«HEMEN HOBETO GAUDE»
DIOTENEN KONTRA

 

 

                Beti egongo da proletarioen geruza bat

                pasiboki jokatuko duena eta bere klasearen

                askapen borrokari begira egongo dena,

                eta are marraren beste aldera

                igaroko dira; zenbat eta gehiago izan

                orduan eta gehiago garatuko da kapitalismoa

                                                                  György Lukács

 

 

J andreak labana bat dauka.

Entzuten duenean aldamenekoren bat

                                            ]hemen hobeto gaude[

esaten sudaderatik ahoa atera

eta zintzurrean jartzen dio aldamenekoari.

                                            ]                                       [

J andrearen gatibuak dardarka azaldu nahi izan dio,

zurigarria errepikatzen duenak egiten duen moduan:

«Hemen Espainian baino langabezia txikiagoa daukagu,

gainera bigarren sektore indartsuaz profitatzen gara,

gure ekonomia ez da porlanean oinarritu,

horri esker aise suspertuko da gure abagunea».

J andreak gupidarik ez du eta hobeto dagoela esan duenari

ebakiondoa exekutatu dio txepelkeria ikus dezan ispiluan.

Marra bat egin dio zauria josi beharko dioten lekuan

                                            ]                                       [

tenteltasunaren lekuko izan dadin

kotxeko ispiluan ezpainak pintatzean

eta bere maitalearen begi-keinuan. Justizia pRoLetikoa.

                                            ]hemen hobeto gaude[

J andreak ezabaketa kanpaina hasia du.

«Materialki miserablea denak

sinetsita haizatzen al ditu tesi sozial-chauvinistak?»

hara J andreak duen zalantzetarik bat.

Posible al da kognitario edo argiketari jantzia daramana

kamuflatutako txakur kizkur bat izatea?

Confebasken, Adegiren, Cenenen

soldatapekoa izan al daiteke?

«Bestela —otu zaio J andreari— nola esan diezaguke

1.100 euroko soldatadunak burgesa dela

supermerkatuan marka zuria hartu partez

marka beltza hartzen duelako?».

 

«Beltza: elikadurako elegantzia»

esan zuten bazkaltiarrek filmean.

Heriotza gorbata beltza frak gastronomikoa.

«Seleqtia» pentsatu du J andreak.

                                            ]hemen hobeto gaude[

Infusio diuretikoez gozatzeagatik

behin-behineko kroniko izateari utzi diola

uste duenarentzat limoi bat erdibitu du J andreak,

begietarik batean zukutzeko gertu dago.

                                            ]hemen hobeto gaude[

J andrea xehetasunzalea da, hori ezin uka,

odol lehorra eta azal- eta ile-hondakinekin

                                            ]                                       [

                                                  —biziarteko jostura—

oroigarria utzi dio lepoan opari operario susmagarriari.

 

Asteburu gauetan bere alaba senegaldarrei

kafe beroa eramaten die hiri iparraldeko

zero azpiko biribilguneetara.

Alaba senegaldarrek eskuz edo ezpainez

barrabilak hurrupatzen dizkiete

kotxez heltzen diren jaunei

15 euroren truke. Baina diru hori

ez da haientzat, beste andre batentzat da.

Beste Andrea, hirugarrena J andrearen zerrendan.

                                            ]hemen hobeto gaude[

Pintore kaleko pizzerian

egunkarien gaineko oharpen bat egin du J andreak.

Jabetu da tokiko behartsuak ez ikusteko joko

estrainio bat ari dela egiten Noticias Taldea

bere Araba eta Nafarroako edizioetako izenburuekin:

«Arabak du espainiar estatuko

bizi kalitate altuena» edo «Nafarroak

Europaren maila berean jarraitzen du»

idatzi zuten zapatuan. Nafarroaren kasu harrigarria

sarean dago kontsultagarri. «Harrigarria» errepikatu du

J andreak: ezpain ertzak kokotsera jaitsi ditu.

«Europan biztanleko berdegune gehien duen

hiria da Gasteiz» izenburua ere gogoko dute aurten.

Dena den, mezua nahasgarria da zinez. Bistan da.

Belardiotan ezin da kanpatu, ezta uhazarik landatu ere.

Footingean ikus ditzakezu hankabikoak, hori bai.

«Inor izateko inbertitu beharra dago janzkeran

eta gimnasioan, arduragabe alaena zara bestela»

ulertu zuen J andreak hemeretzi urterekin gazte.

                                            ]hemen hobeto gaude[

Ama Zuria jatetxean J andreak hobeto egotearen

bertsio garatu bat entzun zuen asteazkenean.

G arloteak «Hemen hobeto gaude; ez hori bakarrik,

beste leku batzuetan okerrago daude» esan zuen.

Jarraitu zuen baieztatuz «Gu ezin gara kexatu ze

beste batzuk dira benetan gaizki daudenak».

J andreak logika ariketa idatzi zuen ]on egin[ ahozapian:

inguruan dagoen miseria materiala ez da miseria

ezagutzen ez dugun eta ez dakigun leku batean

badelako egoera desastroso bat salagarriagoa dena.

Hain da penagarria hangoa, ezen identifikagarria den

desastrea eta kiratsa salatzeari utzi behar baitiogu:

automatikoki, prebentiboki eta badaezpada.

                                            ]hemen hobeto gaude[

Eta beraz, espekulazio domestikoak

(jabetza duten gure lagun jatorrek egindakoak)

espekulazio izateari utzi dio,

guk ahalbidetutako esplotazioak

esplotazio izateari utzi dio,

horrela denok bake santuan entzun dezakegu

Johann Sebastian Bachen Meza Si minorrean.

Eztarria berotu zaigunerako

ez ahaztu leloa, lagun, eta ez errepikatu

«Soweto EH baino hobeto» zaharkitua,

orain esan baitezakezu: «EHn inon baino hobeto».

                                            ]hemen hobeto gaude[

Asteazkeneko G arlotea harrotu egin da gaur ere

hemengo tabernetako salgaien prezio altuez eta

probintziako uhal garraiatzaileak Pakistanera

eraman dituzten enpresez —kooperatiba hitza

erabili nahi izan du aldaera dialektal gisa—.

Azalpen taktiko batzuk ere eman ditu:

«Mila biztanleko hamaika polizia ditugu

—esan du anpuloso— espainiarrek zazpi,

frantsesek bost. NBEk hiru aholkatzen ditu

baina guk ordain dezakegu, hobeto gaudelako.

                           ]gehiago ditugu, hobeto gaude[

Hain gara zibilizatuak ez baitugu lapurtuko ilegalki».

                                            ]hemen hobeto gaude[

Ikasbide eta asunto deserosoak ez planteatu,

esango dizute —arrazoiz— lekuz kanpo zaudela,

ez duzula zure burua moldatzen jakin.

G arloteak zehazki esan du: «400 urte eta

batzuek oraindik ez dakite haien lan-indarra kudeatzen,

negargarria, dena egina eman behar diegu».

Iraganeko hizkera darabilela esaten diote J andreari

baina J andreak ezetz, labana eternala dela

eta labana erabiltzeko motiboa are eternalagoa.

Labankada merezi du G arloteak, noski:

«Orain 1.000-euristek 600 euro irabazten dituzte

1.000 gehiegi zelako; bestela deskokatzeak egongo dira».

 

        ]aberatsek deskokatzeko eskubidea dute

        dirua hementxe bertan uzten badute, betiere.

        J andrearen proposamen sofistikatu baten arabera,

        gainbalioaren sustatzaileen gorputzarekin eta

        bihotzarekin Chopinen gorpuaren destinoa

        imitatu behar litzateke: zati bat Parisen lurperatu,

        bestea Varsoviako elizara garraiatu[

 

Jatetxeko telebistaren aparailu fonikoak argi du:

«Hain dugu gizarte ederra, gure arteko dirudunak

ere ez baitira dirudun, jende jatorra, jabe zintzoak,

enplegua sortzen duten izaki konprometituak,

gizarte honentzat —beste gizarteak pikutara!—

hoberena nahi duten filantropo eskuzabalak».

Urtean lautan txanpon batzuk lagako dituzte

limosna ontzian, mileskerrik asko, bedeinkatuak zuek,

mileskerrik asko. Zuei esker:

                                            ]hemen hobeto gaude[

Gema Zabaletaren —izenak esatea itsusia da—

aburuz, hiru morroi 900 eurorekin bizi daitezke

(ez da reality show bat, ezta ariketa umoristiko bat ere)

hilabetez Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako zati batean.

                                            ]hemen hobeto gaude[

Daewooko ehun eta berrogeita zazpi burkideak eta

San Ignacio Esmalteztaketako laurogeita bederatziak,

haien senar-emazteak, seme-alabak

ongiegi bizi ziren; ez daitezela kexa, oihurik ez!

Doazela Puntacanara, eta dirurik ez badute

eska dezatela emango ez dieten mailegu bat

kutxa izateari utzi dion banku autonomiko batean.

Ez daitezela kexa, oihurik ez!

                                            ]hemen hobeto gaude[

J andreari bereziki axola zaio salneurriaren kontua

eta gogoratu da bere hirian badirela

diputatu legebiltzarkide zinegotzi

superemakume eta supergizonak,

gai direnak lau mila bost mila edo sei mila euro

hilean kudeatzeko eta ezkertiar izaten jarraitzeko,

«Horrek ez du batere erraza izan behar»

konturatu da J andrea, eta berbalizatu egin du.

                                            ]hemen hobeto gaude[

J andreari oso laudagarria iruditu zaio kosmosaren

batuketa nardagarriak dena aldrebes jarrita ere

animalia batzuen engaiamendu sozialerako gaitasuna.

Hala eta guztiz, J andreak argi du arerioari buruz

honelakoak pentsatzea akats taktiko larria dela:

a) psikiatrikoki zoro dago, gizajoa!

b) nahikoa saiatu ez dena jeloskor dago, gupida!

c) gaiztoa da, abereentzako trenean Poloniara dezatela!

J andreak badaki arerioa tratatu behar dela gutxienik

Bohumil Hrabal jaunaren liburuan nazi okupatzaileak

tratatzen diren begiramendu berberarekin.

                                            ]                                       [

Zalantzarik ez izan, J andrea bi esku dituenetakoa da.

Liburutegiko fotokopiagailuko txartela eta

N andrearen ahoen maneiu zehatza lagun ditu gainera,

hori ezinbestekoa da, hemen eta Txinan.

                                            ]                                       [

J andrea hobe daudenen lepoetan

orban ikusgarriki adierazgarriak

gauzatzen ari da egunotan.

Bere hurrengo proiektuetarik bat

                            ]hori zure iritzia da[

esaten dutenen atzetik joatea da.

J andrea

                            ]bueno, hori zure iritzia da,

                            nik nirea daukat,

                            bakoitzak berea dauka

                            eta hori da hoberena[

diotenen atzetik ere ibiliko da kanpaina berrian.

 

 

 

© cc-by-sa Hedoi Etxarte

 


susa-literatura.com