OKINDEGITIK IRTEN ONDOREN
Okindegian ume bat zegoen
eskolako uniformez jantzia,
nirekin jolastu nahian zebilena.
Haren amaren jantziei erreparaturik
bi aurreiritzi sortu zaizkit:
eskuindarra da, espainiarra da.
Eta orduan zalantza egin dut
umearekin jolastu behar nukeen
edo ez, nirekin ondo pasatuko balu
horrek ze ondorio izango ote lukeen
etorkizunean. Ardura handiegia
iruditu zait eta umea ikusiko ez banu
bezala egin dut, arrakastarik gabe.
Praketatik tiratu dit okindegiko umeak.
Eta nik amari begiratu diot, pentsatuz:
«Zu bezalako klase ertaineko
emakume eskuindar espainiar batek
ez lioke semeari halakoak egiten
utzi behar». Garai latzak gureak,
klase ertainek haien eginkizun
historikoei itzuri egiten dietelako.
Okindegitik alde egindakoan
Dato kale inguruan zeuden
gaztetxo batzuk hurbildu zaizkit.
acnuren besokoa daramate.
Irribarre adeitsuak egiten dituzte.
Bizar zaindu gabea dute mutilek,
neskak ez dira erabat itsusiak
(neskek ez dute bizarrik).
«Un momentito para la solidaridad»
esan didate. Oso serioa dirudi kontuak.
Boligrafoa eta karpeta dauzkate eskuetan,
zeuk soilik ezagutzen dituzun
zifra batzuk bildu nahi dituzte.
Ardura handiegia iruditu zait eta
ospa egin dut aitzakiarik ipini gabe,
lurreko putzuetan oinetakoak
ez bustitzeko pauso luzeak emanez.
© cc-by-sa Hedoi Etxarte