HABIA
haziren batetik sortuko zen noski
azal erko adar oker
entziklopedia botanikak ez dio sarrerarik eman
landare berezia da inondik ere
begiramenez kimatzen dut
osasuntsu nahi nuke beti
su egur ona egiten du
inor edo beste izutzeko erre indarrekoa
alegeragoa ageri da mendebalak zafratu ostean
zenbait kanturen akordua gordetzen du altzoan
zainak luze eta enborra malgu
susmoa hartua nago ez dudala zurruntzen ikusiko
aski du eguzki printzarik lotsorrena
izerdia irakiten jartzeko
komeni baino goizago loratzen da
ondikotz
hotzaldi atzeratuek zapuztu egiten dute beti
euriaren zarpaila
jausitako petaloak hondatzen
emanen du fruiturik halako batean
gerizpe gozoa
azalean marka ugari
geziak zauritutako bihotzik ere bai
ez da hosto iraunkorrekoa
urtero berritzen da
eta halaz ere
eta halaz guztiz ere
badauzka orritxo egoskor batzuk
korronte artistiko bortitzenek ezin eraitsiak
landare arrunta da oso baina
ez da lerratzen ez da lerrotzen baditu bere zerak
© cc-by-sa Koldo Izagirre