(Donostia, 1949) filologoa da ikasketez, eta bankaria lanbidez. Kargu politikoak hartu izan ditu kulturaren eta euskararen alorrean. Bi narrazio liburu argitaratu ditu (Termitosti-Bidaia eta Labur aroz), eta beste bi nobela garrantzitsu (Abuztuaren 15eko bazkalondoa eta Manu Militari). Itzulpengintzan eredugarri aitortua dago bere Hadrianoren oroitzapenak.

Obra poetikoa
ARROTZARENA / NEURTITZ NEURGABEAK. CAP-Kutxa, 1983
BERTSO-PAPER PRINTZATUAK. Elkar, 1986
MINTZOEN MINTZAK. Elkar, 1989
GRAFFITIEN GANBARA. Kutxa, 1996

«Arrietaren poesiak oihartzun asko dakartza, baina ez asmo kultista batean. Poeta honen inter-testualitateari ezin zehazkiago zeritzon Juan Mari Lekuonak "intra-literatura", testu berrian txertatzen dituelako gure tradiziotik, herritik nahiz kultutik, jasotako edertasunak. Omenaldi hori gomita da, erakustegi, kitzikagarri. Ez besterik. Gure ondarearen barruan kokatzen da poeta, haren zordun deklaratzen da, eta ahalegina egiten du euskal literatura mundu erreferentzial baliagarri bat izan dadin. Alabaina, Joxe Austin Arrietak bere mundu propioa islatzen du poemetan: nerabearen tristura, zapalduekiko atxikimendua, egunerokoaren hastioa, maite-poza, abertzaletasunaren mindurak... Eta beti ere lanketa formal handi batean.».

(Koldo Izagirreren sarreratik)