AURRESKU ETA ATZESKU
Urteak dituk
Pernandoren egiak
esaten ditudala,
Atsularren arrazoiak
ematen ditudala.
Batzuk miresten hituen:
Nor duzu hau
hain argi
hitzegiten diguna?
Ezpain artean hartzen diat
lehengo eta oraingo
herriaren kantua:
Etsepare zaharraren berso bihurria:
Ni katibu nadukana = Katiba da berzeren
Nadukana dadukana = Katibua da neure
Maitaleen arrazoiak = Desarrazoiak dire
Mila argudio zorrotz = Berdin lematen ere
Edo Arrese berriagoaren berso zabala:
Jaiaterria salba dagian = Euskaldunaren kantuak
Aztu daiguzan etsaikeriak = Eta hasarre prontuak
Itzi daiguzan erdaldunentzat = Erdaldun diran kontuak
Jerta daiguzan gure arbolan = Faltatzen diran mentuak.
Honelasen
bete huen
Garaziko
dornua.
Orain beste dornu
berri bati
hasi behar zioguk
iraul-arazitzen.
Zeren lehen
fraka urdinak
eta
fraka gorriak
hituen,
Oinaz
eta
Ganboa,
Agramondarrak
eta
Beamondarrak.
Lehen
hala;
orain
hola.
Orain bonet ferdeak, zuriak eta
gorriak.
Lehen,
Mikel Aingeru nafarra,
fraka urdinak
eta
fraka gorriak.
Lehen Nafarroa Beheretik
Bizkai Garaira;
orain
Bizkai Beheretik
Nafarroa Garaira:
Euskaldun guztiak izan gaiten anaia.
Euskaldun guztiak izan gaiten berdin.
Euskaldun guztiak izan gaiten libre.
Heda dezagun
euskal herri guztietatikan
bonet urdin-Bergara bat,
anaitasunaren eta borondatearen
tzapel
berria,
esandakoa eta egindakoa
estal dadin
hola.
Eta bien bitartean,
anaia,
Mikel Aingeru nafarra,
har zak
anaiaren eskua.
Har zak,
gure utopia honetan,
gure ukronia honetan,
har zak,
orain,
hemen,
Mikel Aingeru Astiz
nafarra,
jakin behar duan oren eta lekuan,
anaiaren eskua.
© Gabriel Aresti