Gero arraia berpiztu zan, erioa barne-muñetan zeramala ta uretik-at salto egin zun bere luzera galanta ta zabalera ta aalmen osoa ta edertasuna erakutsirik. Ontzixkako agure gañean aidean zintzillik zirudin. Uretara erortzean agure ta ontzixka gañera ark jasotako ur-zurrunbilloa jario.
Agurea aul ta zorabioka zegola-ta ezin ongi ikusi. Bañan arpoi-sokala aska ta urratutako eskuartean poliki joaten utzi ta ikusi aal izan zunean, arraia atzean begiztatu zun zillar koloreko sabela goruntz. Arpoi-kirtena arrai-sorbaldatik zuzen sortu ta itxasoa biotz-odolez gorritzen. Odola lendabizi milla bat baño sakonago, ur urdiñean arkaitza bezin illun. Gero odei-antzo zabaldu zan. Arraia zillarrezkoa zan. Geldi ta olatuak eraginda ur gañean zegon.
Agurea argi-ziztada antzeko irudiari kontuz begira. Gero arpoi-sokalakin aurre-aldeko eskotari bi buelta eman ta burua eskutartean artu zun.
Burua argi eutsi zak, esan zun aurreko olen kontra. Gizaseme zaar, nekatua nauk. Bañan anai ori il diat. Ta orain lanik gogorrena.
Orain segarak eta soka gerta bear, ontzi-saietsari erantsitzeko, zion berekiko. Bi bagiña ta ontzi urez beteak barruan arraia artuko ba likek, gero ura atera-ta, ontzixka onek ezingo likek iñolaere eraman. Neuk gerta bear dana: arraia ondoratu, ongi lotu, tantaia bere tokian sartu ta etxeratzeko ontzi-oiala aizeari eman.
Arraiari tiraka asi zan ontzi-parean jartzeko, kuluska-zear sokal bat pasa, aotik atera ta burua branka-aldeko saietsari lotzeko moduan. Ikusi egin nai diat, ari zan bere baitan, ta ikuitu ta somatu. Nere aberaskia duk, pentsatu zun. Bañan ez diat orregatik somatu nai. Bere biotza nabaitzen ote nun negok, zion berekiko, arpoi-kirtena bigarrenez bultza nunean. Orain urbil zak ta lotu ta isats inguruan korapillo bat egin, bestea erdi-aldean ontziari lotzeko.
Ekin lanari, agure, esan zun. Ur-zurrutatxoa egin zun. Lan gogorra diagu oraindik, burruka amaitu danezkero.
Begiak zeru-aldera jaso ta gero bere arraiarengana. Eguzkiari tinko begiratu zion. Eguerdia eldu-berria dala deritzait. Ta itxas-aizea azaltzen ari duk. Sokalak ez ditek egin-bearrik onuzkero. Mutikoak eta biok lotuko dizkiagu etxeratutakoan.
Ia ba, arrai, ator onera, esan zun. Arraia ordea bertan. Antxe zegon itxas-gañean ta agureak ontzixka arenganatu zun.
Arraia ondoan burua brankaren kontra euki zunean, ezin siñistu zezakean ain aundia zanik. Bañan eskoratik arpoi-soka askatu, kuskulu-zear pasa ta matallezurretatik atera, inguratu ezpata ta urrengo beste kuskuluaren zear, beste biurra muturrari ta soka biak korapillatu ta tinkotu zitun aurrealdeko eskoran. Moztu soka-muturra ta txopa-aldera jo zun isatsa lotzera.
Arraiak oraindik zillarrezkoagoa zirudin, berez morantz ta zillarrezko bait zan, ta litzak isatsaren kolore berdiñekoak, morantzekoak. Giza-eskuak baño, beatzak zabalik ere, zabalagoak litzak ta arrai-begiak periskopo baten kristalak edo prozesioko santu batenak bezin argi-gabeak.
Bera iltzeko beste modurik ez nian, esan zun agureak. Bizkorrago zegon ur-txurrutatxoa egin zunetik eta ezagutu zun ez zala jota geldituko ta burua argi zeukan. Dagonez milla ta bosteun libra egingo dizkik onek, ark bere baitan. Balitekek geiago ere. Garbituta irutatik bi geldituko ba lira, libra ogeita amar xentimotan, zenbat egingo likek?
Ortarako luma bear, esan zun. Nere burua ez zegok ain argi. Baña Di Maggio ospetsua nitzaz arrotuko ukek gaur, uste dutanez. Nik ezur-aztalkarik ez nian. Bañan esku ta sorbaldak benetan miñ ematen zidaten. Ezur-aztalka zer dan jakin nai nikek. Jakin gabe neuk eukitzea ba litekek.
Arraia lotu aurreko-aldeari ta txopari ta erdiko jarlekuari. Bere ontzia baño aundiago bat txalupa-saietsari lotu bailion zan, ainbatekoa izan arraia.
Sokal-zati bat moztu ta azpiko matallezurra muturrari lotu zion, iriki ez zedin, eta aal zan aisena ibilliko ziran. Gero ontzi-tantaia zuloan sartu ta, astamakotzat zerabillen makillakin ta txapela moldatuta, ontzi-oial konpondua aizetara jarri zun. Ontzixkak ekin zion ta txopan erdi-etzanik agureak ego-sartaldera zuzendu zun aurreko-aldea.
Ego-sartaldea ze aldetara zegon jakiteko ez zun tresna-bearrik. Naiko zun itxas-aize nabaitze ta ontzi-oial-joera. Obe nikek sokatxo bat uretara bota ontzi txiki batekin ta jateko zeozer arrapatzen saiatu, baita ur pixka bat ere jateko ori ezatzeko. Bañan ez zun ontzirik arkitu ta sardiñak ustelduta zeuden. Kakotu itxas-gorbel-zati bat astamakoaz ta astindu ta ark zekarzkin izkiratxoak ontzixka-sabelera erori ziran. Dozenatik gora izan ta jauzika ta ostikoka arkakusuak ondartzan bezala. Agureak burua kendu zien beatz aundi ta urrengoakin ta azala ta isatsak xeeturik jan zitun. Oso txikiak ziran, baña bazekian indar aundiko janaria zala ta ez gusto txarrekoa.
Agureak bi txurrutada-ur botillan oraindik bazeuzkan ta baten erdia edan zun, izkirak jan ondorean. Txalupa ongi zijoan, zeraman pixuaren kontu izanik ta agureak lema-makilla besapean zularik ontzia zuzentzen. Arraia ikusi zezakean ta naiko zitzaion eskuei begiratu ta txopa ikuitzean sorbaldan miña, benetan gertatua ta amets utsa izan ez zala ezagutzeko. Beinola burruka amai-zorian gaizki zegola-ta, an gertatzen zana ametsa ez ote zan gogoratu zitzaion. Gero uretik-at arraia irteten ta mugitu gabe zeruan zintzillik erori baño len ikusi zunean, gauza arrigarria zala ziurtzat artu zun ta ezin siñistu zezaken. Gero ezin ongi ikusi, orain beti bezin ongi ikusten ba zun ere.
Orain ba-zekin arrairik ba-zegola, ta eskuak ta sorbalda amets ez zirala. Eskuak laister sendatzen dituk, pentsa zun. Odol pasmatua kendu diat eta ur gaziak sendatuko dizkik. Izpasterreko ur illuna osabiderik onena. Egin-bear bakarra diat: burua argi zaitu. Eskuak berea egin ditek ta ederki goaz. Ori ao-itxi ta isatsa zuzen-bera, anaiak bezala goaz. Burua pixka bat lausotzen ari zitzaiola-ta, zion berekiko: Orrek ote narama ala nik ote daramat? Nik atzetik ba nerama ez legokek zalantzik. Ezta arraia txalupa barruan balijoa ere, bere buruaren jabetasuna galdurik. Baña batean zijoazen alboz-albo, ta agureak pentsatu zun: Eraman nazala nai badu. Trebetasunagatik bakarrik nauk ori baño obea ta ez duk neri miñ emateagatik ibilli.
Ongi zijoazen ta agureak ur gazitan eskuak busti ta burua argi eusten saiatu zan. Meta-antzeko odei goratu ta ipar-odei pranko aien gañean ba-zegon: itxas-aizeak gau osoan iraungo zula orrela igerri zun. Agurea arraiari etengabe begira, egizko zela ziur jakin-naiean. Ordu bete igaro bear lenengo marrazoak eraso baño len.
Marrazoa ez zan ustegabe sortu. Odol-odei illuna edatu ta milla bat sakonean zabaldu zanean, itxas-ondotik agertu zan. Azkar ta arduragabe ur urdiñaren azala urratu ta eguzkiratu zan. Berriz murgildu ta aztarna somatu ta igeri asi zan ontzixka ta arraiaren bideari jarraituz.
Bein edo bein aztarna galtzen zun. Baita arkitzen ere, susmoz bederik, eta azkar eta gogor ekiten zion berriz atzetik. Mako izeneko marrazo oso aundia zan, arrai azkarrenik bezin azkar itxasoan igeri egiteko moldatua, ta arengan gauza guziak eder, matal-ezurrak ezik. Aren atzeko-aldea txitxi-ezpatarena bezin urdiña ta sabela zillarrezko ta azala guri ta eder. Txitxi-ezpata bezala eratua, matallezurrak aundiago ezik: itxita zeramazkin orain itxas-azalpetikantxe laisterka igeritan, sorbalda-egoa tente, labana bailitzan ura zear mugitu gabe. Matalezurren itxitako bi ezpañen barruan, zortzi lerroen ortz guziak barruruntz makurtuta zeuzkan. Ez ziran arenak marrazo geienak oi dituten txintxur-antzeko ortzak. Atzaparrak bezala jartzen diran giza beatzen tankera zuten. Ia agurearen beatzak bezin luze, ta bi saietsetatik laban zorrotzaren jabe. Itxasoko arrai guziak jateko moldatua zegon. Areriorik gabeko, iñor baño azkarrago, indartsuago ta obeto tresnatua bai zan. Orain usai ozkirria artu ta azkarrago zijoan ta sorbalda-ego urdiñak ura urratzen.
Ba-zetorrela agureak ikusi zunean, bildurgabeko ta nai zuna egiteko gai zan marrazoa zala antzeman zion. Arpoia gerta ta soka ondo lotu zun marrazoa urbiltzen soma bitartean. Soka motza izan, arraia lotzeko erabilli zun zatia palta bai zitzaion.
Agurearen burua orain argi ta sendo ta bear zun erabakia artzeko prest. Bañan uste aundirik gabe gizona. Zori aundiegia litekek au bukatzea, zion bere baitan. Arrai aundia begira zun, marrazoa urbiltzen ikusten zun bitartean. Amets bat ote uan, gogoratu zitzaion. Bere erasoa ezin galerazi, bañan ia koraindu dezaketan. Dentuso ori, bere baitan. Ire ama madarikatua!
Marrazoa txopa-aldetik azkar urbildu zan ta arraiari eraso zionean, agureak ikusi zizkion ao iriki ta oiezbezelako begi ta ortz-zartakoa, arraikiari isats-gañetikantxe eldu zionean. Marrazoaren burua uretik-at ta ipur-mamia agirian, agureak ondo entzun zezaken arrai aundiak azal ta aragia urratzen sortzen zun otsa. Ordun sartu zion arpoia marrazoari buruan, begi-tarteko lerroa muturretik atzeko-aldera zijoakionakin gurutzaten duten tokian. Ez zegon orrelako lerrorik: buru urdiñ, aztun ta zorrotza, ta begi aundiak bai. Baita zart egin, eraso ta guzia irensten zuten matalezurrak. Bañan an zegon bur-muiñen tokia ta bertantxe eman zion gotik agureak. Gogor eman ere esku mamitsu ta odolduakin, arpoia aal zun indarrez bultzatuz. Itxaropenik gabe jo zun, baña gogoz ta suminkeri biziakin.
Marrazoa itzulikatu zan eta agureak aren begietan erioa somatu. Berriz itzulikatu ta sokaren segara bitan bere burua bildu zun. Illik zegola oartu agurea, baña marrazoak ezin etsi. Gero ipur-mamiz, isatsakin ura zartatuz ta matalezurrak txastatuz, marrazoak motorraren antzera an egin zun bere abiada. Isatsak zartatzen zun tokian ura zuri, ta gorputzaren iru laurdenak agerian. Soka-muturra estutu, dardar ari ta autsi egin zan. Marrazoa apur batean bare-bare gelditu zan itxas-azalean ta agurea begira. Gero itxas-ondoratu zan txit poliki.
Berrogei libra eraman dizkik, esan zun agureak ozenki.
Nere arpoia ta soka-mutur osoa ere ba zeramazkik, pentsatu zun, ta orain nere arraia berriz odol-usten. Besteak ere agertuko dituk.
Ez zitzaion atsegiña arraiari begiratzea, txikituta bai zegon. Arraiaren kontrako erasoa bere buruari egiña bailitzan artu zun.
Nere arraiari eraso dion marrazoa ordea akabatu diat, zion berekiko. Ta iñoiz ikusi dutan dentusorik aundiena uan. Ta Jainkoak daki dentuso aundiren bat ikusi dutala.
Onegia uan irauteko, zion berekiko. Ai dena amets izan baukek ta iñoiz arraia kakotu ez banikek ta izparringien gañean oiean banengo, neu bakarrik.
Ez ditek ordea gizona egin menderatua izateko, esan zun. Gizona desegin dezaketek, ez ordea menderatu.
Tamal nauk arraia il dutalako, zion bere baitan. Orain zetorkiguk garairik latzena ta arpoirik ere ez diat. Dentuso-a ankerra duk ta trebe ta indartsu ta argi. Baña ni ori baño burutsuagoa izan. Ezezkoa ere baliteke, zion barruan. Ia obeki tresnatua baizik ez ote nengokan.
Ez barruan ari, agure, esan zun ozenki. Jarrai bideari ta datorrenean, jo.
Oldoztu-bearra diat ordea, zion here baitan. Ori bakarrik utzi bai zidatek. Ori ta bisbola. Buru-munean eman nion zartakoa zer nolako irudituko ote zitzaion Di Maggio aundiari jakin nai nikek. Ez uan ainbestekoa izan, pentsatu zun. Edonork eman zezaken. Baña nere eskuak ezur-aztalka bezin ostopo aundia izan dirala uste al duk? Ezin jakin. Orpoan ez diat iñoiz gaitzik izan, bein ezik; igeri nenbillela ziztatu nindukan oinpetu nian akulu batek ta iztarraren beko aldea elbarrituta gelditu zitzaidan, eraman-eziñeko miña sortu-arazi bai zidan.
Gauza pozgarriren bat erabilli zak buruan, agure, esan zun. Orain lipar bakoitz-ondorean urbillago daukak etxea-ta. Berrogei libra galdu-ta azkarrago oa.
Ederki zekin uaitz-barruan sartuta gertatu zezaiokena. Bañan orain ezin ezer egin.
Bai orixe, esan zun ozenki. Arraun-muturrari lotu dezaioket aiztoa.
Ori egin zun, lema-makilla besapean ta itxas-oiala oinpean izanik.
Ia ba, esan zun. Oraindik agure bat nauk. Bañan ez negok tresnarik gabe.
Itxas-aizea ozkirria zan ta aurrera zijoan agurea. Arraiaren aurreko aldea bakarrik zekusan ta uste-ondarrak berritzen asi zitzaizkion.
Burugabekeria duk itxaropenik ez izatea, zion barruan. Gañera pekatu dala uste diat. Ez izan oldoz-gai pekaturik, pentsatu zun. Ori gabe ere buru-auste naiko ba dizkiagu. Gañera ez diat nik orrelakorik ulertzen.
Ez diat ulertzen ta ez negok ziur pekatuan siñisten ote dutan. Ba liteke arraia iltzea pekatu izatea. Noizbait ala ote dan uste diat, bizitzeko ta jende askori jaten emateko egin ba dut ere. Bañan ordun gauza guziak pekatu lirake. Ez pekatuan pentsatu. Beranduegi duk ortan jarduteko ta ba-zegok ortarako ordaintzen zaion jendea. Utzi itzak: oiek pekatuaz pentsa dezaten. I arrantzale izateko jayo aiz, arraia arrai izateko bezala. San Pedro arrantzale uan, Di Maggio aundiaren aita bezala.
Bañan inguruan zitun gauza guzietan pentsatzea atsegin zitzaion ta irakurtzekorik ez, ezta irratirik ez zeukan ezkero, burua ari ta ari ta pekatuz oldozteari jarrai zion. Ez duk arraia il, eu bizi jarrai ta ura jakitzat saltzeko baizik, ark bere baitan. Aundikeriz ta arrantzale aizelako il uan. Bizi maite ukan ta baita gero ere. Maitatzen ba duk, ez duk pekatu ori iltzea. Ez ote duk aundiago?
Geiegi astintzen duk burua, agure, esan zun ozenki.
Baña atsegiña zitzaikan dentusoa iltzea, zion berekiko. Arrai biziei eskerrak bizi duk, eu bezala. Ez duk sarraskia janaritzat dun piztia, ezta batera ta bestera dabillen jan-gura, beste marrazoak bezala. Eder eta zindo eta ezeren bildurrik gabekoa duk.
Nere buruaren alde il diat, esan zun agureak abots ozenez. Ta ongi il ere.
Orrez gañera, zion berekiko, gauza bakoitzak iltzen dik beste edozer nolabait. Arrantzan egiteak iltzen natxiak bizitza ematen diten bezalaxe. Mutikoak eusten natxiak bizi, pentsatu zun. Ez diat nere burua geiegi lilluratu bear.
Makurtu zan karel gañera ta arraiki-zatia marrazoak zarraztatu zun tokitik atera zun. Txikitu ta gozo oneko zala oartu zan. Abere-arrgia bezalakoa, tinko ta ezatsu, ez ordea gorri. Kiriorik gabeko zan ta bazekian azokan garestiena aña ordainduko ziotela. Bañan ezin aren usai ona uretan zabaldu zedin galerazi. Ta aldi oso txarra zetorkiola sumatu zun.
Itxas-aizea iraunkorra zan. Ipar-sortaldera pixka bat okertua. Eta ba-zekin agureak orren esan-naia: ez zala motelduko. Aurrera begiratu zun, bañan ez zan ageri ez oial, ez itxas-ontzi-kozko, ez keerik. Ontzixka-aurretik alde bietara zabalera jeikitzen ziran arrai-egaldun ta sargatzen zati oririk baizik ez zegon. Ezta txori bat ere ezin ikusi.
Bi ordu zeramazkin txopan atseden arturik ta noizean bein akula-arraikia ortz-tartean txikiturik, indarrak geitzeko asmoz, marrazo bien arteko lenengoa ikusi zunean.
Ai!, esan zun oiuka. Oiu orren esan-naia berdindu dezaken itzik ez dago. Ez da agian ots bat besterik, iltzea esku-zear ta ol baten sartzean gizonagandik nai-gabe irten diteken otsa.
Galanos, oin egin zun. Orain lendabizikoaren atzetik zetorren beste egatxoa ikusi zun. Laister antzeman zion aga-tankera-muturreko marrazoak zirala, iru aldeko egatxo nabar ta isatsaren erabilkerari esker. Aztarna artu ta ark eraginda zebiltzan. Izugarrizko goseak sortutako tuntuntasunean aztarna gal ta arki ari ziran.
Agureak soka-muturra lotu ta makilla atagatu zun. Gero labana itsatsita zun arrauna jaso zun aalik eta leunkiroena, oñazez biurritzen bai zitzaizkion eskuak. Xamurki iriki ta itxi zitun zeozer askatzeko. Indarrez itxi zitun miña orain eraman zezaten ta zalantzan ibilli ez zitezen ta marrazoak nola zetozen begiz jo zun. Orain ikusi zitzakean, zabal, zapal, aga-mutur-antzeko buruak ta punta zuriko bular-egatxo zabalak. Aiek ziran marrazo gorrotagarri, kiratsdun, sarraski-jale, gizeraille sarritan, ta gose ziranean arraunari edo ontzi-lemari kosk egingo zioten marrazoak. Aiek ziran itxas-azalean lotan zeuden tortoken oñak eta ankak mozten zitutenak. Baita gizonari uretan eraso ere gose izan ezkero, gizonak bere gaiñ ez odol, ez arrai-likistasun-usairik eraman ez arren.
Ai! esan zun agureak. Galanos! Atozte, Galanos!
Etorri ziran. Ez ordea Makoa bezala. Bat biratu ta txalupapean ixkutatu zan ta ontzixkaren astiñaldiak erakutsi zion agureari marrazoa arraiari eraso ta arengandik tiraka ari zala. Besteak aragi-barru-barruan sartutako begi oriekin agureari begira. Gero matal-ezur biribil-erdia zabalik, azkar urbildu zan arraiari erasoz, len oska ari izan zitzaion tokian bertan. Buru nabar gañean argi asko ageri zan lerroa ta atzean, bizkar-ezurra buru-muñekin batzen dan tokian, arrauna labanakin sartu zion agureak. Atzealdera egin ta berriz sartu zun marrazoaren katu-antzeko begi orietan. Marrazoa arraia askatu-ondorean itxas-ondora irristatu zan, arrapatu zuna eriosuar irentsiz.
Txalupa dardar zegon oraindik, arraiari beste marrazoak ari zitzaion sarraskiagatik. Txalupa ziero bira-erazi ta azpitik marrazoa aldentzeko agureak ontzi-zapia jetxi zun. Marrazoa ikustean, makurtu kaieleruntz eta labankadaka asi zitzaion. Aragi utsa arkitu zun. Azala berriz gogor ta ozta-ozta sartu zion aiztoa. Aizto-ukaldiak miñberatu zizkion ez eskuak bakarrik, baita bizkarra ere. Baña marrazoa azkar igo, burua atereaz. Agureak eundokoa eman zion buru zapal aren erdi-erdian, muturra uretik atera ta arraiari erantsi zioneantxe. Agureak laban-aoa atzeratu ta toki berberean sartu zion. Oraindik matal-ezurrakin arraiari erantsita gelditu zan. Eta agureak aizto-ukaldia ezkerreko begira bota zion. Marrazoa arraiari lotuta zerraien oraindik.
Ezetz? esan zun agureak ta bizkar-ezur ta bur-muñen tartean sartu zion aoa. Aisa sartu ere. Baita ezur-lokarria nola autsi zas nabaitu ere. Agureak arraunari irauli ta aga aoan sartu zion matal-ezurren tartean, arraia aska-erazteko. Buelta-arazi aga ta marrazoak askatu zunean, esan zun:
Ea ba, galano ori. Onda zak eure burua sakoneruntz milla betean. Ire adixkidea ikustera oa. Ala ire ama ez ote uan?
Agureak bere labana garbitu ta arrauna utzi zun. Gero eskota arkitu ta ontzi-zapia aizez bete ta ontzixka bere itxas-bidean jarri zun.
Ia arrai-laurdena eraman ditek ta aragi onenekoa, esan zun ozen. Ai ametsa balitz ta iñoiz ere arrapatu ez banu. Samiñ zait, arrai. Guzia ondatu diagu.
Tenk egin ta orain arraiari ez zion begiratu nai. Odolostua, zuri-zuri, ixpilluak atzeko-aldean oi dun zillar-kolorezko zegon ta oraindik litzak oartzen zitzaizkion.
Ez nian ainbeste urrundu bear itxas-ertzetik, arrai, esan zun. Ez iregatik, ez nigatik ere. Damu nauk, arrai.
Orain, zion berekiko, begira egiok labanaren lokarriari ta ikusi zak moztu ote duken. Urrengo ipiñi zak eskua bear dan eran, oraindik ez bai duk au bukatu.
Ai labana zorrozteko arri bat ekarri ba nu, esan zun agureak arraun-muturrean lokarria ikuskatu ondorean. Arri bat ekarri bear nian.
Gauza asko ekarri bear itukan, gogoratu zitzaion. Ez dituk ekarri ordea, agure. Ez ditukan gauzetan aritzeko garaia ez duk au. Dukanarekin zer egin dezakekan pentsa.
Erakutsi eder asko ematen dizkidak, esan zun ozenki. Bañan orrek aspertu nau.
Eutsi besapean kañaberari ta bi eskuak sartu zitun txalupak aurrera egiten zun bitartean.
Jainkoak zekik ze puska eraman ote dun azkenengo orrek, esan zun. Baña askoz ariñago zegok orain.
Ez zun gogoratu nai arraiak azpitik eginda zeukan jana. Bazekin marrazoaren ortzakada bakoitzak bere puska eraman zula ta arraia orain bidea aña zabaleko aztarna itxaso zear beste marrazo guziei uzten ari zala.
Negu osoan gizon bat mantentzeko ukan arraia. Ken ori burutik. Atseden orain, atseden bakarrik eta eskuak osatu geratzen dan ondarra zaitzeko. Nere eskuan odol-usaia ez duk ezer, uretan dagon aztarnaren aldean. Gañera ez zidatek odol askorik galtzen. Bildur emateko zauririk etzedukat. Odol-jario orrek txoritara bidali zezakek ezkerraren zaintiratu ori.
Zertan ariko ote nauk barruan? pentsa zun. Ezertan ere ez. Ez diat ezer ere pentsatu bear ta ondorengoen zai egon. Ai ametsa izan baukek! Baña nork zekik? Ondo irtetzea balitekek.
Urrengo zetorren marrazoa mutur-zabal bakar bat zan. Urdea aspillera bezala zetorren, gizon baten burua artzeko aoa dun urderik ba lego. Agureak eraso-aldiari ekiten utzi zion. Ordun buru-muñetan iltzatu zun arraun-labanakin. Baña marrazoak atze-aldera egin, biribilkatuz, eta aizto-aoa autsi.
Agureak berak artu zun lema. Ez zun ikusi nai izan marrazo aundiaren uretan poliki ondatzea; bere tamañeko ageri zan asieran, gero txiki, azkenez oso txiki. Orrek beti lilluratzen zun. Oraingoan ezta begiratu ere.
Orain aztamakoa zeukat, esan zun. Baña ez dik ezer balioko. Ba-dizkiat bi arraunak ta lemaren kañabera ta burumakilla.
Orain inenderatu nautek, gogora zitzaion. Zaarregia nauk makilka marrazoak iltzeko. Bañan alegiñak egingo dizkiat arraunak eta makilla ta kañabera euki artean. Uretan bustitzen jarri zitun berriz eskuak. Arratsaldea aurrera zijoan ta ark ez zun ezer ikusten itxasoa ta zerua ezik. Lenago baño aize geiago zebillen ta legorra laister azalduko zalakoan zegon.
Nekatuta ago, agure esan zun. Ler eginda.
Marrazoak ez zioten berriz eraso eguzkia sartu-aurretikarañoxe.
Arraiak egin bide zitun arrasto zabalaren atzetik erortzen ikusi zitun agureak egatxo nabarrak. Arrastoa ez zitzaion igeri-bide. Zuzen txalupara jo zuten elkarren parean igeri.
Atagatu zun kañabera, lotu oiala ta txopapean zeukan burumakillari eldu zion. Arraun autsi baten kirtena zan, oin bi ta erdiko luzean zerratua. Esku bakarrakin bear bezala erabilli zezakean, eskulekuari esker, ta sendoki eldu zion eskuia ari egokituz, marrazoak ba zetoren ta. Biak galano-motakoak ziran.
Ortzkada ederra ematen utzi bear zoat lenengoari ta muturrean edo buru-erdian jo, pentsatu zun.
Marrazo biak batean urbildu ziran ta urbillago zegonaren matalezurrak zabalik ta arraiaren zillarrezko saietsean oska ikusi zunean, jaso makilla ta aal zun indar ta kemenakin erortzen utzi zun marrazo-buru zabal gañera. Makilla erortzean buruaren goma-antzeko sendotasuna sentitu zun. Baita ezurraren gogortasuna ere ta berriz mutur-puntan eundokoa eman zion ta arraiarengandik aldendurik bee-aldera joan zan.
Beste marrazoa sar-irten ibillia zan ta orain ba-zetorren berriz ere matal-ezurrak zabal-zabalik. Agureak arraiki-zati zuriak matalezurretatik agertzen ikusi zitzakean, marrazoak arraiari eraso ta aoa itxi zunean. Makilla dardaratu ta buruan bakarrik eman zion. Marrazoak begiz jo zun agurea ta arraiki-zatiak itzuri zitzaizkion. Ordun agureak beste makilkada. Irentsi-naiean irrist egiñez aldegin zun eta makilkadak aragi sendo ta trinkoa arkitu zun.
Ia galano esan zun agureak. Ator berriz.
Marrazoa aserre biziz itzuli zan eta agureak matal-ezurrak ixten zitun garaian bertan jo zun. Gogor jo ere ta makilla alegiñean jasoaz. Oraingoan ezurra nabaitu zun kosko-ondoan ta berriz beste makilkada bertantxe, marrazoak aragi-zatia lasai-antzean ateratzen zun bitartean ta bee aldera irrist egin, arraiarengandik aldenduz.
Agurea berriz ia igotzen ote zan zai zegon, bañan ez zan marrazorik agertu. Gero inguruka, ur-gañean igeri, bat ikusi zun. Ez ordea bestearen egatxoa.
Iltzeko usterik ezin izan. Sasoi oneko baniñtz bai. Baña biak ongi mallatu dizkiat eta gaizkitxo ote dauden negok. Bisboleko makilla bi eskuekin erabilli aal izan banu, ilko nian aurrenekoa eskuerki. Orain ere larri ibilliko uan, esan zun berekiko.
Ez zun arraiarengana begiratu nai. Erdi-jana zegola ba zekin. Eguzkia marrazoekin burrukan ari zala sartua zan.
Gaua laister, esan zun. Ordun ikusi dezaket Habanako disdisa noski. Sortaldera urrutiegi banago agian, ondartza berriren bateko argiak ikusiko dizkiat.
Orain ezin nintekek urrutiegi egon, pentsa zun. Ez diat uste iñor larrituko uanik. Mutikoa bakarrik larritu ziteken, noski. Baña ziur negok ez zula uste txarrik izango. Arrantzale zaarren arteko batzu arduraz beteko zituan noski. Ta beste asko ere bai. Erri on batean bizi nauk.
Onuzkero ezin itz egin zezaioken arraiari, ondatuegia bait zegon. Orduan beste zerbait bururatu zitzaion.
Arrai-erdi, esan zun. Arrai intzan ori. Damu diat urrutiegi joana. Biok pikutara joan gaituk neri eskerrak. Baña marrazo asko garbitu dizkiagu ik eta biok ta beste asko ondatu. Zenbat il dituk eure denboran, arrai zar orrek? Nai likek ik buruan daramakan ezpata orrekin.
Arraia buruan pentsa-gai atsegiña zitzaion, baita aske igeri zebillen marrazoari egin zezaiokena ere. Ezpata moztu bear niokan marrazoen aurka burrukan egiteko, gogoratu zitzaion. Bañan ez zun aizkorarik eta gero ez aiztorik ere.
Bañan egin izan ba lu ta gero arraun-muturrari lotu ba lio zer nolako guda-tresna! Ordun alkar artuta aien aurka burrukan egin genezakean. Zer egingo duk orain gauez ba zetoztik? Zer egin dezakek?
Burrukan, esan zun. Burrukan erio-arte.
Bañan orain illunpetan ta disdisik agertzen ez-ta, argirik gabe, ta aizea ta etengabeko oial-indarra bakarrik oartzen zitula-ta, onuzkero illik ote zegon iruditu zitzaion. Bi eskuak alkartu ta esku barruan bero ikutua nabaitu zun. Ez zeuden ez illik ta iriki-itxi utsarekin bizitz miña oartu zezakean. Txoparen kontra aozgora etzan ta il-da ez zegola ezagutu zun. Bizkar ta sorbaldak ezetz salatzen zioten.
Arraia arrapatzekotan eskeñitako otoitz oiek esan bear dizkiat, gogoratu zitzaion. Baña nekatuegi negok orain esateko. Obe zakua artu ta sorbalda gañera bota.
Txopan etzanda ontzia zuzentzen jarrai zun ta zeruan disdisik agertzen ote zan begira. Arrai-erdia zeukat. Aurreko erdiarekin kaieratzeko zoria izatea ba litekek. Zori pixka bat izango nikek. Ez, esan zun. Ire zoria ondatu ukan itxas-ertzetik urrutiegiratu intzanean.
Ez adi tontolapiko arraioa izan, esan zun ozenki. Ta ez lorik artu. Txalupa zuzen zak. Zorionik izan dezakek oraindik-eta.
Atsegin litzaidake zori pixka bat erostea, nunbait salduko balidate, esan zun.
Zeren truke erosi nezakean? galdegin zion bere buruari. Ordañez arpoia ta laban autsia ta ondatutako esku biak emanez erosi al nezakean?
Ba dezakek, esan zun. Larogei ta lau egun itxasoan eginda erosten saiatu aiz. Ta ia, ia euri ere saldu zitean.
Zorakerietan ez diat ari bear, ark bere baitan. Zoria era askotara etortzen dan gauza duk eta nork ezagutu dezake? Alaere edozein eratan artuko nikek zatitxo bat bada ere, ta eskatzen dutena ordainduko nikek. Argi-disdisa gogoz ikusiko nikek, zion berekiko. Gauza geiegi nai nizkiake. Bañan ori oraintxe naiago. Ontzixka zuzentzeko egokiagotu ta oñazeak oartu-erazi zion ez zala oraindik il.
Ara uriko argien disdisa ageri begi aurrean. Amarrak aldean bertaratuko zan, bere ustez. Asieran oar zitezkean illargia atera-aurreko argia bailiran. Gero itxas zear garbi-garbi ageri ere. Itxasoa arrotuta zegon, aizea geitzen bai zijoan. Disdisaren erdira zuzendu zun ontzia ta uaitz-muturrera laister elduko zala ark uste izan.
Oraintxe kitto, zion berekiko. Berriro erasoko didate, noski. Baña zer egin dizakek illunean aien aurka bakar ta tresnik gabeko gizonak?
Zearo gogortua ta minberatuta zegon ta zauri ta gorputz-zati zigortu guziak arratseko otzakin min ematen zioten. Nere ustez ez diagu burruka berririk izango, ark bere baitan. Itxaropen ori diat, burrukara ez itzuli-bearra.
Baña gauerdian burrukan egin zun ta oraingo ontan alperrikako zala ezagutu. Marrazoak taldean azaldu ziran ta aien egatxoak itxas-gañean sortzen zituten lerroak ikusi zitzakean ta aien arrats-argia arraiari eraso ziotenean. Buruak makilkadaka astindu zizkien ta matal-ezurren karraska entzun eta dardara sentitu zun azpiko lapur-janari eltzen ziotenean. Eman zien gotik, naiz-eta nabaitu ta entzun bakarrik egiten bazitun ere, ta norbaitek buru-makilla eskutik kendu ta bazeramala sentitu zun.
Lema bere tokitik atera ta joka ta zartaka arekin ekin zion, esku bien artean artu ta bein ta berriz indarka erortzen utziaz. Bañan aiek orain ontzi-aurreraño etorri ta eraso batak bestearen urrengo ta denak batera oska, aragi-zati ederrak atereaz eta berriz itzultzean disdis, itxas-gañean erakutsiz.
Azkenik arrai-buruaren kontra etorri zan bat. Agurea egin-bearraren amaia zala konturatu. Bota dio eundoko makilkada burura. Matal-ezurrak arraiaren buru sendoari erantsita, bañan alperrik, ez bai zun zarratuko. Beste makilkada bat eta bi ta berriz ere bota zizkion. Makilla autsi zitzaiola entzun ta puskarekin eraso zion marrazoari. Sartu dala igerri ta zorrotza dan ezkero berriz bultzatzen dio. Marrazoak askatu ta biribilkaturik dijoa. Sarraskira etorritako taldean ura azkeneko. Ezer ez zitzaion jatekorik geratu.
Orain agureak ozta-ozta arnas artu zezaken ta aoan oiezbezelako gozoa. Tupiki-gozo ta goxo ta bat-batean izutu. Bañan ez zan gauza aundirik.
Itxasora lixtu egin eta esan zun:
Jan ori, galanos. Eta amets egin gizon bat il duzutela.
Orain azkenez zearo gallendu zitzaizkiola bazekin ta atzera egiterik gabe. Txopara itzuli ta lema-mutur autsia egoki-xamar ipiñi ontzia bidean zuzentzeko. Bizkar-gañean zakua jantzi ta txalupa bideari lotu. Ba zijoan orain ariñ, ezer sentitu ta pentsa gabe. Gauza guziak pasa zirala-ta aal zun egoki ta burutsuenik ontzixka kaieruntz zuzendu zun. Gauez marrazoak sarraskira jotzen dute, maieko apurrak biltzen ditugun eran. Agureari ez ajolik. Ezeren ajolik ez zitzaion. Ontzixka zuzentzea naiko. Ederki ta azkar zijoala ikustea aski zun, pixu aundirik erantsita ez zeraman ezkero.
Ontzixka egokia, esan zun berekiko. Sendo ta koskik gabekoa, lema ezik. Ordekoa aisa arkitu dezaket.
Uaitzaren erdian zegola somatu ta ondartzan bizi ziranen argiak itxas-ertzaren luzera ikusi zitzakean. Nun zegon orain ba-zekin eta utsa etxeratzeko bear zun lana.
Dana dala aizea gure adixkidea duk, bururatu zitzaion. Gero erantsi zun: noizean bein. Baita itxaso aundia ere gure adixkide ta etsaiekin. Eta oia, gogoratu zitzaion. Oia nere adixkidea duk. Oia noski, zion berekiko. Aukerako gauza izango duk oia. Atsegiña benetan, jota agonean, pentsa zun. Ez nian uste ain atsegiña zanik. Ta zerk utzi au jota, ark bere baitan.
Ezerk ez, esan zun ozenki. Urrutiegi aldendu nindukan.
Kaitxoan sartu zanean Terraza'ko argiak itzalita ta jende guzia oieratuta zegola somatu zun. Aizea gero eta zindoago ta orain gotik ari zan. Alaere kaia bare ta aitzpeko arrikoxkorrezko ondartza txikira jo zun. Lagundu zezaiokenik ezta iñor ere. Ontzixka aal zun urrutiraño bultza legorrean, bertan utzi ta aitz bati erantsi zion.
Tantaia atera zulotik eta zapia bildu ta lotu. Gero tantaia sorbaldaratu ta aldapari ekin zion. Orduntxe sumatu zun bere nekearen larria. Pixka batean gelditu ta atzera begiratu ta, kaleko argiari esker, arraiaren isats izugarria ikusi zun ontzixka-txoparen atzetik tente-tente. Bizkar-ezurraren lerro zuri-utsa ta burutzar illuna muturrakin ikusi zitun. Tartean berriz utsa.
Ekin zion ostera maldari ta goian erori ta lur-jota apur batean egon zan, sorbalda gañera tantaia zeukalarik. Jeikitzen saiatu. Baña zallegia izan ta bertan exerita gelditu zan tantaia sorbaldan ta bideari begira. Katu bat igaro zan an urruti, berearen ajolaz noski, ta agurearen begiak aren atzetik. Gero begiak bideari josita, besterik gabe.
Azkenez tantaia eratxi ta zutitu zan. Eldu berriro, ta tantaia sorbaldan ipiñi zun ta bidean gora abiatu. Bost bider exeri bear izan zun txabolara baño len.
Txabola barrean, ormen arrimuan utzi zun tantaia. Illunpetan ur-ontzia arkitu ta zurrut bat egin zun. Urrengo oieratu. Bizkar gañera burusia bota ta gero sorbalda ta iztarren gañera, ta loak artu zun aozpezturik, izparringiak azpiko, besoak kanpora luze-luze, esku-barrenak goi-aldera.
Lo zegon, goizean mutikoa atean agertu zanean. Aize arro bat zebillen, itxas zabaleko txanelak ezin irten aal izaterañokoa. Mutikoa beranduarte lo. Ondorean agurearen txabolara etorri zan goizero bezala. Agurea arnaska ikusi mutillak ta urrengo agurearen eskuak, ta negarrari ekin zion. Ixil-ixilik irten zan, kafe pixka baten billa, ta bide osoan ixildu gabe negarrez.
Arrantzale-talde bat ontzixka inguruan saiets-ondokoari begira ta norbait uretan sarturik prakak jasota, ezurkia neurtzen soka-mutur batekin.
Mutikoa ez zan jetxi itxas-bazterrera. Bertan lenago egona zan eta arrantzalean-arteko batek ontzixkaren ajola zun bere ordez.
Zer modu? dei egin zion aietako batek.
Lotan, erantzun zion mutikoak. Arazorik gabe aien aurrean negar zegien. Iñork ez dezala nastu.
Emezortzi oin muturretik isatseraño, oiu egin zun arraia neurtzen ari zan arrantzaleak.
Siñisten dizut, esan zun mutikoak.
Terraza'ra sartuta kafe-lata bat eskatu zun.
Bero, ta esne ta azukre prankorekin.
Zeozer geiago?
Ez. Gero ikusiko dut zer jan dezaken.
Ori bai ori arraia ! esan zun ostalariak. Ez duk iñoiz ere orrelakorik izan. Zuek atzo arrapatu zenituzten arrai biak ere ez ituan nolanaiko.
Utikan nere arraia, esan zun mutikoak eta berriz negarrez asi zan.
Edateko zeozer nai al duk? galdegin zion ostalariak.
Ez, esan zion mutikoak. Santiongatik ajolik ez izateko esaiezu. Berealaxe natorkizue.
Esaiok zenbat sentitzen dudan.
Eskerrik asko, esan zun mutikoak.
Mutillak kafe-bero-ontzia agurearen txabolara eraman zun ta, ura esna arte, oe ondoan exeri zan. Bein ba-zirudin esna bear zula. Baña berriro lo zorroan asi ta mutikoa bidearen barna joana zan kafia berotzeko egur-xorta baten billa. Azkenez agurea esnatu zan.
Ez jeiki, esan zion mutillak. Edan au. Kafe pixka bat bota zion edontzi batera. Agureak eldu ta edan zun.
Autsi egin ninduten, Manueltxo, autsi, zion. Benetan autsi ninduten.
Ark ez zaitu autsi. Ez arraiak.
Ez, noski. Gero izan zan.
Pedriko txalupa zaitzen dago ta arrantza-tresnak ere bai. Zer nai duzu buruarekin egitea?
Pedrikok moztu dezala sareetan erabiltzeko.
Eta ezpata?
Gorde zak nai ba duk.
Bai, gordeko dut, esan zun mutikoak. Orain beste gauzetan zer egin erabaki bear dugu.
Nere-billa ibilli al dira?
Bai noski. Kosta-zai ta egazkiñak.
Itxasoa oso zabala duk ta ontzixka pittina ta ikus-gaitza, esan zun agureak. Bere buruakin ta itxasoakin bakarrik ari bearrean, itz-laguna izatea, ze atsegiñ danez konturatu zan. Uts eman aut, esan zun. Zer arrapatu duk?
Bat lenengo egunean. Bat bigarrengoan. Eta bi irugarrengoan.
Bapo.
Orain alkarrekin egingo dugu arrantzan berriro.
Ez. Zorigabeko nauk. Onuzkero zorionik ez diat.
Ze zorion ta ze... esan zun mutikoak. Nik eramango dut zoriona nerekin.
Zer esango liketek ire etxekoak?
Ez dit ajolik. Atzo bi arrapatu nitun. Bañan emendik aurrera batean arrantzan egingo dugu. Zer-ikasi asko bai dut oraindik.
Arraiak kitto uzteko aztamakil bat lortu ta beti ontzian euki bear diagu. Ford zar baten ballestakin egin dezakek mozteko aoa. Guanabakoan zorroztu dezakegu. Zorrotza ta otz-berorik gabekoa bear dik autsi ez dedin. Nere labana autsi uan.
Beste labana iritxiko dut eta malguaren masalla zorrotz-eraziko dut. Zenbat aize zakarreko egun palta zaizkigu?
Iru edo geiago ere.
Prest izango dut guzia, esan zun mutillak. Sendatu itzazu ongi eskuak, aitona.
Ba zekiat zer egin bear dudan. Gauez lixtua zalakoan zeozer bota nian, gauza estraña, ta bularrean zerbait autsi zitzaidala oartu niñuan.
Ori ere sendatu, esan zion mutillak. Oieratu zaite, aitona, ta zure alkandora garbia ekarriko dizut. Ta jateko zeozer.
Itxasoan nengoeneko izparringin bat ekarri zak.
Laister ongitu bear duzu, ikasteko gauza asko bai dizut ta zuk erakutsi zaidakezu guzia. Asko sufritu al duzu?
Asko, esan zun agureak.
Janaria ta izparringiak ekarriko dizkizut, esan zun mutillak. Atseden ondo artu, aitona. Botikatik eskuentzat sendagaia ekarriko dizut.
Pedrikori aaztu gabe esaiok berea dula burua.
Ez naiz aaztuko. Esango diot.
Atetik irten eta koral-aitzetan landutako bidexka beera zijoala negarrez berriz. Arratsaldean ikusketari mordoxka Terrazan eta be-aldera, uretara begira zegon emakume batek, garagardo botill uts ta arrai illen artean bizkar-ezur zuri luze bat izugarrizko isatsakin ikusi zun, itxas-aldiak eraginda, gora ta bera kulunkan, kai-sarreran. Sortaldeko aizea artean olatu aundi-etengabeak indarrez jasotzen ari zan itxas-zabalean.
Zer da ori? galdegin zion emakumeak mai-serbitzariari ta zimaurka baizik ez izan ta itxas-aldiak eramateko zai zegon arrai aundiaren bizkar-ezurra erakutsi zion.
Marrazoa, esan zion mai-serbitzariak. Marrazo bat. Gertatutakoa azaldu nai zion.
Ez nekin marrazoak isats ain eder, egoki, dotore, ain ederki moldatua zutenik.
Ezta nik ere, esan zun berekin zegon gizon batek.
An goian, bide ondoan, bere txabolan lo zegon agurea. Lo zegon oraindik aozpez eta ondoan mutikoa ari begira. Agureak leoiak zitun amets-gai.
|
© Ernest Hemingway
© itzulpenarena: Anjel Goenaga