Trena hartuko nuke (zure begietan)
estaziorik balego

 

Niri interesatzen zaidana beste geografia

hori da, barne geografia. Denok garunaren

barruan ditugun amapola zelaien geografia,

begietan barnako trenena, lantzean behin

izozten diren ginebra ibaiak.

Bob

 

Mugimendua eta gelditasuna. Kosmosa egongela hartan bi gauzak ordezkatzen zuten: beti diskoren bat biran zuen gramola zaharrak batetik, eta lurrean, gramolaren ondoan zegoen berunezko hontz txiki hark, bestetik. Ia hutsik zegoen gainerakoan horma horiztatuko egongela estu sabai altukoa. Leihoan, katedral gotiko bat, antezko zapata busti pare bat eta erronbo formako alanbrez hesituriko zubi bat bistatzen ziren. Zapatak leihoan zeuden lehortzen jarrita. Zubi altxagarriak eta katedralak ere zintzilik lehortzen jarrita egoteko itxura guztia zuten, han leihoan. Ia edozein zokotik adi zitekeen betun beltzaren usainaren antzeko aire sarkor batek entzungarri egiten zuen kaleetako adokinen distira.

        Eta euria egin berritan, hiri hartako kaleei arrain ustelaren usaina zerien, trenbideko trabes paralelo bustiek arrandegietako egurrezko kutxa apurtuez eginak ziruditelako, akaso.

        Une hartantxe euririk ari ez bazuen ere, ilunbista hartan, gramolaren orratzak diskoa zauritzean euria egiten zueneko soinu baxu berbera sortzen zuen kantutik kantura dagoen trantsizio isilean. Diskoaren binilozko erretenek bazuten edozeinek bizitzan har ditzakeen basamortu eta hutsarteekin zerikusirik. Iraganaren binilozko eraztun meheak. Lainoek hartua zuten leihoaz bestalde zerua. Kaleetan biraoka arituko ziren honezkero astronomo eta zaletuak, lainajeak ikuskizun txundigarri hura eragotziko zien beldur. Egon ere, belun zegoen giroa kaleratu zenean. Hiriak disko erraldoi eta irregular baten antza hartzen zuen; zorte apur batekin, hiri erdiko kartoi gogorreko zabalgune gorrian, A aldean, diskoaren kanta inprobisatu hainbaten izenburuak ere bereiziko zituen miopiarik ez zuenak. First Tango In Beluna Moon. Edo kaleen izenak kurtsibaz idatziak: Bolivia Auzunea.

        Inork ez zuen zalantzan jartzen: birak eta birak ematen zituen diskoaren itxura hartzen zuen ilunbista hartan hiriak. Bizitzaren aurreko jarrera izan zitekeen gramolaren orratzak diskoarekiko duen berbera: hasierako eraztun bira luze haiek denboraren igaro neketsua adierazten, geroago isiltasun eten pare bat euri arrotzarekin, gero eta laburtzenago doan zurrunbiloaren begira inguratu beharra. Zulo bat euririk gabea. Estolda zulo biribilak. Bizikleta bat putzuak gainezkatzen. Argindar kable bustiek sortzen duten zomorro hilzoriaren gisako ziztua. Orratza altxarazten duen beso bat. B aldea. Beluna. Betun beltzaren usaina nonahitik aditzeko modua. Usain entzungarria.

        Kaleratu bezain pronto eta autorantz zihoala, Klara Miaok New Yorkeko 52. kaleko klubak arrakasta gehiegirik gabe kopiatu nahi zituzten lokalekin egin zuen topo: Beluna Moon, Iris Club, nora ezak beti eramaten zituen hontzak leku berberetara, nola batzuetan gramolaren orratzari kontrako eztarritik sartzen zaizkion diskoaren zenbait eraztun, hala geratzen zen hiri hartako jendea ere korapilatuta ildo berera, kale berberak behin eta berriz zapaltzera derrigorturik.

        Orratzak aurrera egin nahi zuen, baina trabatuta geratzen zen marratutako diskoaren gainean, kontrabaxuaren hariei kateaturik. Berdina gerta dakioke edozeini zenbait kaletara beste aukerarik gabe itzuli behar izaten duenetan, behin eta berriz taldetik atzera geratu eta berriro gomarena eginez sugearen isatsari lotzen zaizkion txirrindularien gisara. Putzuak gainezkatuz. Argindar kable bustiek sortzen duten zomorro hilzoriaren gisako ziztua. Orratza altxarazten duen beso bat. B aldea. Beluna.

        Bolivia auzunean, beste hainbaten artean bat gehiago zen orain hertsirik zirudien Iris Club izeneko hura. Marrubi usaina duten emakumeak. Eta irisean irakurtzen da etorkizuna. Horregatik jarri zituen betaurreko beltzak, bere begi deblauki txinatartuek sala ez zezaten egitera zihoana.

        Irisean irakurtzen da etorkizuna eta Klara Miaoren irisean bi marra gorri paralelo daude, ezker begiaren zuriunea bertikalean zeharkatzen dutenak, goitik beheraino, begi-niniaren goi eta behe hartuz, bi zain txiki ia ikusezin. Bi marra paralelo horiek izan daitezke bere bizitzan korrika ibili dituen kale hondartuak, edota gramola zaharregi baten orratzak melodia gatibu bat murtxikatu nahian urratutako begiak, edo orga herdoildu batek utzitako arrastoak, edo gorriz idatziriko egunkari kronika letra ttipidunen arteko hutsuneak. Bokal askoz osatutako kronika baten tarteko hutsuneak izan beharko lukete edozein kasutan, lerro itxura gehiago ematen baitute bokalek. Ezker begiko zuringoan dituen bi marra horiek izan daitezke Bolivia auzuneko pentsioko apartamentura igotzeko eskailerak, ezkerraldean garbituak eta eskuinaldean hautseztatuak. Bizilagunek ez zuten besteren lana egiteko astirik hartuko. Ez horixe. Norberak bere eskaileren aldea besterik ez zuen garbitzen Bolivia auzuneko bebarruetan. Hor konpon besteena.

        Irisean irakurtzen da etorkizuna eta horregatik jantzi zituen eguzkitarako betaurrekoak. Baina alferrik zen ezkutatu nahi hura, Klara Miaoren samina ezpainen dardaran ere irakur zezakeen braille metodoa menperatzen zuen edonork, bere hatsa hatzetan sentitze hutsarekin.

        Eklipsea gora eta eklipsea behera. Eklipseak hau eta eklipseak bestea. Eklipse zoragarri hartaz mintzo ziren egunkariak. Mende osoan ez omen zen ostera halako eguzki eklipserik ikusteko aukerarik izanen. Baina lainaje harekin, nahikoa lan izanen zuten ezer ikusteko.

        «Zer nolako hanka sartzea egin dudan» pentsatu zuen Klarak bere baitarako, «egunkaria billete batekin ordaintzen duena gogoan hartzen du beti saltzaileak».

        Baina berripaper saltzaileak ez zion horri erreparatu, eta are gutxiago billeteak ezkerralde zimurtuan lapitzez idatzirik zuen mezu bitxiari:

 

hirugarrena ez da urdina.

 

        Autoa arrankatu eta autobide hutsean barneratu ahala, gidari-lagunaren aulkian zegoen egunkariaren goiburuei begirada bat bota zien. Lehen orrialdeko argazkian ikusi zuen atxilotu arriskutsuaren begi irekiek, arrazoi azalgaitzengatik, betunaren usaina ekarri zioten usna-ildoetara; ziur tipo hura ere ez zela hain gaiztoa —otu zitzaion—, ziur emazte eta seme-alabak zituela, baina egunkariek gaizkile estereotipatuak nahi dituzte. Ziur atxilotu hura ez zela azken bi asteetan setati bilatzen aritu zirena ere, ziur jendea lasaitzeko zioaz kopetan zentimetro eta erdiko orbain gaiztotua eduki eta ron hatsa ahotik koilarea bailitzan zintzilik zuen lehenengo gizajoa harrapatu zutela.

        Pentsioko gramolaren ondoko berunezko hontza ekarri zioten gogora egunkariko aurpegiaren begiek. Gela hutsa. Gramola bat bakarrik egurrezko lurrean. Gramolaren ondoan dago begi urdin-berdeak dituen hontzatxoa. Ez da mugitzen, berunezkoa baita. Baina berunezkoa ez balitz ere, ia ziurtasun osoz eta probabilitatean oinarritu gabe, esan zitekeen ez zatekeela mugituko geldirik egotera destinaturiko hontz hura. Itsu-itsuan sinesten zuen Klarak probabilitate kontuetan, kosmosaren oreka gertagarrian. Zientifikoki frogatuak zituen, gainera, bere teoriak, urteetan zehar. Semaforoa gorri zegoen.

        Gidari-lagunaren aulkian zegoen egunkariko titularrei beste zeharbegirada bat eman zien Klarak gogogabe. Nepalen hegazkin bat erori eta ez zuten inondik inora haren arrastorik topatzen. Gai polita zen hegazkinena bere urduritasuna entretenitzeko hiriko semaforo horiztatuetan.

        Numeroek, probabilitate kontuek beti funtzionatzen zuten. Klarak beti uste izan zuen abioi konpainiek hegazkin istripuetatik bizirik ateratako jendea kontratatu beharko luketela hegaldien erabateko segurtasuna bermatzeko. Bidaiarien artean hegazkin istripu batetik bizirik ateratako norbait badoa, asko jaisten baitira ezer gertatzeko aukera estatistikoak. Zorte txarra litzateke —esaten zion bere buruari Klarak— garraiobiderik seguruena den horretan istripu bat izatea. Zorte txarra hamaika aldiz biderkatua, hegazkin istripu batetik bizirik atera den batek beste abioi istripu bat izan eta hontzekin elkartu behar izatea. Begi orlegiak dituzten hontzekin. Semaforoa berde. Aurrera.

        Pabilioi handietan ez zegoen mugimendu askorik ordu hartan; han-hemen geldirik zeuden petroliontzi izugarriak ibai zabalaren bi ertzetan. Bada hegazkinen eta probabilitateen erreflexioa eraztun pare bat harago ere eramaten duenik. Klarak, joan zen urtean berripaperetan irakurritakoa errepasatzen zuen bere kabutarako, ibaiak bere zikinkeria itsasora isurtzen zuen puntuan kokaturiko zubi altxagarrian zain. Bere ondoan, bera bezalaxe, ferria zubipetik noiz igaro zain zegoen autoko exekutibo maletadunak eman zien Klararen gogoetei hegazkinetara desbideratzeko aukera oraingoan. Marokon aljeriar bat harrapatu zuten maletan zazpi kilo trilita zeramatzala. Atxilotua izan ostean Poliziari lasai antzean adierazi zionez, ez omen zen hura egiten zuen lehen aldia, ezta gutxiagorik ere; ez ei zeukan abioia leherrarazteko fede txarrik batere, probabilitate kontua besterik ez omen zen bere hura, hegazkin bat hartzen zuenero eramaten zuen lehergailu hura maletan. Izan ere —zioen— terrorista ipar afrikarrek sarri-sarri sartzen dituzte lehergailuak hegazkinetan, baina orain arte sekula gertatu ez dena da abioi berean bi leherkari egokitzea, estatistikoki, eta dauden adina hegazkin (asko) eta lehergailu (gutxiago) egonik, oso zaila delako hau gertatzea. Horrela, norberak kontrolpean lehergailu bat eramanez gero, arrazoitzen zuen logika paregabea azkenduz trilita eramaileak, zeropekoa zen ia kontroletik at legokeen lehergailu bat hegazkinean egokitzeko aukera. Lasaiago eta ziurrago bidaiatzeko era bat baino ez zen beraz bere hura.

        Ferria pasea zen. Emeki-emeki jaisten zen zubia. Bere ondoko autoko gizon maletadunak zigarro bat piztu zuen. Klara Miaok, pospolo hark pizturiko zigarro hura hiria leherraraziko zuen metxa zela imajinatu zuen, ihes egin beharra zegoela, beraz, lehenbailehen handik. Hiriak lehertzera zihoan disko bat ematen zuen bere binilozko eraztun zulatuegiekin. Baina ihesa ez zen itzultzeko modu bat besterik. Diskoa bukatzean hasierako tokira bueltatzen da beti disko-jogailuaren orratza.

        Pentsioko gela kosmosarekin parekatzea gustatzen zitzaion. Gramola zahar hura, mugimendua, gaua. Berunezko hontzatxo hura zen zahartzen lagunduko zion gelditasuna. Maleta guztiak batuta utzi zituen arren, hontzatxoa berarekin eramango zuen, poltsikoan, amuletoa bailitzan. Baina horretarako bere eginbeharra bete behar zuen lehenbizi. Beirate zabaletatik ikusmira argitsua erakusten zuen lokal baten aurrean apartatu zuen autoa. Autotik jaitsi eta lehen paperontzian egunkaria utzi ondoren barneratu zen Belunara.

        Beluna Moon zioten kanpoaldeko fluorezko letra orain itzaliek. Barran ez zegoen inor eta kontzertuak ematen zituzteneko oholtza ari ziren konpontzen. Pianoa ez zegoen han. Hobeki esanda, pianoa han egon arren, hilda balego bezala zen Klararentzat, arintasun izugarriz teklak jotzen zituena falta zen-eta. Ez zuen sekula ahaztuko Klarak, Nikolasi bere jotzeko eraren bizipozaren zergatia galdetu zionean honek eman zion erantzuna:

        — Ez da nire errua, andereño; katu bat dago pianoaren barruan, nik erdia baino ez dut jotzen, katua da lanaren beste erdia egiten duena.

        Oholtzari jo eta jo ari ziren arotzak. Jasanezina egiten zitzaion mailuaren hotsa. Ilunpean, argiak amataturik ari ziren oholtza konpontzen. Eserleku guztiak hutsik zeudela, esker onik jasotzen ez zuen clown baten antza hartzen zuen arotzak. Bazuen bai, apurka-apurka burusoil geratzen diren pailazo horien halako aire bat, margo zuriaren azpian zimurrak sumatzen zaizkion pailazo horietako baten antza. Gogoetak baztertu eta egin beharrekoa mentalki errepasatu zuen berriro, hamaikagarren aldiz. Oraindik hiriaren kanpoaldeko eraztunetara inguratu beharra zeukan, diskoaren eraztun zabalenetara.

        Film bateko eszena etorri zitzaion gogora.

        — Argi ibil hadi, aixkide, kale hauetan zutunik dabiltzanak itzalak dituk, espaloietako mantxa koipeztatu horiek dituk bertoko biztanleak. Norbaitekin traturik egitekotan, itzalekin egin beharko duk berba.

        Azken burutazio honek eta Belunako barraren gainean bata bestearen ondoan lerraturiko bourbon botila erdi hutsek gogora ekarri zioten argia zein garrantzitsua den bizitzeko. Lokala utzi eta gaizki aparkaturik laga zuen autora igo zen berriro, irratia piztu eta periferiarantz abiatzeko. Autoa geldo zihoan orain, kalean gora, pneumatikoak urtu eta betunezko zirkulu astun bihurtu balira legez.

        «— Dena dela, eguraldiak apur bat altxatzen ez badu, nekez ikus ahal izango da gauza handirik... Hori bai, behin eta berriz gure entzuleei gogoratu behar dieguna da ez dela eklipsea begi hutsez ikusterik komeni, ez da hala doktorea?

        »— Halaxe da bai, erraz uler dezaten esango dugu... arriskutsuak diren izpi batzuk irradiatzen dituela eguzkiak, eta ondorioz zera aholkatzen dugu: hiru dimentsiotan telebista ikusteko erabiltzen diren betaurreko horietako batzuk baliatzea: argi ibili, ordea, ez da nahikoa eguzkitarako betaurrekoekin; nahi izanez gero, erabil daiteke baita ere amonaren aldaka hautsiaren erradiografiaren bat, ja, ja! Bai, bai... ez naiz txantxetan ari, erradiografiak eta plakak ere baliagarriak dira izpi horiek irazi eta begiak babesteko; baina berriro diot, ez da aski eguzkitarako betaurrekoak erabiltzea...

        »— Barkatu, doktorea, baina gure entzuleei gogorarazi behar diegu gure saioa Blay Oilarra-ren sobreko zopek babesten dutela, eta hau, besterik ezin izan noski, Paradiso Irratia dela, zerura irekitako zuen sabai-leihoa dialeko 22.2an, hiru zisneen irratian: 2-2-2...».

        Azeleragailua sakatu eta elkarrengana gerturatzen ziren farolen abiada sentitu zuen gibelean. Emakumeen zangoetatik erauzitako media hautsiak eta zakarrak zurrunbilotzen ziren bide ertzetan. Hiriaren kanpoaldea plastiko gardenezko eraztunez zegoen josia, diskoa izoztu edo hauts zuriak estali balu legez: negutegiak. Aireportu alanbrez hesitua ere hurrean zegoen handik. Klara Miao txikitan aireportu baten ondoan bizi izana zen urte mordoxka batez.

        — Hau da munduko aireporturik isilena, hala esan zigun behintzat apartamentua saldu zigun agentziak.

        Gurasoei hainbestetan entzundako esaldi ironikoa, zilarrezko aireplanoren batek izerdi eta lokamutsetan esnarazten zituenetan edozein berunezko gauetan.

        Bihurgunez bihurgune aldapa igo ostean, supituki geratu zuen autoa, luze lurreratu gabe iraun zuen ke-ildo bat utziz haizerik gabeko eguratsean esekita. Autoa eraikuntza babesten zuen murrura heldu baino berrogei metro lehenago aparkatu eta eskua sartu zuen poltsan, ezpainetakoa eskuratzeko kariaz. Zerbait garrantzitsua egiten zuenetan apain agertzea zuen laket eta Klara amorratu egin zen zeharo, poltsan batere ezpainetakorik ez zeramala begiztatu zuenean. Ilea orraztearekin konformatu, eta —nahikoa ez zela bazekien arren— betaurreko beltzak jantzi ondoren, eraikuntza babesten zuen murrurantz abiatu zen maleterotik eskuratu beharreko errebolberra hartu ondoren.

        Murruaren ondoan abandonaturiko marmolezko estatuetan gora eskalatuz —irudi baten sorbaldan jarriz orain belaunak eta bestearen buruan besoak geroxeago—, murrua gainditzea erraza suertatu zitzaion. Presaka zeharkatu zuen patioa eraikuntza zuriko atarirantz abiatzeko. Inork ez zuen ikusi. Ate berdera deitu aurretik, sarrailari begiratzean, autoko maleteroa giltzatzea ahaztu zitzaiola ohartu zen. Berdin zion. Ez zuen denbora gehiegi beharko egin beharrekoa egiteko.

        Begiak hertsi eta hiria imajinatu nahi izan zuen bere gibelean, murruaren bestaldean. Dudarik gabe, hiria askozaz ere disko proportzionatuagoa izango zen gautzean: kriseilu bakanek seinalatuko zituzten isiltasun guneak. Disko-jogailuaren orratzari kontrako eztarritik joaten zitzaizkion hauts partikulak lezkoak ziren koskak edo kale higatuak. Hiriaren erdi-erdian, zulo bat, zurrunbiloaren hegia, kontrabaxuetako sokekin ito ziren eskaleen irensle.

        Berriro jo zuen atea. Inork ez zuen irekitzen. Denbora tarte luzez itxaron behar izan zuen atezuan, eta bitarte horretan, hiritik apartatuta zegoen ospitale hura zatekeela bere salako hontza otu zitzaion, hain geldia eta isila, baina era berean hainbeste bira ematen zituen gramola mugikor izugarri haren lekukoa. Inork ez luke zalantzan jarriko. Hiriak, birak eta birak ematen zituen diskoaren itxura hartzen zuen ilunbista hartan. Eta hiria diskoa bazen, ospitale leiho berdeko hura zatekeen hontz begiralea.

        Orduan dena argi ikusi zuen. Bere gelako eszena bera errepikatzen zen kanpoan, hirian. Berak ikusmira ezin zezakeen proportzio handiago batean ere errepikatuko zen segur aski hontzaren eta diskoaren hura. Bere hontzatxoaren begi barruan beste hontz bat eta beste disko bat egongo ziren, hontz txikiago honen begian beste hainbeste, eta horrela infinituraino, milaka hontz eta milaka disko. Blay Oilarraren sobreetan bezalatsu gertatzen zen: oilar urdin batek Blay Oilarraren sobre bat sostengatzen zuen eskuetan, sobre hau ere Blay Oilarra etxekoa zen, eta oilar berri bat ageri zen bertan beste zopa sobre bat sostengatzen zuena, eta horrela infinituraino. Eta zopa sobre guztiak kaxa batean sartuta etortzen ziren hamarnaka batuta. Eta kaxako marrazkia ere berbera zen: Blay Oilarra irribarretsu ageri zen sobre bat eskuetan zuela.

        Azkenean zabaldu zuten behintzat atea. Bisitan zetorrela adierazi eta aise utzi zioten sartzen. Barruratu eta berehala bukatu zuen lana, uste baino gutxiago kosta zitzaion gainera. Ez zion pultsuak dardararik egin. Pasillo zuri, lur axedrezatukoak zeharkatu, gela aurkitu eta ilunpean haren itzal mugiezina baino ez zuen ikusi leiho ondoan jarrita, Klarari bizkarra emanez. Baina apuntatzeko aski zen, hala ere; hobe tirokatzen zuenaren aurpegia zein zenik ere ez ikustea.

        Tiro bakarra entzun zen. Gorpua mortu eta pisu erori zen ilunpetan zegoen gelako zorura, harri puska zurrun bat bailitzan. Hori bai, hilotzek malguagoak izan behar zutela iruditzen zitzaion Klarari, baina pentsatzekoa da eraile guztiak harritzen direna beren ekintzen ondorioen formaz norbait hiltzen duten lehen aldian. Pareta mutu bat tirokatzea bezala izan zen.

        «Zailagoa izaten dun behin bakarrik erortzea, sekula ez erortzea baino». Apaizaren esana etorri zitzaion burura bizikletaren eserlekuaren gainean barruko arroparik gabe esertzea eta izter-zokoak eserlekuaren aurka leunki igurztea gustuko zuela konfesatu zion egun lauso hura berreskuratuz urduritasunaren sekuentzietan. Zenbaketa azkar bat egin eta gehiegizkoa iruditu zitzaion azken aldiz inork gerritik oratu eta bere izter arterainoko bidea egin zuenetik igarotako egun kopurua. Lehen ez bezala orain, besoetan egundoko dardarizoa zeukan, zainetan mizto ero bilakatu balitzaio bezala odola.

        Pertxero batean topatu zuen bata zuria jantzi, eta bataren botoiak lotzeko paradarik hartu gabe irten zen ate nagusitik, zelaian bildurik zeuden erizainen begiradei ihesi. Murruaren ondoan, aulkian erdi etzanda zigarrokin bati azken ausikiak ematen ari zen sarrerako zaindariak diosal egin zion, berari baino gehiago, bere eskoteari, hala iruditu zitzaion behintzat, xaharrak egin zuen keinuaren arabera. Klarak, ordea, eskuaz baino ez zion erantzun. Presa zuen alde egiteko. Dena den, burumakur zihoalako-edo, zaindariaren aulkipean ezkutatzen ziren 3D-ko betaurreko koloretsuak begiztatu zituen —eklipsea ikusteko, otu zitzaion hasieran— bai eta betaurrekoen azpian pilatzen ziren Penthouse aldizkari zimurtuak ere. Hiru dimentsiotako erotika ukigarria, bertan bazeunde bezala!, iragartzen zuen aldizkaria alderik alde zeharkatzen zuen letra deigarriko tirak. Bai zera eklipsea ikusteko. Eskoteari begiratu zion, bai horixe, urde hark.

        Behin kanpoan, marmolezko estatuen parean utzitako autora sartu eta ziztu bizian abiatu zen. Geroxeago, ezpainak margotzeko kariaz gasolindegi batean geratu eta autoko ispiluan bere ezpainen gorri zatarra begiztatu zuenean, bere ezpainetan arrotz zen karmin hura dastatzean, harri eta zur utzi zuen detaile batez jabetu zen: konturatu zen egia zela, hiltzaileek badutela inkontzienteki beren biktimen objekturen bat gordetzeko ohitura, eta bera ohartu ez zen arren, hotz-hotzean, hiru metrokoa kalkulatzen zuen distantzia hartatik tiro eman ondoren, hildakoaren esku-poltsatik lapurtua zuela ezpainetako gorri, lodi, zatar hura.

        Erietxea zegoen muinotik jaisten ari zela, itsasoaren baimenaz eraiki eta bere aurrean etzaten zen hiri hura tiburoiez beteriko putzua iruditu zitzaion. Petroliontziz betetako portu erraldoi hura berriz —doi-doi eutsi zion malko bati ezker begiko trenbide gorritik deskarrila ez zedin—, arrabio pozoitsuz betetako basamortu berun kolorea. Mila puskatan hautsitako diskoez gizendutako marrazoak, zauriak eta mina besterik sor ezin zezaketenak zain zeuden urpean. Shark in the mist. Portua igerian harrapatzen zutenek ere ez zuten luzaro iraungo, arrabio ezkutuen ziztadapean pozoiturik zenduko baitziren.

        Ospitalea utzi zuenean «ez da nahikoa inolaz ere eguzkitarako betaurrekoak erabiltzea» bere hasierako burutazioak «zailagoa dun behin bakarrik erortzea, sekula ez erortzea baino» berreskuratu, eta hirugarrena ez da urdina esaldia tatuaturik zeraman billetea honezkero hiruzpalau aldiz eskualdatua izango zela pentsatzeak lasaitu zuen.

        Hontzaren irudia etorri zitzaion berriro ere burura: pertsiana irekiko antigoaleko ospitale hark begi berdeak zituen hontz izugarri baten gisara zorrotz erasotzen ziola bere gibelean, horixe otu zitzaion. Baina benetako hontzek ez dutela barroterik izaten begietan. Horixe ezetz.

        Betirako geratu zitzaion bere ezker begiko zain paraleloen erdian hontzaren begirada hura, edozein giza begiradak baino aztarna sakonagoa utziz. Gero, burdin sarez inguraturiko aireportua igaro eta zubi altxagarria bigarren aldiz zeharkatu zuen, lumaje bilduan bere apartamentura abiatuz. Abenidako semaforo batean geratu zenean, musika tresnaz betetako erakusleiho bat ikusi ahal izan zuen. Lepoa luzatu zuen, nahigabe, erakusleihoko isats-pianoaren estalkipean katuren bat ikusteko itxaropen nagiaz akaso.

        Lehenbailehen etxeratu, jada baturik zituen maletak hartu eta hegazkinean egoteko gogoa sentitu zuen. Pentsioa hiriaren beste puntan zegoen ordea, urrun—miles ahead—, eta negutegi erraldoietako lorautsaren usaina ez zuen oraindik atzean utzi.

        Leihotik burua atera eta, doi-doi bazen ere, McDonnell Douglas konpainiako hegazkin bat identifikatu zuen hiria zeharkatzen. Ornithology. Izan ere, txikitan, etxebizitza agentzien arabera munduko isilena zen aireportu haren alboan bizi zirenean, hiritik at bizi ziren eskolakideek txori mota ezberdinak lumajearen koloreen arabera bereizten zituzten era berean, aitona ingeniariak erakutsi baitzien berari eta bere bi ahizpei hegazkinak ateratzen zuten zarataren edota hauek zituzten kolore eta marka ezberdinen arabera bereizten.

        Eskaileratan gora, dena inbaditzen zuen usain batek bere eginbehar gertuenak gogorarazten zizkion: leihoko arasan lehortzen jarritako antezko zapatei igurtzi bat eman eta alde egitea.

        Egongelara sartzean sofan etzan eta apur bat lo egitea okurritu zitzaion. Gramolan ahaztuta utzi zuen diskoak biraka zerraien artean, aurrera jo ezinean trabaturik, kale berean kateaturik oraindik.

 

 

 

© Harkaitz Cano

 


susa-literatura.com