Animalien mendekua

Markos Zapiain

"Hontzaren orduak"
Txiliku
Elkar, 2001

   Zilegi da Txilikuren Hontzaren orduak ironiari garrantzi handirik ematen ez dion ikuspuntu batetik irakurtzea. Izan ere, ironiak ez ote du oinarri, umoreak ez bezala, ironizatzaileak bere burua ironiak joa baino gehiagotzat hartzea? Anjel Lertxundik aurrena eta Xabier Mendigurenek gero, Txilikuren ironia azpimarratzen dute; baina Txiliku ez da ilustratu ironiko tipikoa, ez die zientziaren eta zentzun modernoaren faroaren goietatik herri xehearen uste atzeratuei iseka egiten. Begizkoarena eta madarikazioarena, adibidez, anbiguo uzten du. Maurixio eta Demetriorentzat, oreinaren madarikazioak erabakitzen ditu osteko gertaera lazgarriak; Anguiano sarjentuarentzat orobat, Ortiz kabuaren adur gaiztoak. Txilikuren ikuspuntua ezin da hauenarekin osotoro identifikatu, noski; baina ezta Joanma eta on Antonioren ikuspuntu modernoagoarekin ere, ez bederen erabat. Ipuinon egileak arima asko ditu, hontza ere bada Txiliku. Alabaina, ironia ez da kriseilurik egokiena, zenbait arima argitzekotan. Halatan, dezifratzeko zeinuz josiriko liburu hau Joseba Zulaikaren Ehiztariaren erotika gogoangarriarekin batera irakurri behar da ironia ilustratuak ez du bertan zereginik.

   Txilikuren liburuak nabaritzen du sakonagoa dela ez dakiguna, dakiguna baino; erabakigarriagoa gordea, ageria baino. Duguna ez da dagoenaren itsaso zabalean bakarturiko potxingoa baizik. Zientziak bezala, gizakiok osotasunaren esparru bat zedarritu eta bertan kosmostxo bat sortzen ahalegintzen gara; baina zeinen hauskorra den oreka gune hori, zelako danbatekoak datozkion anitzez gogorragoak diren indar kaotiko ilunetarik... Hontzaren orduak-en txoko gastronomikoa, kuartela, benta, epaitegia bera ere hein batean, ageri dira gizakiek eraikiriko gune hertsi ulergarri gisa, indar kontrolagaitzek ezustean zapartatuak.

   Gizonek eraiki eta gobernaturikoak dira guneok, bestalde, ez andreek; beren animalia aldearekin harreman ezin txarragoak dituzten gizonek hain zuzen. Barruko piztia jasanezin zaienek, kanpoko egiazko piztiak hiltzeko joera izaten dute; halakoa da adibidez Maurixioren kasua, edo Anguiano sarjentuarena. Baina beren kaxkarrean giza esparru antolatuetan babesa bilatu duten gizontxook, ez dakite deus animalien erresumako legeez, eta berehala ordaintzen dituzte animalien aurkako gehiegikeriak: ez dakigunetarikoen artean baitira oreinaren mendekuaren nondik norakoa, edo Kanelo txakurtxoarena, edo Gorritxo txekorrarena, edo hontzaren uluaren zentzua.

   Izan ere, hontzaren munduan guztia dago guztiarekin lotua, baina arrazoiari ihes egiten dioten hariez. Hontzaren ulua, pinpirin beltza, zakurraren intziria... ahantzi genuen zeinuok irakurtzen. Teknika eta zientziarekin asko irabaziko genuen apika, baina ez dago galerarik gabeko aurrrerapenik: menditik, behetik, antzinatik, sakonetik datozkigunei, geure bizitza eta heriotza erabakiz, ezikusia egiten diegu txolin-txolin eta harropuzkeriaz, ezustean berton ditugun arte.

Euskaldunon Egunkaria, 2002-02-26

 


susa-literatura.com