Mikrokosmos iradokorra
Juan Luis Zabala
"Hegoaldeko autopista"
Julio Cortazar
euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Erein, 1994
Julio Cortázarren ipuinik ezagun eta biribilenetako bat itzuli digu Gerardo Markuletak Ereinek zabaldu berri duen "Milabidai" izeneko liburu ttikien sailean, ipuingintza unibertsaleko antologietan agertzeko modukoa zenbaiten ustez: "Hegoaldeko autopista". Egungo bizirnodu modernoaren ezaugarri den auto ilara amaigabearen ideia azken muturreraino eramanik, egungo gizarte modernoaren ispilu den gizarte txikiagoa eraiki zuen ipuin honetan Cortázarrek, logikaz eta kontraesanez, elkartasunez eta egoismoz, samurtasunez eta ankerkeriaz betetako mikrokosmos iradokorra.
Bere itzulpen lanaren bidez, irakurketa erraz eta atsegina prestatu dio Gerardo Markuletak liburu handiekin gogaitu eta aparteko konplikaziorik gabeko irakurketa laburren bila dabilenari, hau da, "Milabidai" sailak berezkoa bide duen autobuseko, treneko edo hondartzako irakurleari. Baina badago ipuin hau Cortázarren ipuin gehiagoren itzulpenak jasoko lituzkeen liburu mardul eta serioago? baten barruan imajinatzerik ere.
Estreinakoz jatorrizko hizkuntzan irakurri nuenean adinako harridurarik gabe egokitu zait ipuin honen euskarazko irakurketa, baina hala ere, Markuletaren itzulpena irakurri ahala, interesez ekarri ditut berriro gogora Peugeot 404, Dauphine, Taunus, 2HPko mojak, Simcako gaztetxoak eta auto ilaran ezustean harrapatutako beste hainbaten arteko harreman eta gora-behera bitxi eta iradokorrak.
Euskaldunon Egunkaria, 1995-01-29