Pintxo filosofia
Aritz Galarraga
"Jeu de Paume"
Fito Rodiguez
Txalaparta, 2005
Udaberriko nobedadeen uholdeak aurretik eraman baino lehen, liburu bat "berreskuratu" nahi izan dugu, kritikaren tarte honetarako: Fito Rodriguez irakasle eta idazle gasteiztarrak idatzitako Jeu de paume lana, hain zuzen ere. Rene Magritte pintore belgikarraren koadroen aitzakian, gogoeta artistiko baina batez ere filosofiko sorta ederra biltzen duen liburua da, Parisen bihotzean dagoen museoaren izena hartzen duen lana. Izenburuaren hautaketa, noski, ez da inolaz ere ausazkoa, bertan girotutako istorio baten bidez plazaratzen baitira aipatutako hausnarketak.
Genero aldetik definitzen zaila da lan hau, itxuraz nobela dirudien arren gertuago dagoelako saiakeratik. Egia da nobela egituratxoa gordetzen duela liburuak. Eta atzizkia hori jarri diogu, justu errespetatzen duelako gutxieneko korapiloa: Galder, etengabe itaunka ari den protagonista, Jeu de Paume museoan iratzartzen da gatibu, handik ateratzeko saiakerak egiten ditu eta azkenik lortzen du bere helburua, sorpresa eta guzti. Dena dela, nobelaz mozorroturiko saiakera baten aurrean gaudela esatea litzateke egokiena. Zeren eta, azken finean eleberri mozorroa aitzakia besterik ez da idazlearentzat, interesatzen zaizkion gogoeta filosofiko eta artistikoak jendearengana beste modu batera iristeko bide bat. Batez ere, gisa horretako terrenoa zapaltzeko uzkur den irakurlearengana iristeko. Asmoa behintzat hori da, eta emaitzari erreparatuta, esan daiteke neurri handi batean betetzen dela helburua: liburu atsegina, hausnarketarako bideak irekitzen dituena, idazkera arin eta ulerterrazarekin idatzia...
Gauza asko aurkituko ditu irakurleak Jeu de paume honetan. Gogoeta filosofikoak dira orriotan nagusi, baina idazleak ematen dien trataera samurra dela eta, aurkituko dugunak ez du zerikusirik inolako idazketa akademikorekin. Gogoetatxoak, filosofia ttikia, pintxo filosofia esango nuke nik, hala irensten baitira Fitoren liburukoak. Gaineratu beharko litzateke ez dutela batak bestearekiko lotura berezirik. Sarritan, Rene Magritten koadro baten karietara etorriko da hausnarketa. Beste batzuetan, ideiak ekarriko du margolana. Baina, beste askotan, nondik etorriak diren jakin gabe, flash modura harilkatzen dira gogoetak, handik eta hemendik hartutako ideiak, pasarteak dira, batetik bestera salto egiten dutenak. Lasai asko egon gaitezke pentsamenduaren historiako pertsonaia garrantzitsuenen sexuari buruzko pasarte bat irakurtzen, hurrengoan Alexandriako Liburutegiarekin edota Platonen literaturarako dohainen gorazarrearekin topo egiteko. Hori bai, Fito Rodriguezek ohikoa duen espiritu kritikoarekin beti, nahiz eta batzuetan bere iritziekin bat ez etorri. Eztabaidarako aukera ematen baitu liburuak.
Rene Magritten asmo artistikoen berri ere izango dugu liburu honetan. Ez da lehen aldia Fito Rodriguez margolari belgikarraren obrara gerturatzen dela, lehendik ere kaleratua baitu, 2001ean, bere lanaren inguruko Magrittek ez omen zuen pipatzen lana. Eskuartean dugun liburua, gainera, Magritten hainbat margolanekin dator apaindua, testuaren eta irudiaren arteko lotura errazagoa suerta dakigun.
Gisa honetako saiakerak urri izanagatik, are baliogarriagoa egiten da Jeu de paume liburua. Batez ere horrelako gaietan nagi garen irakurleontzat, ezin aproposagoa. Ezagutzari buruzko hausnarketa filosofiko eta artistikoen beldur denak atsegin hartuko du liburu honekin, ondo pasa baina, gainera, adimena txukundu. Eta, bide batez, eztabaidarako bideak ireki.
Gara, 2006-05-13