Nik ere aurkitu nuen nire bizitzako amodioa,

nahiko azkar, gainera,

baina ez nuen bizitza osoa harekin igaro nahi izan.

Misterioren bat gordetzen zuten gorputzetan

galdu nintzen,

edertasunaren ikara zeukaten gorputzetan,

zantarkeriaren lilura zikinean

ibili nahi izan nuen aztarrika

nire mingainarekin, nire eskuekin,

besteen izerdia dastatu

eta zakila barneratu errai egokietan

edo leku antzu anitzetan.

Zure bizitzako amodioarekin gertatuko dena

iragarria izan zaigu enpagua sortzeraino.

Gela ezberdinetako usaina ezagutu nahi nuen.

Hainbeste lanekin lortutako zorion samurra

apurtzearen plazera sentitu nahi nuen

gorputz osoarekin.

Neure burua bota eta haitzak jo nahi nituen

gorputz osoarekin,

eta era berean nire minaren ikusle bilakatu.

Zorionak ez nau liluratzen.

Jendeak zorionagatik egiten duenak hotz uzten nau.

Horregatik nire bizitzako amodioa hil egin nuen,

benetan nire bizitzako amodio baldin bazen

berpiztuko den itxaropen etsitu baten agindura.

 

 

© Pako Aristi

 


susa-literatura.com