Ez dut inoiz neure buruarentzat beste paturik irudikatu

idazle izatearena baino.

Ez nuen neure burua goizero lanera joaten ikusten,

edo etxebizitza berri bateko parketa zapaltzen

umeen jostailuen erdian.

Tipo bakarti bat izan nahi nuen,

aldika konpainia onarekin gozatuko zuena.

Aldika tabernan afaltzen duten

tipo argal horietakoa izan nahi nuen,

hitz gutxi esan baina sekretu asko dauzkatenak.

Lekuetan agertu eta desagertu,

inork ez dakiela nora joan naizen.

Parrandan atera eta gaua non amaituko duten

ez dakiten horietakoa izan nahi nuen,

konpromisoak erantzun gabe utzi,

ordu erdia irauten duten maitasun promesa eternoak egin.

Nire patua idazle izatea da:

ez duzu lotura laboralik inorekin,

interesgarri agertzen zara denen aurrean,

eta beharrezkotzat onartzen dizuten ero-puntuak

zeuk nahi bezala bizitzen laguntzen dizu.

Edo zeuk nahi duzun bezala hiltzen.

 

 

© Pako Aristi

 


susa-literatura.com