Coetzee euskaraz

A. de Amezaga

"Lotsaizuna"
J.M. Coetzee
euskaratzailea: Oskar Arana
Elkar, 2004

      "Ez naiz komunitatearen aitzindari ezta antzekorik ere. Askatasuna izan daitekeenaren zantzuak dituen norbait naiz (katez lotuta dagoen edozein gatibuk bezala) eta irudikapenak eraikitzen ditut, eta irudikapen horietan pertsonek kateak askatzen dituzte, eta aurpegiak argitarantz bihurtzen". John Maxwell Coetzee (Cape Town, 1940) 2003ko Literatura Nobel hegoafrikarraren hitzak dira. Esaten duena benetan sinesten du, bere literaturaren bidez adierazten duenez. Gainera, orain euskaraz lehen aldiz irakurtzeko abagune ederra dugu itzulpen honi esker. Lotsaizuna-n David Lurie protagonistaren bizitzak giza-duintasuna, desohorea eta zinismoaren bideetatik murgiltzeko aukera aparta eskainiko digu, apartheidaren osteko Hegoarrikaren egoera ezagutzeko. Fikziozko lan bat da hori argi dago, baina errealitatearen osagai dexente aurkezten digu, non gatazkak anitzak izango baitira (arrazen eta kulturen artekoa, sexuen artekoa, belaunaldien artekoa...). Oskar Aranak, Disgrace hauxe da jatorrizko izenburua liburuaren itzultzaileak, gogorarazten digunez, "bere herrikide Nadime Gordimer idazleak behin esan zuenez, Coetzee-k asmatzen dituen pertsonaiak hain dira konplexuak, hain aberatsa beren barnea, ezen jende askok bere buruari buruz dakiena baino anitzez gehiago jakiten du idazle honek berak asmatutako fikziozko pertsonaia horiei buruz". Jokin Zaitegi bekari esker itzuli du Aranak Disgrace. Beka honek, jakina denez, urteko Nobel saiiaren lana euskaratzea du helburu. Tamalez azkena, XVIII. edizioa betetzen zuena Jelinen Die Liebhaberinnen eleberria itzultzeko diru laguntza eman gabe utzi zuen epaimahaiak. Behintzat Coetzee-ren obra hau dugu, edozein bibliotekan ezin dena falta.

Bilbao, 2005-02

 


susa-literatura.com