Joseba Garmendia Albarracin
Aurrez-aurreko sasi-poemak
Amaia eta Unairentzat
Gauminean isiltasunak ez du arnasketa gaubeilatzen.
Kilkerrak esna, patioaren azalera miatzen dabiltza
amesgaiztoak ezarritako patuari ihes-zuloa aurkitu nahian.
Patioaren zurruntasun trinkoa kilikatzen dute
zirrikiturik zabalduko ote dien.
Ilargiaren estainuzko zuritasunari abesten diote
urruneratuko dituen haize-bolada ufa diezaion eskez.
Akorde metalikoek ordea,
alanbrearen arantzak zorrotzago teinkatzea baino lortu ez.
Hesietako fokuek lepoak luzatzen dituzte hobeki zelatatzearren.
Errekuentoan
mirilian begi bik
goiztiria argitzen digu.
Atearen mekanismo automatikoaz
ireki zaigu
egun berri
planifikatua.
Kabietako enarek filosofatzen dute
zein arrazoi ezkutu bitarte,
luzera murritzeko pentagramak errepasatzen dituzten
presoen ibilerak diren
horren armoniarik gabe.
Eta aldiz,
zure gutuna eskuan laztantzen duenak,
patioaren ekialdetik mendebalderantz
irriño hain irrifartsuak marraztu ahal izateko
lerroetan gordetako ze motako sentimenduak
miazka ditzaken
galdetzen diote alboan paseeran dabilkion baloiari.
Jakinminaren irrikaz
enaren txitoa kabitik erori da.
Begirada arrotzen bortxaz forjaturiko eleek
zementuzko baratza goldatzen darraite, hala ere.
Mairuak otoitza eten,
hilabatean behin
ezpainak topatu direneko.
Astean hamar minutuko bi solasaldi telefoniko.
Ahoskatze xamurraz xuxurlaturiko esaldi eztienak,
esaldi limurtzaileenak,
funtzionario zein ijitu pairugabeen imintzio asaldariei
itzuliriko mespretxuzko soaldi ziztatzaileenekin
uztartzeko trebetasuna albait lasterren ikasteko.
Lokutorioko kristalean ez errebotatzeko
ninien dizdirak gero eta ozenago.
Urdailean epeka kotizatzen duen
harreman diskontinuo jardunaldi partzialeko.
Besarkaden labeetan tenplaturiko eleek
zementuzko soroari arnasa berritzen darraiote, hala eta guztiz ere.
Mairuaren ahurraz eneratxo sostengatua
esku amultsuetan datza. Ez zaitezte kezka.
Laster airatuko da eta.
Agian eraman ere,
eramango baitu mairua bera
misioaren arrakastarako.
Gainontzekoa, gure kontu.
Bihar patioa pago-hostoz beteta
iratzarriko da.
Eta euria ariko du.
Joseba Garmendia Albarracin 1968 Urretxu Aurtengo martxoan Espainiako Polizi Nazionalak atxilotu zuen Batasuna erakunde politikoaren kidea zelakoaren akusaziopean. Egun, Aranjuez-ko espetxean dago. C.P. Madrid VI Ctra. N -400, km 28 28.300 Aranjuez Madrid |