Prest al gaude gure bizitzako egiak entzuteko?

Galdera egiterako

prest egon behar duzu erantzuna pairatzeko,

egia batzuek lehergailuen indarra baitaukate,

zure bizitza hankaz gora jar dezakete

eztanda labur batekin.

Prest al dago emaztea

senarra astero putetara joaten dela jakiteko?

Prest al dago gaztea

gurasoek harekin izandako desilusioa jakiteko?

Prest al dago bikotea

egunetik egunera bizitza aspergarriagotzen ikusteko?

«Nik hau nahi dut!» esatetik «Nik hau nahi al nuen?»

galdetzera dagoen eremua zeharkatzeko prest al gaude?

Jendea presaka bizi omen da, lana, atsedena,

loaldiak eta dena programatuta,

ez dauka eta ez du eduki nahi denborarik ezertarako.

Etsaia zaigu denbora, galderak parasitoak bezala

ernaltzen dituen lur emankorra baita.

Ezer egin gabe

gaiztotu egiten den landare ahula da gizakia.

Iraupenaren alde sakrifikatzen ditu gauza asko.

Bere oreka kolokan jarriko duten galderarik egin gabe,

bizitzea eragozten ez duten gezurrak onartuz

ihes egiten dio suntsipenari,

gauzak noraino jakitea komeni den antzemanez.

Berandu denean bakarrik pizten zaio egiaren jakin nahia.

Egia ausardiaren edo etsipenaren fruitua baita,

eta gezurra koldarkeriarena.

Alabaina, koldarkeria hori bera ez ote da

jakinduria lortzeko bide bat,

egiara iristeko bidezidor bat?

 

 

© Pako Aristi

 


susa-literatura.com