GALDU ARTE iruditan

 

Argazki hauek Azkoitiko Gazte Asanbladaren eta Azkoitiko gaztetxearen mobiden inguruan 1984, 1985, 1986 eta 1987 urteetan eginak dira, eta zerikusi estua dute Galdu arte nobelaren oinarrian dagoen giroarekin, han agertzen den munduarekin. Eta argazkietako gertakari batzuk nobelako pasadizo batzuen oinarri erreal zuzenak dira.

 

 

Lehen agerpenak

Beste talde batzuek ere parte hartu bazuten ere, Azkoitiko Talde Antimilitarista izan zen Azkoitiko Gazte Asanbladaren bultzatzaile nagusia. Herrian egindako aurreneko agerpen bat pintada hauek izan ziren. Udaltzainek erantzuna eman zioten, ahal zuten moduan.

 

 

 

 

 

 

Desalojoa

Lehen okupazioaren ondorengo desalojoarenak dira irudi hauek. Udaltzainek desalojatu zituzten gaztetxe barruko gazteak, eta bat arrastaka atera zuten. Nolanahi ere, argi ikusten da Udaltzaingoa ez zegoela oso ondo prestatua horrelako lanetarako. Azken argazkiak hauteskundeak gertu zeudela erakusten du. Carlos Garaikoetxea zen EAJ-PNVren hautagaia Lehendakaritzarako.

 

 

 

 

 

 

 

Gaztetxeko irudiak

Gaztetxe honek hiru urtetik gora iraun zuen. Kanpoko irudietan antimilitarismoaren presentzia nabarmena da.

 

 

 

 

 

 

 

Epaiketa

Gaztetxea okupatu ondoren, dirulaguntzak eskatu zizkion Azkoitiko Gazte Asanbladak Udalari, kultur ekimenak aurrera ateratzeko. Baina Udalak ez zuen gaia aztertu ere egiten. Orduan gazteak Udaletxera joan, eta ez zieten utzi alkateari eta zinegotziei Udaletik irteten gaztetxeaz hitz egin arte. Horren ondorioz, hilabete batzuk geroago Udalak salaketa jarri zuen 13 gazteren aurka, eta epaiketa egin zen egunean, astegun buruzuria izan arren, leku askotako gazteak bildu ziren protesta egiteko, Azpeitian.

 

 

 

 

 

 

Musika gaztetxean

Garai hartan rock and rolla ez zen kulturatzat jotzen, eta ez zen erakundeetatik batere laguntzen. Gaztetxeetan egin zuten aurrera berbenetatik kanpo aritzen ziren taldeek. Azkoitian eta Azpeitian bi talde nagusi sortu ziren garai hartan: Jotakie (lehen bi argazkietan) eta Dirección Obligatoria (hurrengo hiru argazkietan). Pop musika egiten zuten bi taldeek. Punk musikarako zaletasuna bazegoen, baina talderik ez zen sortu.

 

 

 

 

 

 

Ekintza antimilitarista

Nahiz eta Galdu arte-ko fikzioan 1984an kokatua dagoen, ekintza hau 1985ean egin zen benetan Azkoitiko Udaletxean, nobelan kontatzen den modu berean gutxi gorabehera. Urte haietan Udalak soldaduskara joan behar zuten gazteen neurriak hartzen zituen, gero datu horiek Espainiako Armadari bidaltzeko. Udalak Armadari emandako laguntza modu hori salatzeko, gazteek saboteatu egin zuten neurketa: baskula leihotik behera bota zuten (ez dago argazkirik) eta taila Udaletxeko eskaileretatik behera bota eta puskatu.

 

 

 

 

 

 

Kalean 1

Kalean era askotako mobidak antolatzen zituen Gazte Asanbladak. Kasurik gehienetan koloretsuak eta deigarriak izaten ziren. Argazki hauek igande eguerdi batean eginak dira, eta Azkoitiko gizartea bitan «banatuta» erakusten dute: batzuk Meza Nagusitik irteten eta besteak «Punk not dead» dioen «Tiro al fatxa» bat eramaten Plaza Nagusira.

 

Azkeneko bi argazkietan: «Tiro al fatxa»-ren pareta batean «Berde, te vamos a crucificar» idatzi zuten gazteek. Roman Sudupe, orduko alkatea, «Berdenekue» edo «Berde» da familia izenez Azkoitian, eta haren kontrakoa zen idatzi hori. Baina guardia zibil batzuek, «Tiro al fatxa» hori kasualitatez ikusi zutenean, uste izan zuten beren kontrakoa zela «Berde, te vamos acrucificar» letreroa. Bi gazte eraman zituzten kuartelera, baina han dena argitu zen eta gazteak askatu zituzten.

 

 

 

 

 

 

 

Kalean 2

Kaleko ekintza batean Roman Sudupe alkatea irudikatzen zuen panpina urkatu zuten gazteek Plaza Nagusian, obra batzuetako garabi batetik zintzilik.

 

 

 

 

 

Gaztetxe berria eta Matadeixe

Udaletxeak gaztetxe berria eraiki zuen, herriko plazan, gazteekin kontsultatu gabe. Bizirik zegoen gaztetxea desalojatu eta itxi zuen, baina berria ireki ez. Kontrola ziurtatu nahi baitzuen ireki aurretik. Baina azkenean ezin izan zuen, eta Azkoitiko Gazte Asanbladak kudeatu zuen gaztetxe berria, harik eta, 1993an, Udalak itxi zuen arte. Urte horietan barne eztabaida handiak izan ziren gaztetxean. Batez ere heroinak gazteeen artean eragin zuen triskantzaren ondorioz. «Soldaduskarik ez» eta «Soldaduska honi ez» lemen arteko borrokak ere izan zuen islarik. Azken argazkian, Matadeixe agertzen da, Azkoitiko gaztetxeen oinordekoa, neurri batean.

 

 

 

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


"Galdu arte" liburuaren orria
susa-literatura.com