Peru Alvarez Fdez de Mendia
Kutxa magikoa
Bazen behin 1257 urtean Arabako lautadako basoetan barrenan ezkutaturik zegoen herri txikitxo bat. Nahiz eta bere sorrera denboraren itzaletan galtzen zen, urte horretan Zurbaro izenarekin agertzen zen «Donnemiliagako Rejaren Agirian». Burdinaren zerga agiri hau urtean behin herritarrek Donemiliagako monasterio boteretsuari 2 reja (10 biztanleko bana) eman behar ziotela suposatzen zuen, arima zein gorputzen zaintza ziurtatua eduki ahal izateko. Zurbao herri txikia zen, basoaren erdian zegoen Gasteiza zihoan bide zidorretik pixka bat urrunduta. Iparrean Gorbeia eta Albertia mendiak ikus zitezkeen eta urrutian Anboto, Udala eta Arlaban. Ekialdenan Elgea eta Adrian Deunaren mendizerrak; azken honetan Aitzgorri, Aratz eta Alzarriako tontor harritsuak. Hegoaldera so eginez Urbasa eta Entziako mendiak, Opakua, Oihana, Zaldiaran ... Sartaldean Arrateko gailurrean lokartuak zeuden Badaiako mendi zabalek ingurua ixten zuten. Herriko etxolak oso xumeak ziren, solairu bakar bateko zumar edo haritz zurezko egiturakoak. Zura sendotzeko lokatzez eta lastoz eginiko pezo moduko batez estaltzen zituzten zirrikituak eta teilatuak lastoz zein branka luzez eraikita zeuzkaten. Herrixkaren antolamendu edo egitura berezia zen, etxe batetik besterako tartea nabaria izan arren enbor sendoz altxaturiko hesi moduko defentsa sortua baitzeukaten.
1127 urtean Tamarako hitzarmenaren ondorioz Araba Iruñeko Erreinuari lotu zitzaion eta hainbat urte ondoren, 1181ean, Antso VI. Jakitunak Gasteizko hiriaren Forua sinatu zuen. Bertan hiriaren eta lautadaren bizitza arautzen zen, honi esker herritarrek egurra nonahi har zezaketen, bazkalekuak askeak ziren ere, labe edo errotarik zeukaten herritarrek ez zioten erregeari zergarik ordaindu behar, Elizak hamarrenen laurdena besterik ez zuen hartuko, bidesari eskubidea 4 edo 6 ogerlekoetan arautzen zuen ... Iruñeko Erreinuak Arabari ematen zion babes honek gutxi iraungo zuen 1198 urtean Alfontso VIII. Gaztelakoak, «Usurpatzailea» ezizenez ezaguna zena herritarren artean, eta Pedro II. Aragoikoak Nafarroa bi frontetik erasotzea erabaki baitzuten. Calixto III. eta Julio II. Aita Santuen laguntza ezinbestekoa suertatu zitzaien errege biei Arabako inbasioa gauzatzeko aurrez hitzarturiko itun ugari bertan behera utzi zituzten eta («Celestino III. Aita Sainduaren Bulda», Ingalaterrako Enrique II.arekin sinaturiko laudo-arbitrala...) Hitzarmen hauek guztiak bortxatu ondoren Gaztelako militar taldeek inbasioari ekin zioten Oka, Obaran eta Kantabriako mendietatik barrena aurkitu zituzten nafar-arabar gotorlekuak txiki-txiki eginez. Lautadari segurtasuna emateko Antso VI. Jakitunak Gasteizko hiria (Nueva Victoria izendatu zuena forua eman ostean) defendatzeko prestatu zuen: bi gaztelu-gotor, hiru kale nagusi eta beste hiru portale, Done Maria, Marko Deuna eta Done Ana, ondo antolatu zituen. Done Maria, Done Bikendi (aitzinean gaztelua zena) eta Mikel Deuna elizetako kanpandorretatik ikuspegi ezin hobea zeukaten errege nafarraren soldaduek. Done Maria hiruren artean ezagunena eta handitzetsuena zen. Harresian integraturik zegoen eliz gotiko hau gezi-leihoz beterik zegoen eta erronda pasabide zeukan hiriaren defentsa errazagoa bihurtzen zen.
Baina hau guztia ez zen inolako oztopo suertatu Gaztelako jazarleentzako Grarian, Portila, Treviño, Arluzea, Belaoga... be nafar gazteluak birrindu zituzten eta 1199ko uztailaren 5ean Gasteizko setioari ekin zioten kanoi-bateria, katapulta, ariete eta gerrarako beste hainbat arteetaz baliatuz. Gaztela zein Aragoiko mandatarien asmoa nabaria zen, Nafarroako Erreinuko mendebaldeko hiririk garrantzitsuena, Gasteiz, menperatuta bidea garbi izango zuten Gipuzkoa eta Bizkaia inbaditzeko. Alde batetik arrazoi politikoak zeuden, Nafarroako boterea gutxitzea bere inbasio osoa prestatzen joan ahal izateko, eta bestetik funtsezko arrazoi ekonomikoak. Bizkaia eta Gipuzkoa herrialdeak itsasorako ateak ziren, hari komertzialak bere esku egongo ziren, marinel trebeak beraien esanetara eta ontziak eta armak egiteko harri, burdin eta zura landuko zituzten artisauak bere menpe izango zituzten. Honetaz gain itsasoaren hamareuak Gaztelako erreinuaren diru-kutxak gizenduko zituzten eta ontzidiak itsas potentziaren izaera emango zion.
Gaztelak bere armada osoa Gasteizko setioan bederatzi hilabetez kokatu zuen. Hiritarrek gabeziak, gaitzak eta goseti luzea pairatu ostean Antso VII. Indartsuaren baimena lortu zuten kapitulazioa sinatzeko. 1200 urtean, beraz, Arabak bere independentzia galdu zuen Gaztelako okupazioa jasan eta gero. Honen ondorioz herria izugarrizko jazarpen ekonomikoa pairatzen hasi zen. Ugariak ziren herritar xumeek ordaindu beharreko zergak: opilarinzada, on bazendu avaria, azaquerrico, ozterate, qiriseilu zor, ilunbe zor, gaua aari... Oso izen ezberdinak hartzen zituzten baina guztien helburua bakarra zen beti ere: erreinu okupatzailearen kutxak loditzea. Zurbaotarrek ezin zioten zergei eutsi eta hainbat trikimailu asmatu zituzten ordain behar hauei muzin egiteko. Burdinola apalak zeuzkaten inguruko mendietatik barreiaturik, batzuk begi-bistan baina beste asko sasitzaz ezkutatzen zituzten Gaztelako erregearen aginduetara zeuden soldaduak ikus ez zitzaten.
Zurbaoko biztanleen artean oso neska berezia aurkitzen zen bere familiarekin batera. Nahiko etxe zabalean bizi ziren eta ohiko zereginetan ematen zuten eguna. Aita eta seme zaharrenak abeltzain eta ehiztariak ziren. Behi bi eta hiruzpalau ardi zaintzen zituzten familiaren mantenurako. Herrian zehar barreiaturik baratzeak zeuzkaten, non beraien biziraupenerako barazkiak landatzen zituzten: kipulak, porruak, uhazak, berroak, azenarioak, azak... Hauen zaintza emakumeen esku gelditzen zen. Abereak ere bazituzten, ez oso kopuru zabalean baina bizitzeko adina bai behintzat. Familiako gizonezkoak egunero basoan erregearen eremuen barrena isil-gordetan sartzen ziren haragi freskoa jateko eduki ahal izateko. Ugariak ziren han aurki zitzaketen basapiztiak: basurdeak, oreinak, otsoak, hartzak... Ehiztari benetan trebeak ziren zurbaotarrak. Batzuetan animalien gordelekuetaraino hurreratzen ziren eta trebezia askorekin landutako tranpak jartzen zituzten, gehienetan kalamu sokekin eginak ziren hauek. Tranpa txikiak ziren: erbiak, satorrak... eta horrelakoak harrapatzeko. Indar gehiago zeukaten animaliak bereganatzeko teknika ezberdina erabiltzen zuten: ehizakia begiztatzean ehiztarien artean beti eurekin lepotik zintzilik zeramaten adarraren bidez komunikatzen ziren. Adarrez gain miruaren antzekoa zen txistua egiten zuten. Lagunak edo kideak leku ezezagun edo bakartietara deitu nahi zituztenean hontzak balira abesten zuten, otsoaren ulua egitean ere helburu berbera bilatzen zuten. Isilpean hainbat pertsonen artean animalia inguratzen zuten zuhaitz eta sasitza artean ezkutaturik. Gutxika-gutxika piztia inguratzen zihoazen eta irteera bakarra uzten zioten; baina ihes egiteko aproposa zirudien atea basapiztiaren ehiza ziurtatuko zuen sarrera besterik ez zen. Inguraturik zegoen animali beldurtuak aurrera jotzen zuen hil ala biziko ihesaldi batean baina bere zoritxarrerako, eta ehiztarien gozamenerako, hosto ezberdinez estalitako zulo batean erortzen zen. Animaliak bere burua harrapaturik ikusten zuenean barruan zeraman basakeria guztia azalarazten zuen. Halere gutxi egin zezakeen ehiztariek botatzen zizkioten azken zorrotzen aurrean. Egunean eguneko ehiza herrixka osatzen zuten familien artean banatzen zuten eta horrela jakia ziurtatua zeukaten.
Gure neskak egunero lizar eta burdinez eginiko hondeaitzurra eta laia bizkarrera botatzen zituen eta baratzera abiatzen zen alai eta kantari, txistuka, kanta-marmarrean. Ez ohiko neskatxa zen azenario kolore distiratsuko ile kixkurra baitzeukan, herri osoan ez zegoen bera bezain neska lerdenik. Isila zen baina barreneko poztasuna azalarazten zuen eta gora eta behera zebilen paseoan beti etxeko txakur eta katuekin lagunduta. Bere bihotz eta buruarekin maiz hitz egiten zuen. Baratzean aritu ondoren egiten zituen mendian eta basoan barreneko ibilaldi ugarietan istorio ederrak asmatzen zituen. Izatez jakingura handiko neskatoa zen eta herriaren inguruan gertatzen zenaz informazio zehatza zeukan.
Egun eguzkitsu bateko arratsaldean ile kixkurra basoan zehar loren bila abiatu zen. Gustuko zuen basoko lasaitasunean murgiltzea eta bazterrak ondo ezagutzen zituenez ez zen galtzeko beldur. Otxategitik Arbineasera abiatu zen. Txapelazurin zegoen Gaztua erreka igaro ondoren Errekarte, Lakondoa, Aizpeluzubia, Bastiberdea eta Basabarrenguako eremuetatik pasa eta Bekobarriatik gertu zegoen harizti itxi batean eman zuen denbora. Hemendik zihoala beti laguntzen zuten katuek ez ohiko mugimenduak egiten eta marraka hasi zirela konturatu zen. Gaztaroak ematen zizkion azkartasun eta bizkortasunari esker berehala igo zen zuhaitz batera. Handik ingurunean gertatzen ziren mugimendu guztiak begiztatzen zituen. Begiak zarata zetorren aldera zorrotz-zorrotz abiatu eta ezezagun bat ikustea lortu zuen. Pertsona gaztea zen, bere adinekoa gutxi gora bera, belaunetara heltzen zitzaizkion galtza beltz eta motzak jantzita zituena. Oinetan uhal batzuen bitartez loturak oin zolak besterik estaltzen ez zituen eta goialdea agerian uzten zieten abarkak zeramatzan, iledun lamiazkoak, hau da, ontze edo zumatze gabeak. Zaia soin gainean zuen, ukondoraino heltzen zitzaion artile ilunezko gainjantzia, txano moduan. Baldarki jantzita zihoan eta bere bizar gorri ugaria zein ile luzexkek basati itxura ematen zioten. Baina bere jokamoldeak ez zuen inolako basakeriarik adierazten, basoan zehar lasai asko zebilen lurrean behin eta berriro finkatuz bere begi-bista. Neskatoak jakin-minez behatu zuen, ez zuen denbora askorik eman mutil ezezagunak bilatzen zuena loreak, landareak, sustraiak edo belarrak zirela konturatzen. Bizargorria pauso txikiak emanez mugitzen zen, alde batera eta bestera so eginez eta zerbait aurkitzean ahunintz-larruz eginiko zaku batean kontu handiarekin sartzen zuen. Horretan ari zela neskatoaren txakur eta katuek berarengana hurreratu ziren. Gutxika-gutxika inguratzen joan ziren. Azkenean mutilak lasaitasun osoz eurekin jolasean hasi zen animaliekin egotera ohitura daukanaren abilezia adieraziz. Denbora igaro ahala neskak lehen unean edukitako zuhurtasuna gutxitzen joan zen eta pertsonaia hori ezagutzeko asmoz zuhaitzaren ezkutalekua utzi zuen.
Kaixo! esan zion neskak zuhaitzetik isilka jaitsi ondoren. Zertan ari zara? Mutilak senezko jauzia eman zuen atzeruntz.
Kai, kai... kaixo, nor zara? Nondik agertu zara? galdetu zion mutilak erabat harrituta eta ikara puntu batekin.
Oh, lasai, hemendik gertu dagoen Zurbao herrikoa naiz, askotan basotik paseoan ibiltzen naiz eta gaur zu ikustean ezkutatu eta egiten ari zinena zelatan aritu naiz. Zer nolako belarrak ari zinen hartzen?
Mutilak sendabelarrak biltzen zegoela azaldu zion, bakarrik bizi zenez ukendu ezberdinak egiten zituela balizko gaixoaldiak baretzeko asmoarekin. Belarrez beteriko poltsa erakutsi zion eta bakoitza zertarako erabiltzen zuen banaka azaltzen hasi zitzaion: gosea pizteko txikorri belarra, urduritasuna baretzeko elorria, hanturak jaisteko nasailora, eztula baretzeko biri-belarra, azala deshidratatzeko alkerkaratsa... Azalpen hauek guztiak ematen zituen bitartean neskatoak buru belarri ikertzen zuen, beraien hizkerak antzekoak ziren baina bizargorriarenak ez zuen latinaren hainbeste kutsadurarik. Batzuetan neskak ulertzen ez zituen hitzak eta esaera zaharrak aipatzen zituen. Berehala gogoratu zuen neskak bere amamak askotan irakurtzen zion liburu baten pasartea eta bat-batean horrela bota zion:
«Ipsi sunt feroces et terra in qua commarantur ferox et silvesters et barbara habetur; ferocitas vultuum similitudinisque lingue barbare eorum, corda videncium illos expavescit...» buruz gogoratzen zituen hitz hauek.
«Hec terra lingua barbara habetur», har, har, har. Ikus daitekeenez zuk ere badaukazu Parthenay-le-vieuxeko Aymeric Picauden «Code Compos-tellanus»en berri. Bai neska, ondo asmatu duzunez ni ez naiz lautadakoa, nire hizkuntza kostaldekoa da, hangoa naiz ni. Hala ere idazle kanpotar horrek guri buruz idatzitakoak [1] ez dauka ez buru ez hankarik. Gainera, horren moduko idazkiak gure herrien inbasioari bide eman dizkiotenak izan dira, gezurretan oinarrituz kanpotar soldaduek gure herriak inbaditu eta urruti ihes egitera behartu gaituzte.
Bere ahotsa gero eta baxuagoa zen eta distira bereziak jabetzen zituen bere begiak. Neskatoak sumindura eta atsekabea sumatu zituen bizargorriaren begiradan. Isilune luzexka baten ondoren kostaldekoa zela azaltzen hasi zitzaion, marinel lanetan ibilia zen eta orain urte batzuk itsasotik itzultzean bere herrira sutan, erabat suntsitua, aurkitu zuela. Gaztelako soldaduek inbaditua zuten eta bere etxea zenaren hondakinak besterik ez zituela ikusi bokaletik sartu bezain laster. Gaua arte itxaron zuen itsasoan beste hainbat itsas lagunekin eta isilpean itzuli ziren herrira. Ez zuen bere familiaren eta lagunen arrastorik aurkitu erabat birrindutako etxeen artean eta ihes egitea lortu zutenaren itxaropenarekin euren bilaketari ekin zion. Zurbaoko baso horretan zehar hainbat ilargi zeramala aipatu zion eta bere etxola ikustera gonbidatu zuen neskatoa. Honek baiezkoa eman eta hara abiatu ziren biak txakur eta hartzez inguraturik.
Basoaren leku itxi batera heldu ostean mutilak sasi eta zuhaitzen artean ezkutaturik zeukan kalamu soka bat agerrarazi zuen eta hortik igotzen hasi zen neska segika zuela. Zuhaitzen artean eginiko zurezko etxola batera ailegatu ziren, txikia baina benetan erosoa iruditu zitzaion neskari. Belar ezberdinez beterik zegoen, liburu zahar batzuk eta lastoz eginiko ohe bat. Bizargorriak gauza gutxi zeuzkala azaldu zion, leku batetik bestera ibiltzera ohituta baitzegoen. Sagardo goxoa eta ezkur ehotuaz eginiko opil moduko bat dastatzera eman zion. Bere amamak noizean behin egiten zuenaren antza hartu zion, antzinako errezeta izango zela suposatu zuen Zurbaon aspaldi ezkurrekin baino garia txikituz harrizko labe batean egiten zuten ogia eta. Denbora itzela eman zuten kontu kontari, neskaren irribarreak aspaldi galduta zeukan poztasuna ekarri zion mutilari; azal zuri leuna zeukan eta liluratzen zuen ahots suabe eta melenga. Ilargi bat beste baten ostean bere aldamenean igaro nahi zituela konturatu zen bizargorria Neska azkarra eta bizia zela iruditzen zitzaion, beti ikasteko prest zegoena, eta honetaz gain soin eder eta liraina zeukan. Aspaldi ez zuen horrelako sentsazio goxo eta ziragarririk nabaritzen eta solasaldi emankor hura inoiz ez bukatzeko irrikatan zegoen. Baina denborak aurrera jotzen zuen eta eguzkia mendien artean ezkutatzera zihoanean neskatoak Zurbaora itzuli behar zuela esan zion. Jauzi trebe batez altxa eta mutila konturatu gabe ezpainetan muxu bat eman eta korrika desagertu zen etxolatik. Mutilak apenas ez zuen agurtzeko denborarik izan hain ezusteko ederra hartu baitzuen muxuaz jabetzerakoan.
Garai horretan ohikoa zen familien biziraupenerako bide ezberdinak jorratzea eta haien artean hiriko merkatuan euren lanen emaitzak saltzea zegoen. Eguneko beharrei eusteaz gain zurbaotarrek ehiza eta jaki ezberdinak astero-astero Gasteiza eramaten zituzten bertako azoka ezagunean saldu ahal izateko. Preziatuak ziren oso herritarren produktuak eta berauen salmentarekin lorturiko sosa apurrekin ozta-ozta bizitzen jarraitzeko adina zeukaten, benetan ugariak eta itogarriak baitziren Gaztelako erreinuak ezarritako zerga bidegabeak. Ostegunero neskatoa ordu txikitan esnatu eta Zurbaoko herritar guztien esku zegoen gurdia prestatzen hasten zen. Lehenik eta behin aurreko eguneko arratsaldean pilaturiko produktu guztiak pisutsuenetatik hasita zamatzen hasten zen, gero gurdiari estalkia gogor lotzen zion eta idien bila joaten zen. Idi bikotea sendo eta gaztea zen, ez ziren bada biak batere bizkorrak eta horrek uztartzea errazten zuen. Goiza nabarmentzen hasten zenean bukatzen zituen lan hauek guztiak, hori zen bere zereginetako bat familiaren barnean. Kasik gosaldu ostean zen Gasteiza aldera, azokara garaiz iristeak salmenta leku egoki bat eskuratzea zekarren, beharrezko ordainketa guztiak burutu eta gero (bidesaria, portale zerga, azoka zerga...) Erromatarren garaietatik hirira zihoan galtzadaraino heltzeko bidezidor zulotua erabili behar zuen eta honek ez zuen bidaia batere eroso egiten; hainbat ordu eman behar zituen gurdiaren gainean. Ostegun batean lagun gisa zeramatzan txakur eta katuak saltoka eta jira-biraka hasi ziren bat-batean, oso egoera barregarria iruditu zitzaion neskari. Hala eta guztiz ere begirada zorrotz bat bota zuen inguruari animalien artean horrelako erreakzioa zerk sortarazi zezakeen ziurtatzeko. Bera zegoen lekutik gertu eta lainoaren artean berarengana zuzen zuzenean zihoan irudi bat ikusi zuen. Mugimendu azkar batekin gerrikoan txikitatik zeraman labana eskuratu zuen eta hainbeste lan ordu, neke eta izerdiz lortutako familiaren «altxor» txikia defendatzeko prestatu zen. Behin baino gehiagotan egina zion aurre bidelapurrei eta kantsagarri suertatzen ziren hainbat eskaleei: borrokatzeko prest zegoen. Laino artean irudia gero eta handiagoa bihurtzen ari zen eta oso distantzia motzera zegoenean eta neskak labana eskuan zuela ezezagunaren gainean jauzi egiteko prest zegoenean basoan egun batzuk lehenago topatu zuen mutil bizar gorria zela konturatu egin zen. Bihotzez poztu zen eta tentu osoz labana bere gordelekura itzuli zuen. Mutilak ezustekoagatik barkamena eskatu zion eta ea Gasteizeraino gurdian bidaide gisa onartuko al zuen galdetu. Egun horretatik aurrera ostegunero elkarrekin joaten ziren azokara. Herritik urruti samar zegoen bidexkaren bihurgune batean itxoiten zuen mutilak gurdia eta hirirainoko bidea kontu-kontari betetzen zuten. Bizargorriak itsaso, mendi zein bailarekin harremana zeukaten pertsonaia magikoen inguruko elezahar ugari ezagutzen zituen eta ahoa bete hortz zuen neskatoa galtzagorri, Mari, azti eta abarrekoen kondairak azaltzen zizkionean.
Neskato ile kixkurra ere ez zen gibelera gelditzen eta bere amamari entzundako basoko biztanleen kondairak bere ahots leun eta goxoarekin azaltzen zizkion. Noizean behin bietako batek zerbait barregarria botatzen zuen eta algara bizian igarotzen zuten bidea. Alaitasun hau txakur zein katuei ere kutsatzen zieten sekulako itzulipurdiak eta jauziak egiten baitzituzten isatsa eta belarriak bizkor mugitzen zituzten bitartean.
Bidaia motel egiten zuten baina halere solasaldi berritsuan aritzen zirenez denbora oso azkar pasatzen zitzaien.
Bekoibanatik eta Saburuako basotik igarotzen zen galtzada, eta ohikoa zen bide erdian oreinak, erbiak eta basurdeak topatzea. Azken hauekin bat egiteak idiak oso aztoratzen zituen eta beldurrak jota batek alde batera ihes egiten saiatzen zenean besteak beste aldera jotzen zuen indar osoz, horrek guztiak suposatzen zuen gurdia kontrolatzeko zailtasunarekin. Neskatoari behin baino gehiagotan gertatua zitzaion eta ez zen batere egoera gozagarria izan. Errekabarri ibaiak Salburua zeharkatzen zuen Zadorrara bere urak isurtzeko; berau igarotzeko Hearia deituriko harrizko zubi sendoa zegoen. «Infernupeko zubia» deitzen zioten ere eta bere inguruan antzin-antzinean gertaturiko kondaira aiton-amonek euren seme-alaba eta bilobei ahoz-aho azaltzen zietela aipatu zion neskak bizargorriri. Zirudienez Gasteiz etxola xumeen bilgune hutsa zenean bertakoek Salburua oihanera joaten omen ziren ehizean. Behin 12 adarreko orein sendo eta eder bat atzeman ostean bere atzetik arku, gezi eta lantzekin korrika atera ziren. Ibaiaren ertz batean zokoratzea lortu zuten baina bere bizitza arriskuan ikusirik jauzi miresgarria eman eta beste ertzeko pago eta sasien artean ihes egin zuen. Behin eta berriro jazotzen zen gertakari hau eta herritarrei, izugarrizko orein hau burutik ezin aldendurik, deabruarengana jotzea otu zitzaien. Deabruak ibaia zeharkatu ahal izateko harrizko zubi bat gau batean eraikiko ziela agindu zien. Egitandi honen truke herriko neska gazteen arimak eskuratuko zituen. Hain itsuturik zeuden oreinaren ehizarekin aho batez baiezkoa eman ziotela. Gauerdian jo ta su hasi zen deabrua bere lanari ekiten, harriak alde batetik bestera garraiatuz eta bata bestearen gainean jarriz. Lan nekagarria zuen baina saria ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Deabruak gutxika-gutxika eraman zuen aurrera betebeharra, egindako denbora kalkuluak zehaztasunez betez. Azken harria jartzera zihoanean irribarre maltzurra antzeman zitzaion, baina irriño hau inoiz paraje horietatik entzundako oihu lazgarrienean eraldatu zitzaion egunaren lehen argi izpiak mendien artean agertzen ari zirela konturatu zenean. Zubia egina baina azkeneko harri hau jarri gabe alde egin behar izan zuen deabruak egunaren argitasunak kontsumitu ez zezan.
Horregatik Salburuako basoan zegoen zubiaren alde batean harri baten falta sumatu zituen. Hain istorio bereziari muzin eginez leku horretan kokatzen zuten soldaduek aginte-postua 4 zilarreko ogerlekotako bidesaria kobratzeko. Geroago Done Mariako portalean Gasteizko hirian sartu ahal izateko ordaindu beharko zituzten urrezko 6 ogerlekoen aurrekaria zen zubiko zerga hau.
Gasteiza hurreratzen ziren heinean bizargorria guardiak eta soldaduak ikusi ahala urduri jartzen zela konturatzen zen neskatoa. Une horietara arte izandako irribarre zabala zeharo desagertzen zen eta zur eta lur uzten zuen begirada bat asmatzen zitzaion, amorruz beterikoa. Neskatoak ez zion ezer galdetzen eta isilune lazgarri batek batzen zuen egoera. Gorroto begirada hura azken ilargi luzeetako suzko eta desio begirakunetik oso urrun zegoen, neskak bizargorriaren etxolan igarotzen zituen egunetan ikusiriko begirada samurretik oso urruti. Ustekabeko aldaketa hauengatik galdetzen zionean mutilak bere senetik aterata eta ahots larriz Gaztelako menpekoek buruturiko hilketez, biolentziaz, lur okupatuetaz, inbasioetaz... hitz egiten zion. Oso urrutiko istorioak zirela iruditzen zitzaion ile kixkurra zuen neskari. Zurbaon errege berriaren inguruko bidegabekerietaz zerbait entzuna zien agureei baina horrelako istorioak entzuten egon beharrean nahiago zuen astia baso eta mendietan barrena ibilbideak egiten igarotzea. Inori ez zion argitasun osoz horren moduko gertaera latzen inguruan azalpenik ematen. Jakingura bazuen ere, ez zuen gustuko hainbeste jenderi sufrimendua sortarazten zien gertakarien berri izatea.
Gasteizko Sarreran Done Maria portaletik egiten zuten. Harresi berri sendo batez inguraturik zegoen hiri muinoa baina bere ingurunean hainbat egurrezko etxola eraikita zeuzkaten. Goratu gabeko bizilekuak ziren, non hainbat lanbideen tailerrak agertzen hasiak ziren: olagizonak, larru-ontzaileak, eltzegileak... Portalearen aurrean sekulako hika-mikak sortzen ziren jende kopuru dezentea baitzegoen hirira sar ez zitekeena bidesaria ordaintzea ezinezkoa zitzaiolako. Gaztelako soldaduez josia zegoen hiria eta portaleetan hauen kopurua biderkatu egiten zen. Egunez egun soldaduen bortizkeria eta jendearenganako kitzikapena areagotzen zihoan heinean herri xehearen animuak sutzen zihoazen. Ez zen goiz edo arratsalderik falta noiz liskarren bat ez zenik gertatzen. Neska eta mutilak ez zuten arazo larririk izaten ataria zeharkatzeko bidesaria esku-dirutan ordaintzen baitzuten. Soldaduek diruarengatik besterik ez ziren arduratzen eta behin kobratuz gero lasai asko hirian sartzen uzten zieten.
Bizargorriak portalea ikusten zuen bakoitzean ahoa bete hortz gelditzen zen. Bizkaia aldean zeuden harrobietatik ekarriko harri sendoz eraikitako puntu erdiko arkua zen, hiria defendatzeko balio zuen burdinazko puntazorrotz hesi batekin. Arazo larriak zeudenean antzina asmaturiko txirrika sistema erraz batekin burdinsarea jaitsi eta egur eta burdinazko ate erraldoi bezain pisutsu batek muinoa kanpoaldetik isolatzen zuen. Inoiz ez zuen holakorik ikusi bere herrian ataria ganorazko defentsarik ez zuen zubi zahar batean zetzalako eta beste aldetik itsasoa zabaltasun osoan baitzeukaten. Txunditurik begiratzen zien erribera, soka ... eta defentsarako hain sistema berezia betetzen zuten beste hainbeste osagaiei. Baina atariak lelotzen bazuen hirian zehar ikus zezakeena liluratzen zuen. Neskak honek jartzen zituen aurpegiak ikustea gustuko zuen, berari barre egiten zion ez baitzuen ulertzen nolatan inork hain ohiko gauzak ikustearekin zur eta lur gera zitekeenik. Bizargorriak urteak zeramatzan mendiz-mendi eta basoz-baso kasik jendearekin harremanik izan gabe. Kaleetan zehar gurdiarekin joan ahala, hiritarren artean zer nolako ezberdintasunak zeuden azaltzen zizkion ile kixkurrak. Erraza zen bakoitzaren jatorria asmatzea, herritar xumeek lan egiteko arropa zahar baina erosoa zeramaten soinean. Lanbide bakoitzeko partaideen arropak zertan lan egiten zuten adierazten zuen: okinek zuriz janzten ziren; laban, ezpata eta burdina lantzen zutenek bularra biluzik zeukaten eta larru lodi bat mantala gisa ... Baina ezberdintasun esanguratsuena infantzoi eta herri xehearen artean nabaritzen zen. Lehengoaren arropak kalitate handiagokoak ziren eta askotan urrez, zilarrez eta harribitxi ezberdinez landutako osagarriak euren gainean zeramatzaten, beste hiritarrak baino gizarte-mailan hobeto kokatuta egotearen adierazle. Beraien etxeak harrizkoak ziren, oso ondo eraikiak eta defentsa ziurtatzen zuten hainbat osagaiekin. Benetan ikusgarriak ziren Mendozatarren, Belaskotarren, Eskibeltarren... etxe-gotorrak. Errentatzaileak zirenez ez zuten inolako lanik burutzen, denbora dirua zaintzen besterik ez zuten ematen. Bizimolde horri eusteko herri xeheari tailerrak, etxeak eta inguruko herrietan barreiaturik zeuzkaten lurren errentak aldiro igotzen zizkieten. Infantzoien leinu ezberdinen artean, hala eta guztiz ere, ezinikusiak nabariak ziren oso. Honek guztiak han hirian bortizkeria eta gorroto giroa azalean egotea suposatzen zuen. Ezberdintasunen areagotze hau kultura mailan ere agertzen zen. Nahiz eta Gasteizen katolikoek gehiengoa izan judutar eta islamiarren kopurua goraka zihoan. Bizargorriaren ezusteko aurpegiak bere gailena jo zuen bat-batean. Aiztogile kalearen erdian, goitik behera oihal ezberdinekin bere irudia ezkutatzen zuen pertsona batekin egin zutenean topo. Aurpegia zailtasunez asmatzen zitzaion eta hauxe belearen kolorekoa zen. Izutu egin zen mutila irudiak bat-batean eskua altxa eta neskari begirada zuzenduta horrela hasi zitzaionean:
Allah u-akbar! Sabah al-jher,andic shaar jleum d´jadha. [2]
Sabah al-jher. Egunon baita ere zuri Rachmid El Mourabet, zer moduz zaude?
Ondo, ondo, Allah jainkoari esker. Gaur merkatu, gaur oihal politak nik saldu.
Primeran, guk ere herriko produktuak saltzera etorri gara, beti bezala. Rachmid, hau nire laguna da ahoa irekita eta begiak plater borobilen antzera zeuzkan bizargorri eriaz erakusten konturatu zarenez lehenengo aldia da zu lako islamiar bat ikusten duena, barkaiozu bere atrebentzia, mesedez.
Har, har, har... Berdin du, nik ohituta, har, har, har, nik ohituta. Insheer lekjael m-shiuak f´terek. Ma´ha shalama. Allah v-akbar [3]
N´jhom m-shiuak f´terek, Rachmid, n´chauf-no. Ondo izan [4].
Barrez lehertzeko zorian agurtu zuten elkar. Neskatoa algara batean zihoan bizargorriak zeukan lelo aurpegiari so eginez. Berera itzuli zenean inoiz ikusitako pertsonaiarik arraroena zela aitortu zion mutilak. Urteetan itsas barrenean arituta bazen ere inoiz ez zuen holakorik ikusteko aukerarik izan. Ez zuen ulertzen pertsona batek hain azal kolore iluna izan zezakeen, txikitan laberen batean erretzen utzi al zuten edo galdetu zion neskari. Honek gurdia gelditu eta lurrera jauzi egin behar izan zuen erori ez egiteko, denbora luzea eman zuen barrezka.
Bizargorriarekin hirira joaten zen bakoitzean horrelako moduko pasadizoren bat gertatzen zitzaien. Beste behin, Done Mariako portalea igaro ondoren zaia luze, bele begirada, kokospeko, neska bezain ilegorria eta buruan boneta edo txapela oso txiki moduko baten antza zeraman pertsona bat aurkitu zuten:
Kaixo Ail-Erua Shamok! Ilargiak ez gintuztela elkar ikusten.
Kaixo Efrain Ha-levi, bai, arrazoi osoa daukazu, aspaldi ez naizela Madinat al Yahudetik [5] agertu. Sentitzen dut baina azken boladan oso lanpeturik ibili gara Zurbaon, erantzun zion irriño batekin neskatoak.
Bai, garai latzak dira guztiontzako, zergak gero eta ugariagoak dira eta lana besterik ezin dugu egin honi aurre egiteko. Beno, berriek [6], Madinat al Yahudeko muccadinekin [7] hitz egitera joan behar dut. Nire goraintziak helarazi zure senideei, Ail-Erua. Yhaveh-k zain zaitzatela!
Hiriko judutarren artean bedin [8] lanak burutzen zituen aspaldiko judutar ezaguna zela azaldu zion hainbeste hitz arraro entzutear sor eta lor zegoen bizargorriari, legez judutarren eta katolikoen arteko hartu emanak debekatuak zeuden baina Gasteizen legedi hau praktikan ez zen inolaz ere betetzen eta nahiko harreman normala zegoen komunitateen artean.
Gutxika-gutxika mutilak hiriko ustekabeei ohitura hartzen zihoan eta askotan neskak azokan produktuak saltzen astia ematen zuen bitartean bera hirian gora eta behera aritzen zen. Done Maria katedralaren aurrean zegoen enparantzaren biltzen ziren produktuak salgai zeuzkatenak: ehiza lamiatzako labanak, arropa, lapikoak, ukenduak, lanabesak... Saltzaile hauek jaki ezberdinak saltzen edo trukean ematen zituztenekin nahasten ziren. Azokan bere produktuak saldu ahal izateko «lezda» zerga egokia ordaindu ostean neskatoak gurdiaren aurrean, lurrean bertan txukun-txukun oihal zahar bat botatzen zuen eta honen gainean Zurbaon landaturiko porruak, azenarioak, uhazak, berroak eta abar jartzen zituen. Orein, basurde, azeri eta otso haragia ere salgai zeukan azokara bertaratzen zen gehienetan. Ostegunero jende piloa inguratzen zitzaion barazkiak erosteko nahian hala nola basurde hortzak edota orein adarrak ikusteko jakin minez. Mutilak salmenta tokia apaintzen lagundu ondoren hiritik ibilbidea egitera joaten zen. Gasteizko «ezustekoekin» ohituta zegoen eta denboraren poderioz hiritarren artean beraietako bat balitz bezala aritzen zen kantoi eta kale aldapatsuetatik gora eta behera.
Neskak ez zuen desagerpen luze hauen zioa eta galdetzen zion bakoitzean begirada iheskor eta malenkoniatsu bat besterik ez zuen izaten erantzun gisa. Begirada iheskor eta malenkoniatsu bat besterik ez zuen izaten erantzun gisa. Batzuetan besapean liburu bat zuela txistuka agertzen zen; behin Monmmoutheko Geoffroiren «Bretañako Errege Historia», non Arturo erregea eta Merlin Aztiak Brocelandiatik izaniko abenturak azaltzen ziren, liburuarekin agertu zitzaion. Biri-belarraz eginiko eztula kentzeko ukendu baten truke lortu omen zuen errementariz lepo zegoen kale bateko komentu batean.
Ohiko zen bizargorria liburuekin ikustea baina Zurbaoko basoetara itzultzean inoiz ez zuen ahazten egurrezko kutxa berezi batzuk eramatea. Azoka eguna zen bakoitzean neskarengana landutako itxura ezberdinak zeuzkaten egurrezko kutxekin itzultzen zen. Laukidunak, borobilak, laukizuzenak, hiruki itxurakoak, handiak, txikiak, haritzezkoak, pago zurarekin eginikoak, iharrez eginikoak... Guzti guztiak oso irudi bitxiak zizelkatuak zeuzkaten. Neskatoak hauen zentzua ez zuen ulertzen eta bizargorriak Zurbaorako itzulbidea profitatzen zuen bakoitzaren esanahia argitzeko. Antzin-antzinako irudiak omen ziren, lautadako herrietatik zehar kristautasuna oraindik ere urruti gelditzen zeneko garaietakoa. Baskoien keinuetaz, bardulioetaz, austragoietaz... aritzen zitzaion mutilak eta orduan ezusteko aurpegia neskarenean zabaltzen zen ez baitzuen inoiz horrelako jendearen inguruan ezer entzun. Egurrezko kutxa landuetan agertzen ziren tailuak Ama Lurraren osagai ezberdinen irudikapenak zirela azaltzen zion, antzinako biztanleek bere inguruan sumatzen zituzten gertakarien irudikatzea: eguzkia, izarrak, ilargia, herioa, bizitza...
Bizargorriaren etxolan neskatoak hara joan zen lehenengo aldian ikusi ez zuen kutxa handi-handi bat antzeman zuen. Bizargorriak bertan gordetzen zituen astez-aste lortzen zituen kutxatxoak. Ile kixkurrak etxolara egiten zituen bisitaldiak gero eta ugariagoak ziren eta gazteen begietan bata bestearengatik sentitzen zuten sentimendu hutsetik haratago zihoan begirada dirdiratsu eta sakonak suma zitezkeen. Handik agertzen zen bakoitzean denbora itzela ematen zuen kutxa handiaren aurrean, txundituta. Orduan bizargorriak astiro ireki eta barnean zeuden kutxak oihal zuri batez garbitzeari ekiten zien. Neskatoak zeregin honetan laguntzen zuen baina beti ere bizargorriak behin egin zion ohartarazpena errespetatuz:
Ile kixkur, aspaldi soldaduek galdu arazi zidaten irribarrea eta bizitzeko grina itzuli didazun pertsona zera. Horregatik zure aldamenean egotea izugarri gustuko dut, horregatik ere gustuko dut nire altxor preziatuena den kutxa berezi bilduma hau zurekin partitzea. Baina zin egin behar didazu nik esan arte ez dituzula irekiko.
Hain serio aritu zion, neskak ez zuela kutxarik irekitzen. Bien artean kontu kontari aritzen ziren bitartean lauburuak, ekiloreak, Arrano Beltzak eta beste hainbeste zurean landutako irudiei so egiten zien. Etxolan gora eta behera saltoka eta itzulipurdika egoten ziren neskatoaren txakur eta katuek ere jolasak alde batera uzten zituzten eta irudienganako ikusminak blaitzen zituen. Mutilak isiltasun osoz begiratzen zion neskatoari eta berarengatik bihotzean nabaritzen zuenaren azalpenik emateko beldur zen. Etxola oso txikia zenez behin baino gehiagotan bien gorputzek elkar ukitzen zuten eta orduan begirada sakon luzeek isiltasunaz eta desioaz blaitzen zuten tokia. Lotsaren lotsaz gorritzen ziren biak eta tarte hau igarota edozein betebeharri ekiten zioten. Baina biak konturatzen hasiak ziren egunak eta gauak igaro ahala edozein aitzakiaren bila aritzen zirela gorputzen ukitu honek sortarazten zuen berotasunaz gozatzeko. Uda bukatzear zela, basoan zeharkatze bat egin zuten gazte biek, giro epela zegoen ilunabar horretan, eta landare ezberdinen usaina bere osotasun osoz nabari zezaketen. Euren arteko begiradak gurutzatu ziren unean hainbat egunetan zehar ernetzen joan zen sentimendu piloari bidea eman zion goxoki musukatuz. Gau aparta igaro zuten, urtetan gogoratuko zutena. Basoko belarrak bat-bateko ohe gisa erabili zituzten eta hotzak bi gorputz biluziak hozten hasi zenean zuhaitzen arteko etxolara abiatu ziren. Egunaren lehenengo izpiak zuren zirrikituen artean sartzen hasi zirenean elkarri besarkaturik loak hartu zituen bi gazteak.
Zorioneko gau horren ostean neska maizago hasi zen etxolatik agertzen bisitaldiak gero eta ugariagoak ziren eta behin baino gehiagotan bertan gelditzen zen lo egiten. Bizargorria ere batzuetan Zurbaoraino hurreratu eta baratz lanetan laguntza ematen zion ile kixkurrari. Ostegunero bidaide berritsu bihurtzen ziren Gasteizko azokaruntz idi geldi pareak tiratuko gurdiaren gainean. Azoka amaitzear zegoela Done Mariako enparantzatik, kutxa berriren bat zeramala, neskari laguntzeko prest agertzen zen beti. Pozik zeuden elkarrekin baina zorigaiztoko eguna pairatzea ere egokitu zitzaien.
Euren sentimenduei inolako oztoporik jarri ez zioten gau izartsu bat igaro ondoren, egunsentian etxolatik jaitsi eta Zurbaorako norabidea hartzera zihoazela bere senetik ateratako soldadu kopuru zehatzezin batek gazteen gainera erori zitzaien. Oihu eta mehatxuak nonahi entzuten ziren eta zer gertatzen ari zen konturatu orduko bizargorria lurrean zetzan armaz gainezka zeuden lau soldaduk mugitzen uzten ez ziotelarik. Baleztaz, geziz, lantzaz, labanaz eta ezpataz horniturik zihoazenen begietan nabaritzen erraza zen gorrotoa eta odol gosea. Neska bultzaka bota zuten lurrera mutila jipoitzen zuten bitartean. Oihu, mehatxu eta kolpeen artean bi gazteen begirada izutuek bat egin zuten, segundo eskasak izan ziren baina nahikoak suertatu zitzaizkion mutilari keinu berezi bat egiteko. Gurdi batera kolpeka igo zuten neska lurrean negar zotinka utziz. Mutilaren keinua zuen buruan eta behin soldaduak joan zirela lasterka batean zuhaitzen artera igo zen; ez zuen zer gertatzen ari zen ulertzen baina hainbat alditan miretsiriko kutxa handian erantzunen bat aurki zezakeela iruditzen zitzaion. Bizargorriaren keinuak kutxan begiratu behar zuela adierazten ziola asmatu zuen. Negar malkoak bere begi politak gorritzen zituzten eta aurpegi leun eta ederra blaitzen egurrezko kutxa handiaren aurrean belauniko jarri zenean. Arnasa sakon hartu eta ireki egin zuen, kutxatxo guztien gainean une horretara arte ikusi ez zuen antzinakoa zirudien larrutx bat topatu zuen. Ikarati oraindik ere, biribilkatuta zegoen pergaminoa hedatu eta bizargorriaren hizki ahaztezinak irakurtzeari ekin zion:
«Kaixo laztana! Ez zaitez gertatutakoarekin gehiegi larritu ziur bainaiz egunen batean elkarrekin egongo garela berriro. Ez negarrik egin, zure irribarrea zabaldu behar duzu eguzki izpi distiratsuen antzera. Kasik denborarik ez dut izan elkarrekin igaro ditugun egun eta gau zoragarri hauetan nondik nentorren zuri azaltzeko, nire herriaren historiaren berri emateko. Hainbeste gustuko dituzun kutxa horrek harreman estua dute nire herriaren bilakaerarekin. Mendi zein kostaldean barreiaturiko leinuen artean milaka urtetan zehar ohitura berezia mantendu da. Kristautasunak gure lurrak inbaditu baino lehenago gure arbasoek Ama lurrarekin harreman berezia zeukaten. Eta azken honek, bere eskerrona adierazteko, gure lurralde zabalean zehar kokaturik zeuden tribuen artean kutxa magiko batzuk hedatu zituen.
Orain eskuartean dauzkazun hauek, belaunaldiz belaunaldi eskualdatuak izan diren egur ezberdinez landuriko kutxa hauek magiko bihurtzen dira lurra eta arbasoei errespetua zor dietenen, beretarrak maite eta datorrenentzako mundu hobeago bat nahi dutenen eskuetan. Kutxa magiko bakoitzak botere ezberdinak gordetzen ditu bere barnean: maitasuna, indarra, poztasuna, errebeldia... Kutxa bakoitza irekitzen duen pertsona hauetaz guztiaz blaitu egiten da aurreko baldintzak betetzen baditu eta inoiz agertzen ez direlakoan datza bere magikotasuna.
Mendietan zehar lurralde ezberdinetatik bananduak egon dira baina orain da unea denak elkarrekin egotera itzuli direna. Zure bihotza eta sentimenduak garbiak dira, ziur naiz kutxekin egokiena egingo duzula. Zuretzako dira guztiak, ile kixkur, hala nola nire maitasun osoa.»
Begi ederrek isuritako negar malko batek neskaren aurpegia zeharkatu zuen. Bere aurrean zeuden kutxa guztiak irekitzeari ekin zion une horretan bertan haize-boladak eta argi-pirrinta gozagarriak etxola hartu zuten ...
HALA BAZAN EDO EZ BAZAN SAR DADILA KALABAZAN
ETA AGER DADILA PREMIÀ DE DALT-EKO PLAZAN !!!
[1] Basatiak dira eta bizi diren lurra ankerra da, larrekoa eta basatia, euren aurpegien krudeltasunak eta euren hizkuntza basatia begiratzen dietenei beldur ematen die.
[2] Allah handia da! Egunon, azenario koloreko ilea daukazun hori.
[3] Arrano Beltzak zuen bidea erakuts diezazuela. Agur. Allah handia da.
[4] Izarrek zurea erakuts diezazutela, Rachmid, gero arte.
[5] Madinat al Yahud: juduaren bizilekua, auzoa, juderia.
[6] Berriek: talentu eta energia handiko emakumea.
[7] Muccadin: zahar, agure.
[8] Bedin: fiskala eta polizia.
Peru Alvarez Fdez de Mendia 1973 Gasteiz 2001ean atxilotu zuten eta Navalcarneroko espetxean dago. C.P. Madrid IV Carretera Nacional 5, km. 28 28.600 Navalcarnero Madrid |