Haurtzaroko herria

Javier Rojo

"Arbelaren gainean"
Xabier Mendiguren Elizegi
Elkar, 2004

      Azken urte hauetan Xabier Mendiguren Elizegik egin dituen literatur lanei erreparatuz gero, oroitzapenen liburuetan espezializatzeko bidean jarri dela esan daiteke, "Arbelaren gainean" izenburupean argitaratu berri den hau ere bide horretatik baitoa. Oroimenaren txokoetan galdutakoa berpiztu eta oroimenak ekarri ohi dituen ideien asoziazio berezien bideari jarraitzea izaten da haien xedea. Kasu honetan, idazleak amaren familiaren herria (Itsasondo) hartu du oroitzapen horien ardaztzat. Pertsonaia bitxiak, zelebreak batzuetan, familia kontuak, gaztaroko pasadizoren bat, irakurketen egunerokoa: liburu honetan pixka bat denetarik biltzen da. Idazlea behin eta berriro desenkusatzen da hari nagusitik aldentzen delako, baina, egia esan, ez dago halako hari nagusirik, istorio horien kontatzea baitu helburu. Bestaldetik, konturatu gabe, istoriak erresistentziaren epikara lerratzen dira, istorio horietan abertzaleek hain kuttunak dituzten pasadizoak, hagiografiaren mugetan daudenak, hizpidean erabiltzean. Edonola ere, ez dago dudarik Xabier Mendiguren idazle trebea dela, eta bere burua abertzale eta euskalduntzat duen gizarte baten neurriko kronika sentimentalaren nostalgia oso ondo erabiltzeko abilezia izan du.

El Correo, 2004-05-05

 


susa-literatura.com