Piano gainean gosaltzen

Castillo Suárez

"Piano gainean gosaltzen"
Harkaitz Cano
Erein, 2000

   Harkaitz Canok Joseba Jaka II. Literatur beka lortu eta poema-liburu bat idaztera New Yorkera joan zen zortzi hilabetez. Hala, Martxelo Otamendik enkargua egin zion joan aurretik: Egunkarirako kronikak idatz zitzala astero. Kronika horien ondorio zuzena da Piano gainean gosaltzen. Izan ere, kronika-liburu honen zenbait puska Egunkarian agertu ziren 1999an. Kronika horien bidez jabetu ziren asko Harkaitz, besteak beste, Txuspo Poyo altsasuar artistarekin bizi zela Brooklyneko loft batean, alegia etxebizitza bihurtutako —eta erdi okupatutako— fabrika batean.

   Harkaitzek dio pertsonak ez direla hiriez maitemintzen, pertsonez baizik. Dena den, denok dugu ziutate bat bihotzean eta Canok New York du bere baitan eta itzuliko da egunen batean, nahiz eta badakien agian ez duela utzitakoa aurkituko. Aztarna handia utzi dio New Yorkek Canori, han eginiko harremanak errazki desagertuagatik.

   Nik Canoren deskribapenak maite ditut. Gaitasun ikaragarria du oharkabean pasatzen zaizkigun gauzak interesgarri egiteko, xehetasunez beteriko deskribapenen bidez irakurlearen arreta lortzeko. Horiengatik merezi du liburua irakurtzea.

Guaixe, 2001-02

 


www.susa-literatura.com