MOTORRAK HARILKATZEN

 

ez dut egundo ikusi horrelako atelierrik

esan zidan aitak gure aita zaharrak

zenbat erreminta!

mokorreko ebakuntzatik bere onera etorri zenean

 

kirofanoaz ari zitzaidan bistan da

hamabi urte bete zituenez geroztik

gisa guztietako lanabesak

baita hurkoa hiltzekoak ere erabilia zen gizona

 

ikaratu egin zela

 

ez zuen ulertuko ez nion esan ni ere

kirofanoan ilusioz beterik

osorik osatzeko asmo zintzoenarekin sartu nintzenean

kirofanoa baitzen hura

asindeton & soneto & etopeia apositoak

metonimia & diafora injekzioak

pleonasmoz & epinomez zorroztu zerrak

polisindeton & sinekdoke & anafora bertikal &

alexandrino & epanadiplosia tantaz tantakoak

paranomia & epifrasia & homeoteleutona bisturiak

damoklesen ezpata bana bailiran

(alderaketa kultu ohia, topiko arrunta)

paretetan zintzilik

gure buruetara buruz ikusirik (aliterazio merkea)

 

ikaratu egin nintzela

 

ihes egin nuela

eta handik harat ezikasien multzoan bizi izan naizela

bestelako lanbide bateko ofiziale

erreminta gutiren patroi hitzak eskuan hartu ahal izateko

legez kanpo aitor dut

ez titulurik ez titulua eskegitzeko bulegorik

 

zu bezala, aita

motorrak harilkatzen eremu magnetikoak sortzeko

(metafora egokia, ezta?)

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


susa-literatura.com