Enrike Letona Biteri

 

Jarrera

 

Sakabanaketak atzera eta aurrera eraman ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboko partaideak. Ez da erraza izaten lagunen babesa utzi eta beste esparru batzuk konkistatzen irtetea. Eta konkistatu aditza erabiltzea otu zait Galindo jeneralak erabili zuelako bere epaiketan. Bera bere sei gizonekin Hegoamerika osoa konkistatzeko gai izango omen zen. Zer konkista dezake bere ekintzak onartzeko gai ez den pertsona batek? Lelokeriak lelokeria nire konkistak ez dakar inor menperatzea, norberaren kanpo zein barne esparrua bilatzea baizik. Izan ere, alor ezezagunetara eramaten zaituzte eta onartu ezinezko jarrera bat inposatzen saiatzen dira. Horri guztiari aurre egitea ez da erraza izaten. Alde batetik, etsaiaren indar fisikoa dago jipoien eta zigorren laguntzarekin eta bestetik, norberaren burua ondo ezagutu behar da bide horretan noraino joan daitekeen ondo neurtzeko. Eta ondo neurtu behar dela diot, jarrera batetik eratortzen diren gaixotasun psikikoak gaixotasun fisikoak baino askoz gogorragoak baitira sendatzeko. Sarritan itzulezinezkoak bilaka daitezke, beraz, inolako zalantzarik gabe, ondo kontrolatu behar dira.

        Hasierak izaten dira beti gogorrenak. Kartzelariak ez zaitu ezagutzen eta komunikabideetatik jasotako informazioa besterik ez du ikusten bere aurrean: basati arriskutsu bat, edozein hutsegitetan jauzi egingo dion animalia gosetia. Beraz, zirkoan bezala, lehen egunetik erakutsi behar zaio animalia basatiari nork agintzen duen kaiola barruan.

        Zure ziegako atea zabalduko dizudan bakoitzean zutik jarri behar duzu ziegaren hondoan eta esku ahurrak erakutsi behar dizkidazu hauek dira gutxi gorabehera leku gehienetan entzuten diren lehen hitzak.

        Zer egin honen aurrean? Bakarrik egongo banintz, ziur asko nire burua makurtu beharko nuke baina ez nago bakarrik. Kolektibo bat osatzen genuen eta dugu, eta laguna ikusten ez dudan arren, badakit hor nonbait dagoela pareta batzuk urrunago, eta badakit nire jarrera bera izango duela, indarrik baldin badu gutxienez. Beraz, nire burua aztertu ondoren erabakitzen dut nahikoa indar daukadala eta egoerari aurre egin behar diodala.

        Hurrengo goizean zaindaria etorri denean ohean nago. Atea zabaltzeko bere giltza lodiarekin burdinazko atea jotzen hasten da indartsu, altxatzeko esaten didan bitartean. Ez diot kasurik egiten, nahiz eta bista kentzen ez diodan, zer egingo duen zain.

        Altxatuta eta ohea eginda izan behar duzu hasi da esaten.

        Ez dut inora joan behar, beraz, ohean jarraituko dut entzun duenean, lagunekin etorriko dela esanez mehatxatu nau eta danbateko handi batez itxi du atea.

        Norberak ere jauzi txiki bat egiten du horrelako hots baten aurrean, nahiz eta prest egon horrelako gauza baterako, beti egiten baitute gauza bera. Mehatxua ere hor dago eta badakizu etorriko direla. Ikusi egin zenbat datozen eta zein jarrerarekin.

        Hor datoz, oinetakoak sumatzen dira eta gutxienez hiru edo lau dira. Atea zabaldu da eta ziegara sartu dira hiru. Laugarrena atean gelditu da. Deus esan gabe mantak eta izarak kendu eta ohetik atera naute jarrera txarrean. Biluzik egiten dut lo eta badirudi nire biluztasunak ezeroso jartzen dituela. Beste batzuetan oihu handiak egiten dituzte beldurtzeko.

        Zuretzat ez al zen errazago izango altxatzea esan dizudanean? esan dit ordu erdi lehenago bakarrik etorri denak.

        Ez nabil erraztasunaren bila, duintasunaren bila baizik. Erraztasuna bilatu izan banu, zuk zer uste duzu, espetxean egongo nintzatekeela? Ez, jauna, askatasuna bilatzeak ekarri ninduen espetxera eta hemen ez dut nahi galdu duintasuna. Garbi dakusat zuretzat ez dela erraza izango kontzeptu hauek ulertzea, baina zer nahi duzu, bakoitzak bereari eutsi behar dio.

        Batzuetan amore eman behar izan dugu garai hobeen zain. Burua makurtu behar izan dugu behin baino gehiagotan, baina beti indarra eginez buru hori tente mantentzeko. Gauza txiki hauengatik zigor handiak ordaindu ditugu: jipoiak, tentsioak, gose grebak eta orduak eta orduak ziegako bakardadean.

        Edozein modutan, ziegatik ateratzea ez zen izaten erraza lekua askotan. Lehen graduan geunden eta mailakatze horretan legearen arabera arakatu egin behar zaituzte ziegatik ateratzerakoan. Sistema asko daude, baina sakabanaketen hasieran biluztu gintezen nahi zuten. Guk uko egiten genuen, esanez arakatu nahi bagintuzten ekartzeko erraketa bat eta kito. Leku askotan asteak eta hilabeteak pasatu dituzte lagunek ziegatik atera gabe, biluztea onartezina zela uste zutelako. Eta inork ez dezala pentsa uko honen atzean lotsa ezkutatzen denik. Inola ere ez! Jarrera horrekin presoa umiliatzea bilatzen da, adierazten zaio men egin behar duela eta hori, jakina, onartezina da. Gauza horiek irabazi egin dira apurka-apurka nahiz eta leku batzuetan tarteka berpizten saiatzen diren, probatu nahiko balute bezala zerbait aldatu ote den kolektiboan pertsonak aldatzen direnean. Eta behin eta berriz tronpatzen dira!

        Orain dela urte batzuk itsasontziko ziega batean zihoazen kolektiboko bi lagun. Salto del Negro espetxe ospetsura zeramatzaten eta egunkarietan hainbat aldiz azaldutako izen madarikatu horrek nolabaiteko kezka sortzen zien. Itsasontziaren balantzak ere zerikusia izango zuen eta are gehiago hain hondoan joateak, baina horrez gain, espetxe berria zen beraientzat eta ezezagunari beti diogu nolabaiteko begirunea. Beraz, errespetua, beldur pixka bat izatea, komunikabideen eragina eta ezezaguntasuna koktel gordina izan daitezke.

        Ikusiko dugu nola doazen gauzak. Sarreran konturatuko gara zein jarrera daukaten. Jipoi bat jaso behar baldin badugu hasiera-hasieratik jasoko dugu, baina garbi geratuko zaie ez gaudela amore emateko prest esan zion Xabierrek Mikeli.

        Gu beti bezala aurrera erantzun zion Mikelek, baina besterik gabe horretan gelditu zen guztia.

        Espetxeko sarreran hainbat kartzelari zeuden bekozko ilunaz eta hatz-aztarnak hartu ondoren hainbat galdera egiten hasi ziren. Hauen guztien erantzunak zurekin doan dossierrean doaz, beraz, ez du izaten zentzu handirik galdeketa horrek. Beste gauza asko bezala, hasiera-hasieratik nagusiak eta menpekoak bereizteko formula bat besterik ez da. Gauzak garbi geratu behar dira, bestela errespetua gal daiteke. Beraz kartzelariak galdetu eta presoak zintzo-zintzo erantzun.

        Baina egun txarrak ere badira eta bero harekin egun bi itsasontzi baten hondoan pasatu ondoren gure lagunak ez zeuden ziur asko lelokeriatan ibiltzeko moduan. Beraz, kartzelariak galdetu zionean Mikeli:

        Zure lanbidea zein da?

        Toreroa naiz erantzun zion honek irribarretsu.

        Ikustekoa zen nola jarri ziren. Pena ez izatea argazki kamara bat. Han zeuden gure lagunak hainbat egunetan garbitzeko ere aukerarik gabe, praka motzetan eta alkandora koloretsuekin. Biek kapela buruan eta gose greba baten ondorioz mehar-meharrak, hezurra besterik ez.

        Bat-batean mundu guztia oihuka hasi zen. Zaindariek zioten zer zen errespetu falta hori. Besteak erantzun zion ea zer axola zitzaien zein zen bere lanbidea. Eta horrela jarraitu zuten iskanbila zaratatsuan. Ez zen izan prestatua zegoen zerbait, horrela atera zen eta kito.

        Zerbitzu burua etorri eta apurka-apurka lortu zuten giroa pixka bat baretzea. Baina galdeketa bertan behera utzi izan balute non geldituko zen aginte katea? Beraz, Xabierri galdera bera egin zioten:

        Eta zure lanbidea zein da?

        Eta Xabierrek serio-serio erantzun zion:

        Ni horren banderilleroa naiz.

        Ikustekoa omen zen nola aztoratu ziren berriz ere errespetua jartzeko zeuden gizontxo haiek.

 

 

 

Aurki ezazu

 

Behin batean izadian ikasi nuen

erotismoari buruzko lehen ikasgaia.

Udazkenak emeki-emeki, orriz orri

zuhaitzak biluztu zituenean

ardaxka haietako dardara nabaria

sentitu nahi nuen maiteñoaren haragian

banan-banan, poliki-poliki, gero eta azal gehiago

airearekin kontaktuan gelditzerakoan.

Eta bere dardara

nire urduritasunarekin bat eginez

txinpartak sortzeko

indarra izan zezan nahi genuen

atseginzaletasuna elikatuz gain

aseezina bilaka zedin.

 

 

Badago zer sendatu

 

Ez nuela gorrotatzen esan nien,

eta ez zidaten sinetsi.

Ezjakintasunetik alde egiten saiatzen nintzela

eta arraro begiratu zidaten.

Banatu gabe ez nuela ulertzen poztasuna

eta ulertezintasuna marraztu zitzaien ezpainetan.

Orduan azaldu behar izan nien

gorrotoa, ezjakintasuna eta bekaizkeria

zoriontasunaren etsaiak zirela,

eta ni, ororen gainetik, zoriontsua nintzela

eta zoriontsu izaten jarraitu nahi nuela.

Orduan psikiatrarengana eraman ninduten

espetxe-urteen eragina aztertzeko,

eta psikiatrari esan nion bere lanean ona bazen,

neoliberalismoa sendatzeko.

 

 

Bakardadea eta biok

 

Sartu berri,

bakardadea aurkitu nuen espetxean

eta izutu egin ninduen.

Txiki erraldoia, oso berea eta

zuriz jantzita zegoen.

Zaratatsua ni,

hain isila bera,

aldatuz joan ginen biok.

Berak dizkit orain istorioak kontatzen

adi entzuten diodalarik nik.

Belauniko begiratzen nion lehen

lepotik helduta goaz orain.

Eta behin baino gehiagotan,

elkarrekin dantzatu dugu

gau ilargitsuetan.

 

Enrike Letona Biteri

1961

Arrasate

 

1987an Frantziako jendarmeek atxilotu eta Espainiako guardia zibilaren esku laga zuten. Preso dago ordudanik.

 

Prisión provincial de Murcia

Apdo. 796

Ctra. Palmar a Mazarrón, km. 4

30.071 Murcia

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



susa-literatura.com