New York-en bizitzen
Javier Rojo
"Piano gainean gosaltzen"
Harkaitz Cano
Erein, 2000
Piano gainean gosaltzen, lerro hauek idazterakoan Harkaitz Canoren azken liburua dena, nobelaren eta kazetaritza kronikaren erdibidean dagoen liburua da. Orrialde horietan zehar idazleak egiten du New Yorken pasatu zuen boladaren kontaera, atal laburretan eta idazle honen luma zolitik hain erraz ateratzen dela dirudien idazkera gardenean. New Yorken bolada bat pasatzeak ematen dio idazleari hango gizartearen deskripzioa egiteko aukera. Gauza arruntetatik hasita, eguneroko bizimodua ateratzearekin zerikusia duten gauzetatik alegia, hausnarketa sakonagoak egiteraino mugitzen da idazlea liburu honetan. Horrela ikusiko dugu zer nolako tirabirak izaten dituen taxistekin, etxebizitza lortzeko trikimailuak, auzoekiko gorabeherak, iparramerikarrei hain garrantzitsuak iruditzen zaizkien txikikeriak... Hauen artean aipagarriak dira bizitza sozialaren nondik-norakoak, beste puntu batetik ikusita, etengabeko parrandaren itxura izaten dutenak. Liburu hau, alde honetatik, hiri handian bizirauteko eskuliburutzat har daiteke, eta hara doazen bidaiariek eskertuko dute. Ez dago dudarik bere xarma duela, gauza arrotzen bitxikeria ezagutzeko morboagatik baino ez balitz ere. Honez gainera, bestelako kontuak ere aipagai ditu Canok, eta badirudi azalezko itxuratik haraindi joan nahi duela, hausnarketa sakonagoak eginez. Behin eta berriro agertzen diren bestelako gai hauen artean heriotzarenak aparteko tokia du, batez ere buruhilketaren aldaeran. Dena dela, iruditu zait gai hau erabiltzerakoan Canok literarioegi jokatu duela, azalegi alegia. Hau da, heriotzarenak Canoren liburuan literatur gai bat baino ez dela ematen du. Harkaitz Cano erreztasun handiko idazlea da. Esan nahi dut ia kostatuko ez balitzaio bezala idazten duela. Erreztasun hau idazleentzat aho biko ezpata izan daiteke, ordea, behar den moduan kontrolatzen ez badaki. Erraztasuna errazkeria bihur baitaiteke ia konturatu gabe.
Ipar Atea, 2001