Mikel Ayllon Corral
Hildakoez gainezkako lurretan sortu ginen
Hildakoez gainezkako lurretan sortu ginen
gu ere hiltzera kondenatuak geundela ulertu genuen
lantzean behin gure buru gainetik
iragaten ziren balei so egiten genien
eta gutarik batzuk
lurrean etzaten ziren heriotzari itxaroteko
begiak itxita.
Zutik mantentzea erabaki genuenok
hil haiek guztiak
gure hilak zirela ulertu genuen,
lur hura
gure lurra
eta bizitzera ausartu ginen
horrela hiltzera arriskatzen ginela jakin arren.
Beldurrik ez daukagula esatea
gezurra esatea da
baina are faltsuagoa da
gure lurra maite ez dugula esatea
eta horregatik munduan zehar
gure lurraren zati bat poltsikoan pasiatzen gara
hilko garenean
gure lurrean hiltzeko beti.
Gero agian beste batzuk jaioko dira
gu hil ginen lur horretan
eta agian noizean behin
gure hilobiak bisitatuko dituzte
beraiek ere hiltzera kondenatuak ote dauden galdezka.
Mikel Ayllon Corral 1980 Laudio 2000 martxoaren 6an Haikako kidea izatearen akusaziopean kartzelaratu zuten. Gaur egun kalean dago, behin-behineko askatasunean. |