Gulf Stream'en bere txalupan bakar-bakarrik arrantzan zebillen agurea zan. Ta larogei ta lau egun zeramazkin ezertxo ere arrapatu gabe. Lendabiziko berrogei egunetan mutiko bat izan zun arrantza-lagun. Baña larogei egun oietan itxasotik utsik itzuli zala-eta, zearo ta betiko "salao" zegola esan zioten gurasoak mutikoari. Ori omen zan ziteken zoritxarrik makurrena. Aien aginduz beste txalupa batera aldatu bear izan zun ta lenengo astean, poliki ere, iru arrai arrapatu zituzten. Miñ ematen zion mutikoari agurea egunero utsik etortzen ikusteak ta jetxi oi zun, beti jetxi ere, sokal-arilla edo aztamakoa ta arpoia ta mastan bildutako ontzi-oiala karriatzen laguntzera. Oial ori irin-zakuz konponduta zegon ta bildutakoan beti-lurjotako ikurriña zirudin.

        Mee ta baldarra zan agurea. Zimur sakonak lepa-zaman. Tropiku-itxasoan eguzki-dirdirak sortzen ditun minbizi-antzeko mantxa oriak ageri zitzaizkion matralletan; arpegi-alde bietan beeratxo ageri ere. Eskuetan berriz amaika ebaki-ondo sakon ba-zitun, arrai aundiak erabiltzean sokak egindako zaurien oroigarri. Zauri ezerik ordea ez zitzaion ageri. Burrunbillak jandako eremu agorreko lurrak bezin zaarrak zitun ark eskuak.

        Zaarra zan osoro, begiak ezik: itxas-koloreko begi poz-jario biziak bai zitun.

        Santio jauna, esan zion mutillak, txalupa legorreratu ta malda gora zijoazela. Ni zurekin berriro asi ninteke. Diru pixka bat egin baitugu.

        Agureak arrantzan erakutsia izan mutikoa ta maite zun bere arrantza-maixu zaarra.

        Ez, esan zun agureak. Zoriona dakarren txalupan abill. Ago oiekin.

        Baña gogora zazu beiñola larogeita zazpi egun pasa zenitula arrai alerik ere arrapatu gabe. Ta ondorenean, iru asteetan, egunero gere arraia ekarri genula.

        Ez nagok aaztuta, esan zun agureak. Bazekiat ez uala nigandik aldegin nerekin etsi ualako.

        Aitak atera nindun. Mutil-koxkor izan ni-ta, aren esanera egon bear.

        Bazekiat, erantzunez agureak. Ala bear ere.

        Uste sendorik gugan ez izan aitak.

        Ez noski, esan zun agureak. Bai ordea guk. Ez al duk orrela?

        Bai orixe! erantzuki mutikoak. Terrazan artuko al zenuke garagardoa nere kontura? Tresnak geroago eramango ditugu etxera.

        Bejondeiala iri, esan zion agureak. Arrantzale artean.

        Terraza'n exeri ziran. Arrantzale askok destaña egin oi zioten agureari, baña ez ura aserretzen. Besteak, zaarrenetakoak, ari begiratu ta itundu egiten ziran. Ez ordea ari aditzera ematen. Beren artean berriketan jarraitzen zuten konturatu ez bailiran: guaia zala edo, sokalak noraño jetxi ote ziran itxasoa edo, egualdi onak etengabe zetozela edo, ikusitakoen berri eman edo... bazegon an mintza-gai ugari.

        Egun ortan suerte onaren jabe izandako arrantzaleak sartuak ziran. Akula garbitu ta bi gizonek zeramaten bi olen gañean zabalduta: ol bakoitzaren muturretan gizon bi kulunkan: arrandegian zai zeuden Habana'ra salgai eramateko jela-kamioian. Tiburoiak arrapatu zitutenak lantegietara eraman itxasarteko beste muturrera ta txirrikaz jasotzen zituzten an; gibelak atera, egoak moztu, larrutu ta aragia zatitzen zuten gazitzeko.

        Aizea sortaldetik zetorrenean marrazo-lantegitik sortzen zan kiratsa kaian barna zabaltzen zan; baña gaur oarkaitz zan usaia baizik ez nabaitzen, aizeak iparraldera jo ta gero gelditu zalako. Giro ederra Terrazan eguzkitan egoteko.

        Santio jauna, esan zun mutillak.

        Bai, berriz agureak, edontzia eskuan, burua aspaldiko gaietan.

        Zuretzat biarko sardiñ-billa joan al naiteke?

        Ez. Ua bisbolean egitera. Oraindik arraunean egiteko laiñ ba nauk eta. Errojeliok sarea botako dik.

        Pozik joango nintzake ba. Zurekin arrantzan ezin ba dut, nolabait lagunduko nizuke gogotik.

        Garagardoa ordaindu didak, esan zun agureak. Gizondu aiz ortazgero.

        Zenbat urte nituan txalupan lendabizikoz eraman ninduzunean?

        Bost urte. Ta ireak ia-ia egin zian, ontzia txikitzeko zorian jarri bai zian arrai biziegi batek, nik jaso nianian. Gogoan al duk?

        Oraindik gogoan ditut aren silti-salto ta buztankadak ta exer-tokia austen ta zure makilkaden otsa. Gogoan dut nola aurreko-aldera bultza ninduzun, sokal busti bilduen ondora. Baitare gure txaluparen dardar ta arbola moztekoan bezala, makilka ateratzen zenun zarata ta inguratu nindun odol-usai miña.

        Euk al dituk oiek gogoan ala neuk esan nizkian?

        Bein alkarrekin irten giñanez-gerozko den-denak buruan ditut.

        Arrantzale zaarrak eguzkiak beztutako begiz siniskor-maitekiro begiratu zion.

        Nere seme ba intz, arriskua-arrisku, nerekin eramango induket, esan zun. Bañan i eure aitaren ta amaren seme aiz, izan, ta zoriona dakarren txalupan abil, ibilli.

        Zuretzako sardiñ-billa joan al naiteke? Lau beita nun iritxi ere... ba dakit.

        Ba dizkiat nereak. Gaur bear-ez-ta gelditutakoak kutxatillan gorderik zeuzkat gatzetan.

        Utzi zaidazu lau garnata arrapatu-berriak ekartzen.

        Bat eta kitto, esan zun agureak. Sinismen-itxaropenak ez zioten iñoiz uts egin. Bañan orain indar-berritzen asiak zitun, itxas-aizea jeikitzen danean bezala.

        Bi, esan zun mutikoak.

        Tira, bi, onartu zun agureak. Ez dituk lapurtuak izango?

        Lapurtu nitzakean, erantzun zion mutikoak. Bañan auek erosiak dituzu.

        Eskerrik asko, agureak. Zintzoegia izan bere buruari noiztik apal biurtu zan galdetzeko. Bazekin ordea orren jabe zala ta apal izatea ez zala lotsagarri ta benetako bere buruarekiko uste ona ez zala orrela galtzen.

        Aize bigun onek biarko egualdi ona dakarkigu, esan zun.

        Norako asmotan zera? galdegin zion mutikoak.

        Urrutirakoan ta aizea aldatzean itzuliko nauk. Eguna argitu baño len itxas-barruan egon nai nikek.

        Patroia itxas-barruaa eramaten saiatuko naiz, esan zun mutikoak. Ordun arrai-ale bikaiñen bat arrapatuko ba zenu, lagundu genezaizuke.

        Ire patroiari urrutiegi lan egitea ez zaiok atsegin.

        -Ez, -esan zun mutikoak. Bañan ark ezin ikusi dezakena ikusiko dut nik: egaztia lanean edo. Ta orrela irteneraziko diot urraburuen atzetik.

        Ain begi-bixta motxa al dik ba?

        Ia itxu dago.

        Arrigarria benetan, esan zun agureak. Ez duk ba iñoiz apo-armatu billa ibilli. Orrek ondatzen dizkik begiak.

        Tortoketara ordea ibillia zera zu urteetan Moskito aldeetan ta begi erneak dituzu.

        Oi-ez-bezelako agurea nauk ni, motel.

        Bañan orain benetako arraitzar aundi batekin neurtzeko gauza al zera?

        Ala uste diat. Ta zaramatikeen jabe izan bear.

        Tresnak etxera eraman ditzagun, esan zun mutikoak. Gero sarea artu ta sardiñ-billa joango naiz.

        Txalupatik tresnak jaso zituten. Agureak tantaia bizkarrean artu ta mutikoak zurezko kutxa, sareki estuko sokal bilduak barruan, aztamakoa ta arpoia kirten ta guzti. Garnata-kutxa txopapean zegon, txalupa ondoan, burumakillaren urbill. Arraitzar aundiak ontzi ondoan daudenean zerraldo uzteko makil lodi bat zan. Ez zan iñor agureari ezer ostuko zionik. Ala ere egokiago izan oial ta sokal lodiak etxera eramatea intzak ondatu ez zitzan. Ta erritarren artean iñork ez ziola ezer lapurtuko jakin arren, arpoia ta aztamakilla txalupan uztea bear ez diran tentagaitzat zitun agureak.

        Alkarrekin joan ziran malda gora agurearen txabolaraño ta bertan sartu ziran zabalik zegon atean barna. Agureak ormaren arrimuan utzi tantaia, bertan bildutako oialakin, ta mutikoak kutxa ta beste tresnak ondoan jarri zitun. Tantaia ia txabolako bizitoki bat bezin luzea zan. Guano deritzaion palmondo orri-mami lodiz egindakoa zan ta oi bat, maia, alkia ta lurrean zulo bat ikatz-labetxo gisakoa. Ari sendoko guano-ostroak bata bestearen gañean zapaldutako paretak ziran. Jesusen Biotzaren kolorezko irudia ta Kobreko Ama Birjiñarena zintzillik. Emazteak utziak zitun. Aren argazkia, emaztearena noski, ia kolorerik gabekoa, bertan zegon lenago. Bañan baztertu bear izan zun, ura ikusteak bakarregi zegola sentiarazten bait zion. Orain apal gañean, alkandora garbipean txokoratuta zeukan.

        Jateko zer duzu? galdegin zion mutikoak.

        Arroz orizko kaxuela arraiarekin. Zerbait nai al duk?

        Ez, etxean jango dut. Sua piztuko al dizut?

        Ez, neuk piztuko diat geroago. Bestela arroza berotugabe jango nikek.

        Sarea eraman al dezaket?

        Bai orixe.

        Ez zegon sarerik. Saldu zutela gogoan zun mutikoak. Egunero ziñetan ari bailiran jokatzen zuten. Ez zegon arroz-kaxuelarik ta ori ere bazekin mutikoak.

        Larogeitakoak zoriona zekarrek, esan zun agureak. A ze poza irea milla libratik gorako arrai batekin itzultzen ikusiko ba ninduk!

        Sardiñ-billa noa sarea artuta. Atarian exerita eguzkitan geldituko al zera?

        Bai. Or zeukat atzoko izparringia ta bisboleko albisteak irakurriko dizkiat.

        Atzoko izparringia ere asmatutakoa ez ote zan pentsatzen zun mutikoak bere artean. Bañan agureak oipetik atera zun.

        Pellok eman zidakan bodega'n erantsi zun.

        Sardiñak bildu-orduko emen naiz. Zure ta nereak jeletan gorde ta goizean banatu ditzakegu elkarren artean. Itzulitakoan itz egin zaidakezu bisbolez.

        Yankiek ezin galdu dezakete.

        Baña nik Klebelandeko Indiarrei bildur diet.

        Yankeetan uste on izan zak, seme. Gogoan ar zak Di Maggio aundia.

        Detroiteko Katamotzei, baita Klebelandeko Indiarrei ere, biei diet nik bildur.

        Kontuz ibilli adi, bestela bildur izan bearko diek Zinzinnatiko Gorriei ta Txikagoko Sox Zuriei.

        Ikusi zazu ori eta itzulitakoan esango didazu.

        Ez al duk uste larogei ta bostean bukatutako loteri-txartela erosi bear genikeala? Biar larogei ta bostgarren eguna diagu.

        Ori egin dezakezu erantzun zion mutikoak. Baña koxka dan larogei ta zazpiari buruz zer diozu?

        Bi bider ezin gerta zitekek. Larogei ta bostekorik arkituko al uke?

        Bat eskatu dezaket.

        Sail osoa. Orrek dolar bi ta erdi egiten dizkik. Nork aurreratuko lizkigukek?

        Ori errexa da. Nik noiznai arkitu ditzaket ordañean dolar bi ta erdi.

        Baita nik ere, uste dutanez. Nik ordea ez diat ordañean artzen aal baitanez. Aurrenik ordañean, gero eskean.

        Zaude bero, aitona, esan zun mutikoak. Agorrean gaudenik ez aaztu.

        Arraitzarrak etorri oi duten illa, esan zun agureak. Maiatzean nornai ditekek arrantzale.

        Sardiña-bina nijoa, esan zun mutikoak.

        Mutikoa itzuli zanean, agurea alkian lo zegon ta eguzkia etzaten. Mutikoak oietik agurearen soldaduxkako burusi zaar bat atera ta gañera bota zion, alkiaren atzetik ta bizkarraren gañean. Bizkar oiezbezalakoak ziran, sendoak oraindik, oso zaarrak izan arren. Lepoa ere sendoa oraindik ta zimurrak ez ziran ainbeste nabari agurea loak artuta buru-makur zegonean. Ainbeste aldiz konpondutako bere alkandora ontzi-oialaren antzeko ta adabakiak eguzkiak kolorea janda amaika mota bazituten. Agurearen burua ala ere oso zaarra zan ta, begiak itxita, aren arpegiak ill-arpegia zirudin. Belaun gañean zearka izparringia, tinko arratseko aizearen kontra, besoaren pixuari eskerrak. Oin-utsik zegon.

        Mutikoak an utzi zun. Itzulitakoan agurea oraindik lotan.

        Esna zaite, aitona, esan zion mutikoak eskua aren belaunean jarririk.

        Agureak begiak iriki ta apur batean urrundik baletor bezala. Gero irriparrez.

        Zer dakark? galdegin zion.

        Afaria, esan zun mutikoak. Afal dezagun.

        Ez zeukat gose aundirik.

        Atoz jatera. Jangabe ezin arrantzarik egin.

        Egin bearko, esan zun agureak, zutik jarri ta izparringia eldu ta bildurik. Gero burusia biltzen asi zan.

        Ez erantzi burusia, esan zun mutikoak. Ni bizi naizen artean ez zera arrantzara jangabe irtengo.

        Ordun bizi adi luzaro ta kontu ire buruarekin, esan zun agureak. Zer jan bear diagu?

        Baba beltzak ta arroza, platano prejituak ta aragi erre puska bat.

        Mutikoak Terraza'tik saski batean ekarri zitun. Patrikan lagun bientzat jateko tresnak, bakoitzarena bere paperean bilduak.

        Nork eman dik?

        Martiñek. Nagusiak.

        Eskerrak eman bear ziozkat.

        Emanak daude, esan zun mutikoak. Ez duzu berriz eman bearrik.

        Arrai aundi baten sabel-aldea emango zioat, esan zun agureak. Besteetan egin al ziguk orrelako mesederik?

        Baietz uste.

        Ordun aragi-sabel-aldea baño oberik eman bearko zioat. Gurekin gizabidez jokatzen baitik.

        Garagar-botilla bi bidali dizkigu.

        Latakoak atsegiñagoak zaizkidak.

        Ba dakit. Auek ordea botillakoak ditugu, Hatuey markakoak. Ta nik botillak itzuli oi dizkiot.

        Gizon portatzen atzaio, esan zun agureak. Jango al diagu?

        Noski, esan zion mutikoak. Ez dut saskia iriki nai izan zu prest egon arte.

        Orain prest naukak, esan zun agureak. Garbitzeko denbora besterik ez diat bear.

        Eta garbitu, nun garbitze ote duk au? bururatu zitzaion. Erriko putzua andik bi etxe-sailletara zegon, aldapa beera. Ura ekarri bear nioan oni, gogora zitzaion mutikoari, ta jaboia ta zapi on bat. Zergatik ote nauk ain arduragabea? Beste alkandora ta negurako jertse bat ta nolanaiko oñetakoak ta beste burusi bat ekarri bear ziozkat.

        Erretakoa beñepein goxua ekarri didak, esan zun agureak.

        Bisbol partiduaz itz egidazu, eskatu zion mutikoak.

        Ameriketako ligan, esan nianez, Yankiek mutillak, esan zun agureak poz-pozik.

        Gaur galdu egin dute, esan zion mutikoak.

        Orrek ez dik ezer esan nai. Di Maggio aundia bere bizikoa zegok berriz ere.

        Taldean, ekipoan ez da bakarra.

        Noski, bañan ark zekarrek aldea. Beste ligan Brooklyn ta Piladelpiaren artean, beti Broklyn diat gogokoa. Baña gero Dick Sisler bururatzen zaidak ta aren makilkada izugarriak kanpo zarrean eta.

        Ez da iñoiz ere aiek bezelakorik izan. Ez dut iñor ere ikusi pelota aiek bezin urruti botatzen.

        Terrazara nola zetorren gogoan al duk? Nik arrantzara eraman nai nian; bañan esaten bildurtu. Gero iri eskatu nian ari esateko ta i ere mutu, lotsati ori.

        Ba dakit. Oso oker egin genun. Gurekin etorri zitekean bai ura. Ta nork ori kendu guri bizitza osorako?

        Di Maggio aundia pozik eramango nikean arrantzara esan zun agureak. Aita arrantzalea omen zian. Balitekek gu bezin txiroa izatea eta alkarrekin ondo etortzea.

        Sisler aundiaren aita ez zan iñoiz ere txiroa izan eta aitak, liga aundietan jokatu zun nere adiñeko zanean.

        Ni ire adiñeko nintzanean, Aprikara zebillen oial-ontzi batean nengokan mariñel, ta leoiak ikusita negok arratsean ondartzetan.

        Ba dakit. Zeorrek esan-ta.

        Zertaz jardungo genuke, Aprikaz ala bisbolez?

        Bisbolez naiago esan zun mutikoak Jon McGrawtzaz itzegidazu.

        Bein edo bein aspaldi Terrazara etorri oi zian. Baña zakarra uan ta aobero ta gizarterako moldakaitza edandakoan. Ez uan pelotazalea bakarrik; zalditarako ere bazian ark griña. Bere patrikan beintzat karrera-zaldi-izenen zerrenda zeramakian beti ta sarritan urrutizkiñez zaldi izenak aipatzen zizkian.

        Joko-erakusle trebea esan zun mutillak. Trebeena, nere aitaren ustez.

        Sarritan onera etortzen ualako: Durocher onera urtero etorri ba litz len bezela, managerrik onena zala esango zian ire aitak.

        Luke ta Mike Gonzalez: manager biotan nor da egiaz onena

        Biak ere ortxe-ortxe.

        Baña arrantzalerik onena zu.

        Ez. Obeak ikusita natxeok.

        Baita zea! esan zun mutikoak. Arrantzale onik asko ba-da itxaso zabalean ta onelako bikain batzuek ere bai. Baña zu bezelakorik iñor ez.

        Millesker. Poz ematen didak. Uste dutanez ez zaiguk azalduko guretzat alkekizun diteken arrai aundi oietakorik.

        Zu txuri eginda utziko zaitun arrairik ez dago, diozun bezin sendo ba zaude beñepein.

        Balitekek uste bezin sendo ez egotea, esan zun agureak. Baña kako-mako asko zekizkiat ta gogoa sendo diat.

        Orain lenbailen oeratu bear zenduke goizean atsedenik egoteko. Nik itzuliko ditut gauzak Terrazara.

        Gabon ba. Esnatuko aut goizean.

        Zu zaitut esnatzalle, esan zun mutikoak.

        Urteak dizkiat nik esnatzalle, esan zun agureak. Zaarrak zergatik esnatzen ote dituk ain goiz? Egun luzeagoa bizi aal izateko ala?

        Ez dakit, esan zun mutikoak. Auxe bakarrik dakit: gaztetxoak lo zorro ta beranduarte egiten dutela.

        Gogoan zeukat, esan zun agureak. Goiz esnatuko aut.

        Ez zait atsegin patroiak ni esnatzea. Ni bear ainbatekoa ez bait nintz bezala da-ta.

        Ba zekiat.

        Ongi lo egin, aitona.

        Mutikoa joan zan. Maian argirik gabe afalduak ziran. Ta agurea prakak erantzi ta illunpetan oeratu zan. Oebururako prakak bil-bil egin zitun periodikua barruan zutelarik. Gero bere burua burusian bildu ta oearen molleak estaliz zeuden periodiku zarren gañean lo egin zun.

        Berealaxe loak artu ta Aprikako ametsa izan zun. Bere gaztaroa amestu zun ta ango ondartza luze urre-kolorekoak, ta ondartza zuri-zuri begiak minberatzerañokoak, ta itxasegiko lur-adar jeikiak ta barrurago mendi-konkor nabarrak. Gauero an zebillen ondartza luze aietan ta amets-gizon, itxas-ertzaren kontraka olatuen orruak belarrietan soñu jotzen zion; bertakoen txalupak olatuen bizkar edo magal, zinbili-zanbu etortzen ikusten zitun. Lotan galipot eta amuko usaia ulertzen zun eta Aprika-usaia artu legorretik goizeko aizeak ekarrita.

        Geienetan legorreko aizea senti ta esnatzen zan, ta esna orduko jantzi ta mutillari ots egin. Gauez ordea goiz-goiztik aize-susmoak jo ta baita ametsetan goizegi ari zala konturatu ere, ta ametsetan jarrai, ugarteetako tontor zurituak ikusteko ta tontor zuriak eta Kanarias'etako kai ta itxasontzien egonleku.

        Iadanik ez zitun amets ez ekaitz-erasorik, ez emakumerik, ez gertakizun gurenik, ez arrai aundirik, ez nor-geiagokarik, ez indar-saiorik, ezta bere emazte zanik ere. Musgo bazterrak eta ondartzetako leoiak zitun amets. Katakuma antzera illunabarrean jostatzen ikusten zitun eta maite zitun ark mutikoa bezala. Mutikoakin ez zun egundo ametsik egiten. Auxe bakarrik egiten zun: esnatu ta ate zabaletik illargiari begiratu, prakak zabaldu ta jantzi. Gero borda ondoan pix egin ta aldapa gora mutikoagana ura esnatzera. Goizeko ozkirriak dardar jartzen zun. Baña ba-zekin berotuko zala ta laixter arraunketari ekingo ziola.

        Mutikoa bizi zan etxeko atea giltzik gabekoa zan. Ixilik iriki ta oin-utsik sartu zan. Mutikoa lo zegon oe zar batean lenengo gelan ta illargiari eskerrak argi ikusi zezakean. Oñetik leunki eldu ta eutsi zion mutikoa esna arte ta biratu ta begiratu zion. Agureak buruarekin kiñu ta mutikoak prakak oe ondoko alkitik eskuratu ta oean exerita jantzi zitun.

        Agurea atetik kanpora irten zan ta mutikoa atzetik. Logureaz zegon ta agureak aren bizkar gañean besoa jarri ta esan zion:

        Damu diat.

        Ez orixe, esan zun mutikoak. Ori da gizonak egin bear duna.

        Aldapa beera joan ziran agurearen txabolaraño. Ta bide barna illunpetan gizonezkoak oinutsik ontzi-tantaiak sorbaldan eramaki.

        Agurearen txabolara orduko mutikoak sokal-saillak saskian ta arpoia ta aztamakoa artu zitun ta agureak bizkarrean ontzi-tantaia zeraman oiala bertan bilduta.

        Kaperik nai al duzu? galdegin zion mutikoak.

        Tresnak txalupan ipiñi ta artuko diagu pixka bat.

        Esne gogortu ontzietatik artu zuten kapia, arrantzaleentzat oso goiz iriki oi zuten dendan.

        Zer moduz lo egin duzu, aitona? galdegin zion mutikoak. Orduntxe esnatzen ari zan, loak ez bait zion errez aldegiten.

        Ederki, Manueltxo, esan zun agureak. Gaur uste onez nagokik.

        Baita ni ere, esan zun mutikoak. Zure sardiña ta nere amuki berrien billa nijoakizu. Gure jabeak berak ekartzen ditu tresnak. Ez du iñoiz ere nai izaten iñork ezer ekartzerik.

        Ez gaituk berdiñak, esan zun agureak. Nik bost urte ituanean uzten nizkian gauzak.

        Badakit, esan zun mutikoak. Berealaxe nator. Tori beste kape bat. Emen artuena daukagu.

        Irten zan oin-utsik koral-arkaitzetan barna amukiak gordetzen ziran jela-etxeraño.

        Agureak pixkanaka bere kapia artu zun. Ori zan egun osoan artuko zuna ta artu-bearra zeukala ba zekin. Denbora asko zan onuzkero nazka ematen ziola jateak ta ez zun iñoiz ere jatekorik eramaten. Txalupa-txopan ur-botilla bat zeukan ta egun osorako ori bakarrik zun bearrezko.

        Mutikoa bere sardiñ ta amuzki parea egunkari baten bilduta ekarriaz itzulia bait zan, bi-biak ontzizkaraño jetxi ziran bidetxiurrez oinpean ondarra arrikoxkorrekin nabaitzen zutelarik ta ontzixka jaso ta uretara bultza zuten.

        Zorion, aitona.

        Zorion, esan zun agureak. Arraun-sokak toleteetan egokitu ta aurre-aldera makurturik arraun-agak uretan arkitzen zun ostopoaren kontra ekin zion, illunpetan kaitik irtenik. Orduntxe itxasoratzen ari ziran beste ontzixkak ere ba-ziran. Muñoen atzetik illargia ixkutatuta ikusten ez bazun ere, ederki sentitzen zitun agureak bere arraunak murgiltzen urari bultzaka.

        Noizean bein norbaitek ontzixka batean itz egiten zun. Baña txalupa geienak ixil-ixilik zijoazen arraunen pilisti-palasta ezik. Kai-atetik irten orduko sakabanatu ta arraiak arkitu-uste zun tokira jo zun bakoitzak. Agureak itxas-ertzatik oso urrutirako susmoa zula-ta legor-usaia laga ta itxaso barrenera jo zun arraunean goizeko itxas-usai garbia arnas-artuz. Itxas-belar-isla uretan ikusi zun, arrantzaleak "itxas-sakon" deitzen duten itxastokian zijoala: orrela izendatzen dute zazpireun besadako osiña bat-batean egiten dalako. Bertan biltzen ziran mota guzietako arraiak, itxasondoko arraskaren arroka latzen kontra uaitzak egiten zun zurrunbilloari eskerrak. An biltzen ziran izkira ta amuzki-arrai-talde aundiak ta noizean bein baita txipiroiak ere sailletan zulo sakonetan ta gauez azaleratzen ziran bertan onuntz-aruntzako arraien janari atsegiñerako.

        Illunpetan agureak nabaitu zezakean eguna jaiotzen ta arraunean zijoala uretik irtendako arrai-egaldunen marmar dardaritsua; ta illunpetan aidean zijoazela aien ego gogorrak egiten zuten xixtua entzuten zun. Arrai-egaldunentzako zaletasun aundia zun, oiek bait zitun itxasoan adixkide artuenak. Erruki zitun txoriak, batez ere itxaso-enada txiki, eme ta illunak: beti egan zerbaiten billa ta ia iñoiz ezer arkitu gabe. Ta barruan ari zan: Egazkien bizitza gurea baño latzagoa duk, arrapalari ta aundi ta sendo diranena ezik. Zergatik sortu ote dituk txori oiek, itxas-enada bezin eme ta piñak, itxasoa ain ankerra dalarik. Itxasoa maitetsu ta oso ederra duk. Baña ala ere anker biurtu ditekek ta bat-batean aserretu, ta mokoka eizean dabiltzan egazti oiek beren txio minduekin emeegiak dituk itxasorako.

        Izketan beti "la mar" esaten zun. Orrela diote españarrak maite dutenean. Maite dutenak ere artzaz gaizki esaka aritzen dira bein edo bein; baña beti "ño"ka mintzatzen zaizkio, emakumea bailitzan. Arrantzale gazte batzuk ordea, sokalendako kulubiz eta igeritakoak zeuzkatenak eta tiburoi gibelen galesti-denboran motorrezko txalupen jabe egin ziranak, oiek "el" izen-aurrekoa ipintzen zioten, "el mar" esanaz. Auek itxasoa toki bat edo burrukalari bat edo etsai bat bailitzan itz egiten zuten. Arrantzale zaarrak, ordea, itxasoa emetzat artzen zun, esker aundiak iritxi edo ukatu oi ditun gauzatzat, noski; eta gaiztakeri ta ikaragarriak egiten bait zitun ere, ezin-bestez egiten omen zitun. Illargiak itxasoari, emakumeari bezalaxe eragiten ziola uste zun.

 

 

 
Hurrengoa

   © Ernest Hemingway
   © itzulpenarena: Anjel Goenaga


susa-literatura.com