Mediku baten oroitzapenak

Dabid Zuazalde

"Mediku baten oroitzapenak"
Mijail Bulgakov
euskaratzailea: Begoña Lasa
Baroja, 1988

        Berak errusieraz ez jakin arren, badirudi Begoña Lasak gogoko dituela zenbait idazle errusiar: lehen Txejov-en bi antzerki llabur itzuli zituen eta orain berriz Bulgakov-en hiru ipuin. Agian perestroikaren eraginaz, modan daude hango alderdi haiek zenbait arlotan. Dena delarik, betoz ordu onean honelakoak, beti da gutxi.

        Bulgakov bera mediku izan zen ikasketaz, eta horretan jardun zuen herri txiki batean. Honelako sendagile baten larrialdi eta estuasunak kontatzen dizkigu ipuin hauetan; modu dotore eta hunkigarrian kontatu ere. Idazlan inportanteagorik ere baduen arren, balio beza liburu honek gure artean ezagunegi ez den idazle baten berri izateko eta irakurtzeko. Afari normal baten prezioan, on dagizuela.

Argia, 1988-06-12

 


susa-literatura.com