MASTURBATUAREN GALDERAK
BIDEO PORNOAREN OSTEAN
Gaur egun,
begi bistakoa
ez-ohikoki eskasa da.
Sergei Dovlatov
Ze usain dute aktore pornoen
alu-zakilek biharamunean?
Nola garbitzen dituzte tresnak
lan egun luze baten ondoren?
Goi-mailako prostitutek
goxotasunez ematen diete
musu etxeko bikotekideei?
Txortan egiteko gogorik
gelditzen zaie sei-zazpi
sexu aldiren ondoren?
Produktoreek ordaintzen dizkiete
operazioak eta gimnasio orduak?
Estatuaren diru-laguntzarik jasotzen dute
ipurmasailetan dituzten tatuaiengatik
edo sponsor pribatuak erakartzeko
pegatinak besterik ez dira?
Zerk egiten du titi handitze bat
finantzaketa publikorako hautagai?
Nork erabaki du gizona emakumetzea
erantzukizun autonomikoa dela?
Baina gizonak gizondu nahi duenean
nork bere kapritxoak ordaindu behar dituela?
Nork erabaki du emakumea azala dela
eta beraz aldatu egin dezakegula?
Nor da moldagarria eta nork gal dezake
bere izatea ebakuntza-gela batetik igarotakoan?
Ba al dago ezer ebakuntza-gela on batek
ezin konpon dezakeena gaur egun?
Zergatik alda dezaket neure sexua
itxura aldetik eta, aldiz, pasaportean
ezin ditut adina, naziotasuna edo
hileroko diru-sarrera aldatu?
Hemen kafeari
Baqué esaten zaio
eta txortari kafe,
konpromiso ezari askatasun
eta askatasunari auto-errealizazio,
eta gehiegitan txortari plazer.
Zenbat bideo, zenbat galera.
© cc-by-sa Hedoi Etxarte