urruzola. Baiñan ez ditzagula gertakizunak aurreratu.

        Urte onen (1808) epaillaren 27'an, bere ama iltzen zaio Zaldibian, ill onen beraren 14'an bere azkenaia egin ondorean. Ba zekian Joan Inazioren bigarren ezkontza.

        1808'ko abenduaren 16'an, Kontxesi'gandik izaten du bere bigarrena: Balentin Eusebio. 1824 abenduaren 20'an, 16 urte zituala, Balentin Eusebiok idazten dio La Habanatik bere aitari. Emen, La Habanan, batuko zitzaion bere anai ta Joan Inazio-Kontxesiren irugarrena, Jose Frantzisko.

        1808'ren azkenetik, (garai ontan Azpeitia zebillen) 1813'ko uzta abuztu arte, ez daukagu Joan Inazioren berririk. Bere bizitzaren une illun bat da au. Ez dakigu ezertxo ere aldi onetzaz Joan Inazioren bost urte erabateko illuntasunean daude [1]. Donosti soldaduz inguratua egon zan illabeteetan, Bidasoa'ko mugatik aruntz dabill, San Juan de Luz'en, Donibane'n. 1814'ko garragarrillan, Donostian arkitzen degu, denda baten jabe. Urte onen (1814) abuztuaren iruan, Iruñatik idazten dio Martin Onrubiak, eta ala esaten dio: «Nere lagun eta jauna. Poz aundia artzen det ondo zaudelako, ta zure sendian lasai ta pakean arkitzen zeralako».

 

        Biyak, Joan Inaziok eta Joxe Aranburuk, Martin Onrubiaren bidez, Getarian zegon frantzitar gudalosteari, 400 manta ta 260 lastai-koltxoi eman zizkioten. 1813'ko uztaren 1'an, aldegin zuten Guetaritik soldadu auek. 33.276 «vellon»-erreal balio zituan eskeintza onek. Beiñere etzuan ordaiñik artu.

        Kontxesi'rekin egin zuan ezkontzak etzuan asko iraun. 1815'ko epaillaren 18'an bere, azkenaia egin ondorean, 39 urte zituala, ill artan bertan il zan, 28'an. Azkenai ortan, bizi ziran etxea aipatzen du, ta egiten ari ziran beste bat ere bai. Joan Inazio Iztueta, bi etxeen jabe izatera iritxi zan: Bat, Bildosola kalean, beko Puyuelo ere zeritzaiona. Bestea, Triperia kalean, eta gaurko San Joan da.

        Bere bigarren alarguntasun ontan (1815-1828), Joan Inaziorekin bizi ziran Donostian, bere lenengo emaztearengandik izan zuan Joxe Inazio, dantzaria. Maria Antonia, ta Joxepa Frantziska. Kontxesi'rengandik izan zituanak ere antxe zeuden, batez ere Inazia. Balentin Eusebio ta Joxe Frantzisko, La Habanan azaltzen bait dira aldi au bukatu baño len.

 

        1817'ko abuztuaren 11'an, Donostiako San Bizente parrokian ezkontzen zan Joxepa Frantziska alarguna Donostiko eskribaua zan Joakin Ramon Soraiz'ekin. Onen papel-xortak (1813-1831 bitartekoak), Oñati'ko Unibertsidade edo Ikastetxe Nagusian gordetzen dira. Geroago, (ta gorabera batzukin) 1818'ko ilbeltzaren 2'an, eliz ortan bertan ezkontzen zan Maria Antonia, Manuel Paris-ekin. Au, Lobaina baserrikoa zan, Antiguo'ko parrokian.

        Urrian, Santa Fe'ko pestak dirala-ta, Joan Inazio Zaldibian ikusten degu. Emen, 1820'ko urriaren 13'an, bere esku ta lur-ondasunak, bere arreba Anari ta ezkon-anai Jose Antonio Manzisidor'i, uzten dizkie.

 

        1824 urtean, (jaurgo ta lege-zaleak galdu, ta «absolutista» edo al-osodun erregeak irabazi zuanean, Iztueta errege al-osodun zalea zan) Inazio Erramon Barojaren irarkolatik irtetzen da bere dantza liburua. Urte bete baiño geyago kosta zitzaion egitea. Ain zuzen, urte ortan, bere alabari baimena ematen dio, dantza ospetsu bat egiteko. Aurretik, gure dantzak berpizteko asmo bakarrarekin, ardura ta ajola bereziarekin, berari erakutsi zizkion ta ortarako ezi zuan.

        Londres'en erbestetuta zegon, Pablo Mendibil'en bidez, bere liburuaren agerpen-bilduma bat argitaratzen du Londres'en; ez ordea, erderaz ere itzulita sartu zuan «Kontxesi'ri» olerkariari, onoko oarr maltzur au jarri gabe: «El poeta bascongado fue más feliz que el gallego, cuyos versos amorosos le acarrearon la muerte en la misma cárcel. Iztueta salió de ella e inmediatamente dio la mano de esposo a su esposa, por quien tan apasionadamente suspiraba».

        Oraindik 1824'an, ez ditu eskuratu 33.776 erreal, frantziko gudalosteai, 1813 urtean, emandako janarien ordaiñez. Ezta 10.000 erreal ere, ordun bertan eman zizkien 400 mantegatik. Esan bearrik ez dago: onek miñ ematen dio.

        Urte onen urriaren 16'an, Donosti'ko «Puerta de Tierra'ren» zaindari jartzen dute. 1826 urtean, agindutako dantza-soñuen liburua argitaratzen da. 1828'ko epaillaren 3'an, Donosti'ko San Vicente parrokian, ezkondu baiño len, Kontxesi'rengandik izan zuan Inazia, Segura'ko Jose Antonio Azpiazu'rekin ezkontzen da. Andik illa-betera, jorraillaren 8'an, inguruan bere semerik gabe bere burua ikusten dualarik, Joan Inazio Iztueta irugarren aldiz ezkontzen zaigu, Zizurkil'go Maria Ascension Urruzola'rekin. Iztuetak, 60 urte zeuzkan. Mariak, 20.

 

        1829'ko epaillan jaiotzen zaie aurreneko ondorengoa: Martina Antonia. Urte ontan bertan idazten du 40 orriko liburuska bat, Juan Jose Mogel apaizari zuzendua, bere dantza liburuaren aurkako Bartolome de Santa Teresa prailleari erasoaz. 1831'ko abenduaren 24'an izaten du bigarrena, bere irugarren ezkontzatik. Pedro du izena. Gazterik il izan bear zuan. Urte auetan asko idazten du Iztuetak. Santiago Unzeta ordezkariari, Batzar eta Diputazioko idazkari Erramon Gereka'ri egin zizkien eskutitzak adierazten dute ori. Lecluse frantzesarekin, Bautista Arrizabalagarekin, Agustin Paskual Iturriagarekin, Pablo Ulibarrirekin eta beste askorekin ere, izan zituan artu-emanak idazkiz. Joan Inazio Iztuetaren izenak oiartzun aundia zeukan, eta Paris'tik ere galdetzen zioten.

 

        1832'an, Bizente Binuesaren Kultura-Etxean euskeratzaz itzaldi bat egiteko, Madrid'ko jaun batek ots-egin zion Joan Inaziori.

        Donostian, amar urtetan ertzain izan ondorean, 1834'an, alkate egin zuten. Baiñan, alabearraren zirtoak! Urte ontan bertan, azaroan, bere arreba Maria Ana, Manzisidor'en emaztea, il zan Zaldibi'n. Atsekabe aundia artu zuan.

        1840'an, gerra dala-ta, sei illa-beteko saria ez duala jaso, mintzatzen da. Baiño, geroago, bai, jaso zuan. 1844'ko abuztuaren 7'tik asi-ta, 1845'ko uztaren 1 arte, Guipuzkoako gordairuan izandako diruen sar-irterak aztertzen baditugu, irtera, langille-sari ta artzekodunen artean, auxe irakurriko degu: «A don Juan Ignacio de Iztueta por el importe de dos libramientos que expidió a su favor la Diputación foral con fechas de 1 de nov. y 1 de dic. de 1835 para pago de su sueldo como alcaide de Corregimiento de esta provincia, 910 reales».

 

        1837'an, Billafrankan, Esteban Gaztañagaren aurrean egindako idazki batean, Zaldibi'ko bizilagun bezela agertzen da. Baiñan galdetu genezake: Liberala izanik, eta Donosti beroien menpean egonda, nolatan igaro zan Iztueta, karlisten mendean zegon Goierrira? Gaurkoz, galdera aueri erantzuten ez da oso errez. Egia, auxe da: 1840 baiño leenago, ziur Zaldibin dagola, eguneko sei erreal eskuratzen ditula bizitza guztirako sari bezela. Sari au ematen zitzaion, «a condición de que a su muerte habían de quedar como propiedad de esta Provincia tanto la obra que anteriormente tiene escrita sobre los bailes y canciones antiguas del País, como cualquiera otra que publique o deje escrita sobre el carácter, usos y costumbres del País».

        Vergara'ko besarkada urtero ospatzen zan urte-bertan, 1841'ko gastuen zirrindan, Iztuetaren kontua, taldearengatik, 3.250 erreal da. Banketea kendu ezkero, aixa, aundiena.

        Urte auetan, eta sutsu, bere «Gipuzkoako kondaira» eratzen eta egiten ari da. Iztueta ilda andik bi urtera, 1847'an, argitaratuko zan, bere lagun on Agustin Paskual Iturriaga apaiza zala bide.

 

        Iya 78 urte zituala egiten du bere azkenaia, ta egun artan bertan iltzen da Zaldibin, 1845'ko abuztuaren 18'an. Egun ontan, gorabera aundiko ibilketa baten ondorean, Gipuzkoako gizon baten bizitza bukatzen zan. Batzuk maixeatu zuten. Beste batzuk, atsekabetu ziran.

Geldi ta sakabanatuta jo zituzten kanpai-otsak, Zaldibiko inguru guztietan zabaldu ziran, berri ituna eramanaz; Aralar'ko mendi-saietsetan dauden baserrietaraiño. Abuztuko arratsalde artan, txistu ta txakurren zaunka artean, artzaiak beren ardiak eraman zituzten sarobera. Lurra mendiko laiño zuriz estali, eta Txindoki, batzutan margoztuta, beti bezelaxe, antxe zegon tente.

 

        [1] Errenka ta itz auek idatzi ondorean, Jesus Elosegi jaunak, «Boletín de los Amigos del País» aldizkarian (XXXII urtea, 1.° eta 2.° Lb. 296-300 orr.) «Iztueta, prantzes-zaletua, saldukeriagatik Azpeitia'n auzipetua» izen-buruarekin, oraindik orain lantxo bat argitaratu du.

        Bertan gauza ontaz jabetzen gera: «Varios vecinos de Azpeitia, Iztueta entre ellos, fueron mencionados y señalados... como individuos que en el año de la dominación francesa, 1809, mostraron la suficiente actividad como para merecer la nota de "afrancesados" que se les atribuía por parte de numerosos vecinos de la villa».

        1814'go otsaillaren 23'an, Azpeitia'ko Jose Domingo Vicuña idazkariak, Iztuetaren izakera ta gizatasunaz eman zizkigun garrantzizko ondorengo zeatztasun auek, aipatu ditzagun:

        «Juan Ygnacio de Ynstueta: pelo largo castaño, cejas del mismo color, nariz afilada, frente mediana, barba cerrada, cara ermosa, estatura baja».

        Eta jarraitzen du: «De ciertas declaraciones tomadas a Iztueta durante el proceso, llegamos a saber que el 24 de abril de 1810 se traslada con su mujer Concepción Bengoechea (y sus niñas) desde la villa de Azpeitia donde residía desde el año 1802, a San Sebastián. Sumando los días que pasó en cárcel del Corregimiento de Tolosa, de resultas de este proceso, hallamos: de 28 de febrero a 12 de mayo 1814, y de 19 mayo a 4 de noviembre = 8 meses de cárcel. Y en cuanto a los días de reclusión en su casa de San Sebastián: 12 de mayo a 15 de junio, 1814: un mes y trece días».

 

 

© Jose Garmendia Arruebarrena

 

 

"Iztueta'ren olerkiak" orrialde nagusia


susa-literatura.com