New Yorken zehar

Javier Rojo

"Piano gainean gosaltzen"
Harkaitz Cano
Erein, 2000

   Ia nobela bailitzan irakurtzen den kronika liburua argitara eman du Harkaitz Canok, "Piano gainean gosaltzen" izenburupean. Bertan agertzen zaigu idazleak New Yorken pasatu zuen boladaren kontaera, atal laburretan banatua eta kazetaritzatik hurbil dagoen idazkera batean. Gertaera honek ematen dio, jakina, hango gizartean (guztiak arrotz izateagatik guztiak bertoko bihurtzen dituen gizartea) ikusten dituen bitxikeriak kontatzeko aukera. Etxebizitza lortzeko zailtasunak, taxistekin dituen gorabeherak, hango gizartea astintzen duten kontuak, baldin eta ezer badago hango gizartea astintzeko gai denik, etengabeko parranderen itxura duen bizitza soziala... honelako gauzez beterik dago liburua eta alde honetatik badu xarmarik.

   Bidaiari galduentzako gidaliburu presazkoaren funtzioa bete lezake noiz edo noiz. Alderdi ikusgarri honez gainera, egoerak bidea ematen dio idazleari bestelako gai sakonez ere hitz egiteko. Heriotza, adibibez, behin eta berriro azaltzen den gai errekurrentea da; nago, ordea, gai hau ez ote duen literarioegi erabili, literatur jolasa baino ez balitz bezala. Edonola ere, duda ezina da Canok idazteko duen trebezia eta honetan ere euskal literaturaren azken belaunaldiko idazlerik interesgarriena dela deritzat.

El Correo, 2001-02-07

 


www.susa-literatura.com