ZEHAZKA KANTU BAT

 

langarraren planoa egin behar zuela esan zidan

nolakoak diren zehazleak

mugak neurtu behar zituela langarrarenak

ez dakit zein erakundek eskatuta

langarra, badakik, argitu zidan

errepideetan hainbeste arazo sortzen duen hori

ahosoinua atera nuen sakelatik

 

eta ahosoinuaren soinura, hots, hots!

langarra sortu zen, badakizue

zehazleek maite dituzten arazobide horietarik bat

eta lagunak, irentsi ninduen barrutasunak

zehatz ezin nezakeeneraino izututa

hankajokoa egin zuen argiaren harian barrena

 

zeharoko ezintasuna daukat zehatzerako

apirila ez da biribila

ez dakit zenbat balio duen lagun batek

ez dakit nondik joan behar dudan etxera

ezin dut neurtu sukarra termometroan

bihotza ez da bonba bat

nork daki zein den ordu zehatza?

 

alferrik da kordetasunaren harra

txertatzen badute ere liluran edo auzolotsan

edo asmamenean edo tristezian

tonua goititu gabe jarraituko dugu

langarrak eta biok gure trosta amilkarian

ertzik ez daukan barrutasunak

kode eta koordenada guztiak suntsituko ditu

nota zehatzik ez daukan kantuan

 

zeharo motza naiz zehatzerako

apirila ez da biribila

ez dakit noraino iristen den gaua

ez dakit zer idatziko dudan hurrengo lerroan

zientziak ezin du lurra eskuan hartu

barrutasuna ez da kutxa bat

miresten ditut zehazleak

musika egiteko aski dute metronomoa

nik ahosoinua behar dut langarra sortzeko

 

entzun ezazue musikaren azpitik datorren kalapita

itsutu egin ditugu neurgailu guztiak

zehazleen armada urduritu egin da

ezin dute barrutasuna jasan

plaza publikoetan ere arazoak sortu ditu langarrak

mugagabea nagusitu da pragmatikan

eta elkar zehazten hasi dira zehatz

hamazazpi mila topografo garratz

sarrats... sarrats... sarrats... sarrats...

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


susa-literatura.com