Rabindranath Tagore

 

Amal

 

Agirre'tar Maria Dolores'ek

euskaratua

 

Bi egintzetan eratutako

antzerki ituna

 

 

 

 

BANAKETA

azaldu ala

 

Madav Arruabarrena'tar Rosa
Sendagillea Alba'tar Antoñiko
Agurea (eremutarra) Etxebeste'tar Joxe Mari
Amai (Madhav'en semetzakoa) Garayalde'tar Arantza
Esneketaria Ezkurra'tar Maritxu
Ertzaiña Amilibia'tar Juantxo
Erri-burua Tolarechipi'tar Xabier
Sudha Aranzabal'tar Josean
Aintzindaria Bereciartua'tar Koldo
Erregearen sendagillea Ezeiza'tar Yon
Erriko ume-taldea

 

 

 

Amal

 
 

Aurren ekitaldia

 

LEEN AGERRALDIA

 

(Madav eta sendagillea)

 

MADAV: Uler-gaitza benetan! Ezin etsi dut! Txikia ezagutu baiño leen, zer zijoakidan neri? Ezer ez! Nere buruaren jabe nintzaizun, txoria bezin aske, baiña orain, Jainkoak jakin nundik etorri dan onek, oso-osorik biotza irabazi dit... egunen batean joango balitzaigu, gureak egin du, gure etxea ez litzake etxe.

          (Sendagilleari) Zuk zer diozu?

SENDAGILLEA: Nork daki etorkizunaren berri? Baditeke luzaroan irautea... baina idaztiak diotenez...

MADAV: Jainko maitea...! Zer...?

SENDAGILLEA: Argi asko adierazten dute: Beazun, ezueri eta perlesiak... asiera berdiña...

MADAV: Utzi nazazu pakean eta errekeratu itzazu liburu oiek; zearo kezkatzen naute ta... Nik auxe bakarra jakin nai nuke. Zer egin diteke?

SENDAGILLEA: (Rape artuz) Tira, bada! Gaxoa zintxoki zaitu bearra dago...

MADAV: Bai, bai, ori badakit... Orretaz gainera zer egin dezakegu?

SENDAGILLEA: Leen ere esana dizut: ez dedilla iñola ere etxetik atera.

MADAV: Aur gaixoa! Egun osoa etxe zokoan sartuta... Etsiko al du? Geitxo da ori!

SENDAGILLEA: Ez dago, bada, beste biderik. Udazkeneko eguzki eta ezkoak, auldu dezaioke atsa. Ona idaztiak diona: «Mintxuri, zain-indar, miñori, arnas estu jo aldietan...

MADAV: Jainkoarren...!! Zoazkit zeure liburu eta guzti..! Etxean sartuta egunak joan, egunak etorri... Gizajoa! Nola-ala aurrera atera bear degu...

SENDAGILLEA: Ez, ez; «Aize ta eguzki»...

MADAV: Neri bost ajola zure berriketak!... Utzi ditzagun txorakeriak eta goazen lengo lelora... Zuk diozuna gogortxoa izan arren, gizarajo orrek zintzo beteko ditu guk esanak. Zuk agindutako sendagai garratza artzerakoan gogait eragiten dio; ezin, baiña ala ere artu egiten du. Bere arpegia ikusteak, biotza erdibitzen dit.

SENDAGILLEA: Zenbat eta imintzio geiago eta orduan da obeto. «Txiavana» jakintsuak ere orrela dio: «Sendagai eta aolku onak; sendagai mikatzenak, onik aundiena. Aolkuetan berdin gertatzen: mingarriena ta ongarriena...» Bai, bai... eta banoakizu laisterka, lanpetua nabil eta...

          (Antzes-tokitik irteten da)

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

(Madav eta agurea)

 

MADAV: (Sartzen dan agureari) ...Orain ere emen al zaitut?... Agure aspergarri ori!

AGUREA: Ez larritu, gizona, ez dizut ozkarik egingo!

MADAV: Deabrua ber-bera bait zera aur gaxoei beti burua txorakeriz betetzen.

AGUREA: Baiña zu ez zaitut aurra eta etxe ontan ez degu beste umerik... Zer ajola zaizu, beraz?

MADAV: Ez al dakizu?... Aurra badegu... bai...

AGUREA: Aurra dezutela? Ez zera txantxetan ariko? Zer gertatu da, ba?

MADAV: Gogoan duzu nere emaztearen aspaldiko ametsa? Aurtxo bat seme edo alabatzat artu nai.

AGUREA: Ez du gaur goizekoa kutixi ori... Baiña zuri onik egiten al zizun, bada?

MADAV: Zuzen zaude. Amaika neke eta lan erabilli, diru mordoxka aurreratzeko eta gero Jainkoak dakin muturretik etorritako batek, onenean ondatu, guk izerdi-patsetan aurreratutakoa...

          Ez-eta-bai aundiak illuntzen ninduten oraindiño, baiña gure mutiltxo au biotzeraiño sartu zaigu; argitu egin gaitu.

AGUREA: Beltza kontua! Orain berriz orrentxen kutiziak bete eziñik, txoraturik jorratuko dituzu txanpon guztiak.

MADAV: Lenago nere jainko-txikia, dirua zan; zurkeriz, diru-zalekeriz egin oi nuen lan; orain berriz txiki onentzat, maite-maite dedan semetzakoarentzat dala jakiteak, gardendu egin nau.

AGUREA: Bego, bego! Eta jakin al diteke non arkitu dezun mutiltxo ori?

MADAV: Nere emaztearen bular-anaiaren semea dezu. Jaio orduko ama il zitzaion eta oraindik orain, aita. Umezurtza, beraz.

AGUREA: Giza-gajoa! Iñoiz bada, oraintxe nere bear... Ongi etorriko natzaio beraz...

MADAV: Sendagilleak dionez, ajea ugari soin gazte orretan eta itxaropen eskaxa, aurrera ateratzeko. Udazkeneko aize ta eguzkiak, Jainkoarren ez, ez dezala jo... Zu berriz ibilliko ziñake jo-ta-ke bazterrik-bazter txikiekin eta ni orrentxen bildur izaki.

AGUREA: Ene, bada!... Oraingo aizea ta udazkeneko eguzkia bezain gaiztoa beraz neu, e? Ez al dakizu oraindik umeak etxean geldirik euki azteko aparta naizela ni? Aurki jakingo dezu, bada. Gaur arratsaldean nere eginbearra bukatzean emen nauzu txikiakin jolastera.

          (Agurea kanpora doa...)

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

(Madav eta Amal)

 

AMAL: (Barrendik sartzen da) Osaba, osaba...

MADAV: Amai, seme, i al aut?

AMAL: Atarira noakizu unetxo batean; utziko?

MADAV: Ez, kuttun ori, ezin erten inteke...

AMAL: Pittin batean bakarrik!... Izebarekin noa, illar zabalak birrintzen ikustera... Ara!! An kattagorria exerita eta isatsa lerden. Ara, atzapartxoekin aziak artu eta jan egiten dituL.. Banoakio laisterka...

MADAV: Ez, maite ori, ez...

AMAL: Ai ni kattagorri banintz... Adarrik-adar ibilliko nintzake... Nork ni arrapatu? Eten gabeko jolasak egingo nituke... Nun nere gogo, an nere zango... Utzi nazazu nai dudan tokira joaten...

MADAV: Sendagilleak dionez, ez duk onurakor iretzat, seme.

AMAL: Eta nolatan daki orrek, esan ezazu?

MADAV: Ori duk ateraldia, mutiko! Liburu orritsu aundi oiek irakurriz ikasten dik.

AMAL: Liburuetan guztia jartzen al du?

MADAV: Jakiña, bada! Ez al dakik baietz?

AMAL: (Asperenka) Batek badaki bost! Liburu oiek neuk irakurri albanitza...

MADAV: Jakin dezakekan, bada; guztia dakiten gizaki jakintsuak, i bezela bizi dituk ez dituk iñoiz etxetik erteten...

AMAL: Egia ote?... Egundaiño ez?

MADAV: Egundo ez! Nola nai duk ertetea? Egun urratzean jaiki eta oieratu arte buru-belarri ari dituk liburuetan eta ez zaiek gelditzen, ez astirik, ez begirik, beste zer naitarako. I ere azitakoan, aski ikasia, jakintsua izango aiz. Beti etxean sarturik, liburu tzar oiek ikasi ta ikasi jardungo aiz eta ikusten aun jendeak begira jarririk errango dik: Ez daki gutxi onoko orretxek! Arrigarri benetan!

AMAL: Ez, osaba, ez, Jainkoarren! Nik ez dut jakintsu egin nai nere burua. Ni ez jakintsua, ez eta ez!...

MADAV: Nere zoriona berriz ortantxe zetxeuan, jakin aundiko gizona izaten.

AMAL: Nerea, berriz, etxean sartu gabe mendiz-mendi eta bazterrik-baztar ibiltzen. Ikusgarri dan guztia ikusten.

MADAV: Ikusiko litzake... Tira, bada! Zer ikusi nai ukek? Zerk sortuazten dik ikusmira bizi ori?

AMAL: Ikusten al dezu onoko mendi ura? Leiotik begira egoten natzaio. Arentxen gaillurrean ibilli nai nuke nik, auntz eta onuntz zilipurdika.

MADAV: Zer uste duk ik? Ez dagola mendi tontorrera igo besterik? Eta gero zer ikusi bear diagu? Burutik egin zaik, seme! Mendi ura an zutik baziok, zerbaitetarako ziok. Aruntzago joan albagintez, zertarako pillatu orrenbesteko arritza? Zertarako mendilarri ura? Tira, tira!...

AMAL: Iñork ez zapaltzeko egin dutela uste al dezu, osaba? Nire ustez, lurrak ezin itzegin du eta eskuak zeruraiño jaso eta dei egiten digu. Urrun bizi eta beti leio aurrean daudenak, entzun oi dute deadarra. Jakintsuak bakarrik entzuten ote dute?

MADAV: Ara beste argi-iturri! Jakintsuak bazeukate txorakeri oiek baiño aurreagokorik! I bezain ero egon bearko lieke!

AMAL: Atzo ezagutu nuena, ni bezin ero dago orduan..

MADAV: Jainko maitea! Benetan? Zein gero?

AMAL: Pardela zeraman bizkarrean, eskuan pertza, jantzita oiñetako zar aundiak. Onoko zelai ori zearkatuz, mendietako bideari eldu zion.

          Nik deadar egin nion: «Nora zoaz?» Erantzuna: «Batek baleki. Ez zekiat; nora-nai...» Nik berriro: «Zertara zoaz?» Erantzuna: «Lan-billa natxiak...» Osaba, esaidazu, zuk ez al dezu lanik billatu bear?

MADAV: Jakiña ba! Jende asko zebillek or lan-billa.

AMAL: Au poza! Ni ere banoa or barrena zer egin billatzera.

MADAV: Egin zak kontu ez dekala ezer arkitu; orduan zer?

AMAL: Orixe izango litzake ederrena! Orduan da urrutiagora joango nintzake. Oiñetako zaar eta guzti makal-makal zijoan gizon arri begira egon nintzaion. Pikondopetik igarotzen dan errekara eldu zanean, oiñak garbitu zitun. Gero zorrotik iriña atera, urez naastu eta jan egin zun. Berriro artu pardela eta erreka zearkatu zuen. Esan diot izebari: nik ere araxe joan nai nukela eta uzteko.

MADAV: Zer erantzun dik izebak?

AMAL: Senda adi lenbizi; orduan eramango aut errekara. Esaidazu, osaba, noiz jarriko naiz ondo?

MADAV: Aurki, maite.

AMAL: Aufi...! Orduantxe bai ederki! Berriro joango naiz.

MADAV: Nora joango intzake, bada?

AMAL: Ez dakit ba... Oiñez joango natzaizu, errekarik erreka, uretan sartuz. Sargori egingo du eta jendea ateak itxita lo dagon bitartean, ni ibilli ta ibilli urrun, lan billa, gero ta urrunago.

MADAV: Ori bai, baiña, lenbizi sendatu egin bear duk.

AMAL: Orduan ez dezu naiko ni jakintsua izaterik, osaba.

MADAV: Ez duk ire gogoko, lanbide ori. Zer izango intzake, ba?

AMAL: Une ontan ez dakit, baiña gero esango dizut.

MADAV: Orain zintzo egon bear duk emen; ez or dijoazen guziei deadarka.

AMAL: Orren ederki jarduten bait naiz, danakin berriketan.

MADAV: Arrapatzen ba aute?

AMAL: Orixe nai nuke, bada, nik! Baiña bai zera! Ementxe zokoan egotea nai dute denak.

MADAV: Barrura natxiak, seme, lanera. Ez aiz etxetik aterako. Egon adi geldi-geldi.

AMAL: Ez, osaba; ez naiz ertengo, baiña utzi nazazu bidera ematen duen leio aurre onetan egoten.

          (Madav ba dijoa)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

(Amal eta esneketaria)

 

ESNEKETARIA: (Kalean barrena dijoala oiuka)... Gazta eta gaznatxo, orra bertan goxo!.. Au da gaztaren ederra... Nork nai ditu gazta gozoak!

AMAL: Aizak, adi! Gazta saltzaillea... atorkit...!

ESNEKETARIA: (Sartu da) Zer nai ukan, txiki! Gaztaren bat erosi, ala?

AMAL: Pozik erosiko nikek, baiña dirurik ez izan nik.

ESNEKETARIA: Orduan zertara deitu nauk...? Nik ez zeukat gero unetxorik alperrik galtzeko... Utikan!...

AMAL: Irekin joan albanedi...

ESNEKETARIA: Nerekin..! Zer esaten ari aiz?

AMAL: Bai, bai, irekin. Urrutira entzun oi diat ire deadarra eta illundu egiten nauk.

ESNEKETARIA: (Sorbaldan daraman pixua lurreratuz) Ik zer egiten duk emen bakarrik... ume?

AMAL: Makal nabillela ta etxetik ez erteteko agindu zidak sendagilleak, eta ona emen ni, egun osoan exeri-ta.

ESNEKETARIA: Errukarri orrek; zer duk, ba?

AMAL: Ez, bada, jakin, zer daukadan; ez bait nauk jakintsua. I nundarra aut?

ESNEKETARIA: Gure errikoa...

AMAL: Ire errikoa? Emendik urrun al ziok ire erria?

ESNEKETARIA: Shamli ibai ondoan ziok gure erria, Panchmura-mendipean.

AMAL: Panchmura-mendiak aipatu al dituk? Shamli-ibaia? Bai, bai; ez zeukat noiz, baiña, nik ikusia diat ire erria...

ESNEKETARIA: Gure erria ikusia dukala? Baiña noiz? I izana al aiz Panchmura-mendietan?

AMAL: Ez, ez nauk iñoiz izan, baiña zer nai duk? zuen erria ezagutzen ote dedan irudipena zeukat... Ez al ziok zugaitz tzar eta zar batzun artean? Bide gorrixka ondoan?

ESNEKETARIA: Bai, bai! Antxe ziok...

AMAL: Eta mendi-egatzean abereak larrean...

ESNEKETARIA: Zoragarri! Abel-gorriak bazka-bazka... eta egia izaki...

AMAL: Emakumeak berriz, sari gorriz jantzirik, buruan txantxillak, joan-etorrian errekatik ur-karrio.

ESNEKETARIA: Alaxen duk. Gure esne-erriko emakume geienak zeatzik errekara ur-billa, baiña ez denak sariz jantziak. Ala ere bazirudik erria ezagutzen dukala.

AMAL: Ez nauk, ba, iñoiz izan, baiña sendagilleak etxetik erteteko agintzen didan zoriz, euk eraman bear nauk.

ESNEKETARIA: Eramango ez aut, ba! Bai! Ta pozik gaiñera!

AMAL: Gaztak saltzen erakutsi bear didak eta pixua sorbaldan jartzen; ia euk bezin egoki eramaten dedan. Gero bide luze oiek barrena ibilliko natzaik.

ESNEKETARIA: Tira, tira! Orixe bear giñukek i gazta saltzen astea... Ez, mutiko, ez! ik liburu aundi-aundiak irakurriko dituk eta jakintsua izango aiz.

AMAL: Ez, ez! Nik ez diat iñoiz jakintsu izan nai! Nik, ik bezeia gazta saltzaillea izan nai diat. Bide gorri ondoko erritik etorriko nauk etxolarik-etxola gaznak saltzera. Ni, i bezain oiulari ona baldin banintz, gaztai pillarik salduko nikek... «Gaztatxoak, gazta gozo-gozoak». Ik oiu-aldi ederrik egiten duk... erakutsi eidak neri ere...

ESNEKETARIA: Zertarako nai duk ikasi? Oiek ateraldiak!

AMAL: Bai, erakutsi! Ire otsak poztu egiten natxiak. Zugazti ortan barrena oala ire oiu biziak entzutea, zeru-goian miruen garraxiak sortu-azten didaten zarrastada bezin gozoa duk.

ESNEKETARIA: Aski duk txiki! Eta tozkik gaztatxoak; ar itzak.

AMAL: Dirurik ez izaki, ordea...

ESNEKETARIA: Bai zera...! Gaiñera asko ikasi diat gaurko ontan. Gazta saltzen ere, izan ditekela bat zoriontsu, orra! Ez zijoak gaur asarre gazta saltzaillea..!

          (Badoa etxetik at)

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

(Amal bakarrik)

 

AMAL: (Oiuka) Gazta eder gozo-gozoak!... Errekondoko Panchmura-mendipean dagon artzai erritik ekarriak... Auek dira gaznak, auek! Goizaldian, emakumeak jarri beiak errenkaran zugaitzpeetan eta eraitzi egiten dituzte; arratsaldean, bildutako esnez gaztak egin. Iñun gozorik, bada. auetxek ao-betekoak!M

          Ara kalezaia or... Orain onuntz dator... (Kalezaiari ojuka) Kalezaia... kalezaia! Atozkit nerekin itz aspertu bat egitera...

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

(Amal eta Kalezaia)

 

KALEZAIA: (Mutikoaren gelan) Baiña zer da iskanbilla au? Ez al aut bildurtzen?

AMAL: Ni? Ez ta batere.

KALEZAIA: Espetxera eramaten ba aut?

AMAL: Nora eramango ninduzuke? Esaidazu, nora? Oso arrun? Mendi oiek baiño aruntzago?

KALEZAIA: Bazekiat norengana eraman. Erregearengana eramango aut.

AMAL: Erregearengana? Bai, bai, eraman nazazu, baiña sendagilleak beti itxian euki nai nau. Ez daukat irteterik... Ezin eraman nau iñork... Egun osoan ementxe exerita!

KALEZAIA: Sendagilleak ez dik baimenik ematen, beraz? Gizajoa! Zurbil arkitzen aut, bai, eta betondo beltz-beltzak dauzkak... Arretaz oztu gabe!

AMAL: Jo nai al dezu gong-ezkila?

KALEZAIA: Oraindik ez, bere garaian joko diat.

AMAL: Arritzekoa! Batzuk diote ez dala oraindik garai; besteak berriz, joana dala. Baiña, ni ziur nago dun-duna jotzen badezu, garaia dala.

KALEZAIA: Ez, ume; ori ezin zitekek; nik gong-dun-duna garaia danean zeukat jo bearra, ez lenago eta ez geroago.

AMAL: Eta neri danbateko soiñu ori atsegin izan, eder. Bazkalondoan osaba lanera doa; izeba «Ramayana» irakurri aitzekian exerita dagola, loak artzen du; zakurra berriz, isats kiri-bilduan muturra sarturik, itzalean etzanda. Orduantxe entzuten da zure don, don, dona... Esanzu, zer dala ta jotzen dezu zure ezkila?

KALEZAIA: Guztiei auxe adierazi nai ziet; «Adi zazue! Denborak ez du itxoiten; badijoakigu...»

AMAL: Zein erritara dijoa, nora dijoakigu?

KALEZAIA: Ori bai ez dakila iñortxok ere!

AMAL: Ez ote da iñoiz iñortxo ere izan an? Ni ere pozik joango nintzake denbora lagun artuta, iñork ikusi ez duen lurraldera...

KALEZAIA: Egunen batean guztiok joan bear diagu ara...

AMAL: Nik ere joan bear al dut?

KALEZAIA: Bai, ik ere bai...

AMAL: Baiña sendagilleak ez bait du nai, ni irteterik...

KALEZAIA: Agian berak eramango au egunen batean, eskutik eldu ta...

AMAL: Ez, ez nau eramango, ziur nago. Zuk ez dezu ezagutzen. Ementxe esituta euki nai nau!

KALEZAIA: Bazegok, ordea, sendagillea baiño aundiagoko bat; etorri-ta...

AMAL: Datorrela, bada, nigana sendagille aundi ori eta atera benaza emendik, nereak egin du-ta!

KALEZAIA: Ez uke orrelakorik esan bear, seme...

AMAL: Ez dut, ba, berriz esango. Ementxe egongo naiz, jarri nauten lekuan. Ez dut zirkiñik egingo. Baiña zu dinbi-danba, don, don, don, asten zeranean, nere barren osoa alaitu egiten da. Aizazu...

KALEZAIA: Zer nai duk?

AMAL: Or aurrean daukagun ikurrin eta guztiko etxetzar ortan zer dago? Eten gabe sartu-atera dabil jendetza...

KALEZAIA: Ori, Korreonea duk, bidal-etxea.

AMAL: Bidal-etxe berria eta norena da?

KALEZAIA: Norena izango duk? Erregearena...

AMAL: Erregearen idazkiak orrera al dakarzkite?

KALEZAIA: Jakiña, bada. Gutxiena uste degunean, or ekarriko die iretzat bat.

AMAL: Neretzat? Ni oraindik txikitxoa nauzu.

KALEZAIA: Erregeak txikiei ere bialtzen zizkie kartatxoak...

AMAL: Au poza! Noiz artuko ote dut idazki ori? Zeiñek esan zizun zuri?

KALEZAIA: Zertarako egingo zien, ba, or ire leio aurrean, etxe berria? Ara, ikurrin orla ere, etxe-aurrean egaka.

AMAL: Nork ekarriko dit Erregeak idazten didan eskutitza?

KALEZAIA: Erregeak mandatari asko dizkik. Ez al dituk ikusten, etxez-etxe laisterka?

AMAL: Nora doaz?

KALEZAIA: Edonora, toki guztietara...

AMAL: Aufii..! Bai ederki! Azitakoan ni ere Erregearen mandataria izango nauzu...

KALEZAIA: (Parrez) Ori duk ateraldia! Mandatari! Ez duk ezagutzen langintza ori... Euria, bada, eguzkia, bada, aberatsari eta beartsuari atez-ate, beti eskutitzak banatzen. Ez duk lan makala...!

AMAL: Jakin badakit, baiña ala ere, nik orixe nai. Zure lana ere ez da txantxea, eguerdi galdatan, txoriak mututu eta ixiltasunak estaltzen gaitun garaian, zure «gong»a entzun oi da, dun, dun, dun... Gauez ere amaika aldiz esnatu izan nau, zure dunbateko makalak dun.. dun...

KALEZAIA: Ara! or zetorrek buruzagia... Banetxiak, irekin berriketan arrapatzen banau, nereak egin dik...

AMAL: Buruzagia? Non da, ba?

KALEZAIA: Emen diagu, begiraiok. Saltaka datorrela dirudin perretxiku antzeko itzalkiduna izan bear... Berbera duk, bai...

AMAL: Emengo buruzagi izentatuko zikan Erregeak; ez ote?

KALEZAIA: Erregeak, bai zera..! Ez duk orren gizon zitalik ezagutu! Beti amorrazten, oni kuku eta arri kuku. Erritarrak ezin ikusi die. Orren antzekoei orixe zaiek pozgarri: ingurukoak ernearaztea... Tira! Ni ere baniak... Utikan alperkeria...! Biar goizean goiz emen izango nauk erriko berri ematera!

          (Ba doa)

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

(Amal bakarrik)

 

AMAL: Nik egunero Erregearen idazkia artuko banu... ementxe leio aurrean irakurriko nuke! Baiña zer ari naiz? Ez dakit oraindik irakurtzen eta... Nork irakurri naiko dizkit? Bear bada izebak ezagutuko du Erregearen izkia... Ramayana irakurtzen badaki beintzat... Eta iñork ezbaleki arreta aundiz gordeko ditut eta azitakoan irakurri... Bat-batean oartu naiz, mandatariak ez baleki ni nor naizen? (Buruzagiari deituz) Buruzagi jauna! Buruzagi jauna!... Esan al dezaizuket zertxobait?

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

(Amal eta Buruzagia)

(Buruzagia sartzen da)

 

BURUZAGIA:  (Sartuz) Zer dituk oju oiek? Lurrean agiri ez eta bidera oska...!

AMAL: Zu al zaitugu Buruzagia? Mundu osoak zuk agindua betetzen du, ez da orrela?

BURUZAGIA: (Arrokeriz) Orixe bear gindukek nere aginduari uko egitea...

AMAL: Erregearen mandatariekin bai al dezu zer ikusirik..

BURUZAGIA: Jakiña ba...

AMAL: Esango al zenieke mandatariei, leio aurrean exerita dagon mutikoa, Amal dala?

BURUZAGIA: Zer dala ta?

AMAL: Nere izenean kartarik baletor...

BURUZAGIA: Ire izenean? Zeiñek idatziko dik iri kartarik?

AMAL: Onenean Erregeak berak...

BURUZAGIA: (Algaraz) Erregeak! Ametsetan ari aiz i! Alajaiña! Izan ere i izaki bere lagunik onena eta aspaldian ez dezue elkar ikusi ta onezkero Erregea naigabeturik ziok... a ta... Bai, bai, itxoizak or exerita; biar emen duk Erregearen idazkia!

AMAL: Buruzagi jauna, asarre al zera nerekin?

BURUZAGIA: Irekin, e?... Erregearen karta beraz... Nik emango diat iri kartatzakoa... Gizajoa ez da bera errudun... Izeba-osabatzakoak dirutzaren jabe egin dirala eta etxean beste izenik entzuten al da, ba...? Erregea eta Gobernadorea gora ta beroiek bera... Arroak alenak ez besterenak... eta i gajo ori or... izango duk, ba, Erregearen eskutitza; neuk esango ziuat, ziur egon...!

AMAL: Ez, ez, jauna! Geitxo litzake...

BURUZAGIA: Bai, ume, bai! Zergatik ez? Oraintxe esango zioat Errege berari! Eta amen esan orduko etxean duk mandataria karta eta guzti, ire berri jakitera. Gure mutikoa idazkirik gabe... ederki eman ere... (Erten egiten da).

 

 

BEDERETZIGARREN AGERRALDIA

 

(Amal eta Sada)

 

AMAL: (Gelan sartu zaion nexka saskidunari begira) Zer nai ukanan? Zein aunat, nexka? Aizan! ire txongatillako uztai oien txilin-soinua ez dun makala... Exeri adi pixkatean. Egon adi nerekin. Nai al dun?

NEXKA: Ezin, ordea; berandu diat eta astirik ez egoteko.

AMAL: Bai, bai! Konturatzen naun. Neri ere ez zidan on aundirik egiten emen egoteak; baiña...! Ni ere pozik joango niñuken irekin!

NEXKA: Zer daudak?Goiz beranduko izarra dirudik..?

AMAL: Ez zekiñat; sendagilleak ez din nai ni etxetik irteterik...

NEXKA: Ez adi, bada, irten! Esana aditzen ez baduk, asarretu egingo zaik. Nik bazekiat aspergarri eta nekagarri izango zaikala beti leio ortatik begira egotea, baiña zer egingo diok, ba... Utzieidak leioa pittinbat ixten...

AMAL: Ez arren, ez zezan itxi... Auxe dun irikia dagon leio bakarra; gaiñentzekoak itxiak zeuden. Esaidan: nor aiz i? Nik ez aunat ezagutzen... noski...

NEXKA: Ni «Sada» nauk.

AMAL: Sada? Zein Sada gero?

NEXKA: Ni, erriko lore saltzaillearen alaba nauk. Ez al ekin?

AMAL: Eta ik zer egiten dun, esan zan?

NEXKA: Nik? Loreak bildu eta saskian jartzen dizkiat amari laguntzeko.

AMAL: Loreak bildu e? Ori dala ta dauzkan ik orren oin bizkorrak... Arin abillenean, ire txorgatillako uztai-txintxarritxoek abesti-soiñua, bai alaia...! Nor ibilli leiken ortik barrena, i abillen lez. Nik goien-adarretako loreak bilduko nizkiken, erdi ezkutuan daudenak.

NEXKA: Apustu egingo nikek, ez dakizkikala lorei buruz nik ainbat ipui... Ik lore-mota asko ezagutuko dituk, baiña ez nik aiña, ja, ja...

AMAL: Baietz! Badakizkidala ik aiña? Txanpaka'ri dagozkion guztiak bazekizkiñat; baita sorgin, maitagarri eta bere zazpi anai-arrebatxoenak ere. Oraintxe unetxo batean aske utziko banindute, korrika, berealaxe ninduken baso aundi artan eta ez ninduzueke aurkituko. Txori eztijalea zabuntzen dan adartxo muturrean, txanpaka lorea bezelaxe iriki egingo niñuken... Aizan! Izan nai al dun ik, nere arreba Parul'en ordezkoa?

NEXKA: Kaiku alena..! Nolatan nai duk ni ire arreba Parul izatea? Sada izanik, loreak saltzen ditun Sasi andrearen alaba? Baekike zenbatxo lan egin bear dedan goizetik gauera... Ai ene! Zein egon liteken emen, i bezela ezertxo ere egin gabe!

AMAL: Zer egingo ukene egun osoan alperkerian? Egunak luze jotzen din gero...

NEXKA: Jolas ederrik egingo nikek, nere panpin eta katutxoakin...! Emen ederki natxiok, baiña berandutu egin zaidak. Baniak lorerik gabe gelditu nai ez ba dut.

AMAL: Geldi adi unetxo batean! Orren ederki natxion irekin...

NEXKA: Ortik mugitzeke eta zintzo egoten ba aiz, loreak bildu ta gero, emen nauk berriro, irekin itz aspertu bat egitera.

AMAL: Loretxoa ekarriko al didan?

NEXKA: Ezin ordea... Amak saldu egiten dizkik...

AMAL: Aundi egiten naizenean, azitakoan alegia, ordainduko diñat. Erreka orren beste ertzera lan-billa joan baiño leen kitatua izan dun...

NEXKA: Agur, ba...!

AMAL: Loreak biltzean, emen izango al aiz? Ez aaztu Amal naizenik!

NEXKA: Aurki arte..!

          (Ba doa)

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

(Amal eta ume-taldea)

(Mutikoak ixkanbilla bizian doaz)

 

AMAL: Nora zoazte? Eeeee... denak ez joan beintzat... Zaudete nerekin pixkatean!

MUTIKOAK: (Zaparraran sartuz) Jolastera gatxeatzik...

AMAL: Zertan jolastu bear dezue, senideok?

MUTIKOAK: Goldeketan jolastera.

(Mutiko batek makila artuz)

          Au dala goldea!

(Bi mutikok)

          Au ta biok uztar-beiak giñala.

AMAL: Egun osoan jolastuko al zerate?

AMAL: Illunabarrean ibai-ertzeko bidetik etxeratuko al zerate?

MUTIKOAK: Ibaiertz-ertzetik, bai.

AMAL: Nere leio aurretik?

MUTIKOAK: Tira, mutil, ator gukin jostatzera!...

AMAL: Ez bait zidak erteten uzten sendagilleak!

MUTIKOAK: Sendagilleak? Eta meikuaren esanari eltzen al diok? Goazik, goazik gukin, berandu diagu ta... tira... ekin...

AMAL: Ez, ez! Ez nauk ausartzen... Nik ikusi zaitzatedan, nere leio aurrean jolastu bear zenuteke... ortxe bidean...

MUTIKOAK: Zertan jolastuko gaituk?

AMAL: Nere jostaillu denak emango dizkizuet. Egiña ziok! Torizkizue! Bakarrik ezin jolastu nauk eta geldian geldi, austu egin dituk. Zertarako nai dizkiat nik?

MUTIKOAK: Auek jostaillu politak! Txalupa bat! Ara, Yatai amona ere! Au berriz inditar-gudaria, ederra benetan... Jostaillu auek denak guretzat? Ez al zaik axolik jostaillurik ez izatea?

AMAL: Ez, ez! Guztiak zuentzat! Nik ez dizkiat ezertarako bear!

MUTIKOAK: Errietan emango die!

AMAL: Bai zera! Neri ez zidate errietarik ematen... Etorriko al zerate, ba, goizero, nere ate aurrean jolastera?... Puskatutakoan, beste batzuk emango dizkizuet.

MUTIKOAK: Au duk au! Etorriko ez gaituk, ba? Jarri itzazue errenkaran iditar gudariak. Ik ekarzak pusilla. Kañabera onek balio al dik? Gudan ibilliko gaituk. Amal... Aizak! Ez ezak lorik artu..!

AMAL: Logurea etorri zaidak... Zer dan ere ez zerkiat... Askotan lo kuluxka bota bear izaten diat... beti exerita nagola, nekatu egiten, gero bizkarreko miña...

MUTIKOAK: Eguerdia besterik ez duk oraindik!... Loak artuko au... Entzun ezak gong-soiñua...

AMAL: Bai, bai... dun, dun, duuun... Au logalea, au!...

MUTIKOAK: Orain joan eta biar goizean etorriko gaituk...Orixe onena!

AMAL: Itxoin zazue une batean! Zuek beti bidez-bide zabiltzatela, Erregearen mandataririk ez al duzue ezagutzen?

MUTIKOAK: Bai orixe!

AMAL: Zeintzuk dituk? Izenik al dakizue?

MUTIKOAK: Batek, Badal dik izena, besteak, Sarat... Beste bat berriz... Asko dituk!

AMAL: Ezagutuko al niñueke, neretzat idazkirik baletor?

MUTIKOAK: Jakiña, ba... ire izena an jarriko dik!

AMAL: Biar goizean jolastera zatoztenean, ekar ezazue bat... ezagutu nazala...

MUTIKOAK: Egon lasai, esango zioagu ta...

 

 

 

Bigarren ekitaldia

 

LEEN AGERRALDIA

 

(Amal eta Badav)

 

AMAL: (Oiean) Leio ondoan egotea ere eragotzi egin al du sendagilleak?

MADAV: Bai; ez dik onik egin or etzanda egoteak...

AMAL: Orrela izango da, baiña ederki egoten nauzu kalera begira...

MADAV: Iri orrela iruditu arren, gaitz egiten dik seme. Leiotik-at burua atera-ta ta or aurrean joanetorri dabiltzan guztiekin berriketan jarduteak, arikatu egiten au. Ezin egin dezakek ori; aul eta zurbil ago oraintxe ere!

AMAL: Nere fakir'ak leioan ikusten ez banau, joan egingo da...

MADAV: Ire fakir'a? Nor duk ori?

AMAL: Nere fakir'a... Egunero etortzen zaidan agurea... Datorrenean, ibilli dan tokietako zereko zer denak jaulkitzen dizkit... Polit-politak benetan...!

MADAV: Baiña zer diok? Nik ez diat iñungo fakir'ik ezagutzen...

AMAL: Aurki dezu bada emen...! Zoaz arren, esaiozu sar dedilla txolarte batean nerekin itzegitera!

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

(Amal, Madav eta Agurea)

 

AMAL: Begira, or dago! Fakir, fakir! Zatoz nigana...! Exer zaitez emen nere oe gaiñean!

MADAV: Ergela alena, zereko zera duk eta...

AGUREA: (Fakir-jantziz dator eta Madav'i kiñu egiñaz) Ni nauzu fakir-agurea!

MADAV: (Agureari) Deabrua bera aiz i...! Ikusi gabe ezin sinistu...!

AMAL: Nondik-nora ibillia zera gaur, nere fakir?

AGUREA: Oraintxe natorkik Txori berritxuen Ugartetik

MADAV: Zer diok? Txori berritxuen Ugartetik atorrela?

AGUREA: (Madav'i) Bai, jauna, anditxek. Zer, bada? Zer uste zenuen? Ni ez nauzu besteak bezelako gizona... Gogoak ematen didanean, jaso nere oiñak bizkarrera eta edonora noakizu. Ezertxo ere kosta gabe...

AMAL: (Txaloka) Bejondeizula!... Aizetan barrena, batek badaki nora... Ura poza! Sendatzean ni ere eramango nazu... agindua, zorra...

AGUREA: Orixe baietz!... Nerekin dabiltzan bidaztien makurkeri guztiak erakutsiko dizkiat. Guri aurrerabidea itxiko digun itsas, baso eta mendirik ez ziok.

MADAV: Zer naspilla darabilkik? Enrea-makilla ona eu!...

AGUREA: Amal, seme; guri atzera eraginaziko digunik ez ziok, ez mendi eta ez itxasorik, baiña ire sendagilleak eta aitatzako orrek elkar arturik azpi jokoren bat sortzen badigute, aztikeriak ez dik balio, orduantxe gureak egin dik...

AMAL: Ez fakir; ez diot itzik esango sendagilleari eta itz ematen dizut ez naizela oetik irtengo. Baiña ori bai! Sendatzen naizen egun berean zurekin joango naiz eta neri aurrean jarriko zaidan eragozpenik ez da oraindik sortu. Itxaso ta mendi gaiñetan barrena joango gera.

MADAV: Naigabetu egiten nauk, seme, beti kale-irrikian...

AMAL: Esaidazu, fakir, nolakoa da txori-toki ura?

AGUREA: Arrigarria...! Ikustekoa leku ura... Antxe bizi dituk munduko txori-mota guztiak. Ez zegok gizon-emakumerik, egaztiak bakarrik. An ez dik iñork itzegiten, abestu bakarrik. An ez zebillek iñor oiñez, guztiak egan...

AMAL: Ori edertasuna! Bai al dago inguruan itxasorik?

AGUREA: Jakiña... ba...! Itsas erdian ziok ugartea!

AMAL: Mendirik bai ote?

AGUREA: Ugarte osoa mendi orlegiz betea ziok eta eguzkiak etzaterakoan mendi-egaztak dizdiratu eta gorriztatzen ditunean, txori aldra alaiak, txorrotxioka egan etortzen dituk, beren kabietan kokatzera.

AMAL: Zelai loretsuak ere bai... ote?

AGUREA: Eta pinpilinpauxak eta ipurtargiak...

AMAL: Eta Kattalin-gorrik...

AGUREA: Eta kattagorriak...

AMAL: Eta txori motoxdunak... politak izango dira... Ur-zurruztarik bai al da?

AGUREA: Izango ez duk, ba... Mendi denak zeukate beren ur-jausia... Bakoitzak berea, arri bitxizkoa iduri urak saltaka. Ikustekoa izan oi duk ur-zurrusta mendian bera amilka, sabelean daramazkin arritxoak oiuka eta jolas egiñaz sartzen duk itxasoan. Ez ziok ura geldieraziko duen sendagillerik, ez orixe!

AMAL: Txoriei buruz zer geiago?

AGUREA: Txoriak arriturik neri begira... Egorik ez ikusten neri nunbait eta ez zien nai ezer nerekin. Ori dala ta atzeratu nauk; bestela pozik egingo nikan antxe kabi artean etxola bat eta bertan bizi zoriontsu... itxas-olatuei begira...

AMAL: Ai, ni txoria banintz! Bertan goxo egingo nuke... orduan bai...

AGUREA: Ez al diok, ba, esan esneketariari, arekin gaztai saltzen ibilli bear dekala?

MADAV: Erotu egingo nauzue zuek biok, erotu... Ez naiz ni gauza zuen asmoak entzuteko... Ai ene! banoa...

AMAL: Esneketaria izan al da?

MADAV: Gaztatxo bi utzi dizkik iretzat. Laisterka zetxebillen illoba ezkontzen zaiola ta Kamlipara-errira zetxean soiñularien billa.

AMAL: Bere illobatxoakin ni ezkondu nai nindun eta orain zer?

AGUREA: Jainko maitea! Beltza egin diagu, beraz!

AMAL: Zera ere esan zidan: bere illoba izango zala nere andregai txiki-txikia. Sari gorrixka jantzi eta belarrietako luze ta guzti azalduko zala. Goizean goiz berak jetziko zuela bei beltza eta txantxil berrian aparra gaiñezka zeukan errebero epela ekarriko zidala edan nezan. Gero nere ondoan exeri eta Champaka eta bere zazpi senidetxoen ipuia edestuko zidala...

AGUREA: Politik bada orixen polita! Neu ere fakir izan arren, zirikatu egiten natxiak!... Baiña ez adi kezkatu...! Esneketarian illoba ezkon dedilla nai duenakin... Utzi zak! I lasai... izango dituk, bai, ta or-konpon-Mari-Anton!

MADAV: Ai ene!! Burutik egingo zait zure jarduna entzuten... Ixo!... Ume errukarri au ikusi-ta ixildu zaitez arren...!!! Ixildu bein betiko!!!

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

(Amal eta agurea)

 

AMAL: Aizazu, fakir! Bakarrik gelditu geran ezkero, jakin al dezakezu Bidari-etxe berri ortara Erregeak neretzat, nere izenean biali duen karta ekarri ote duten?'

AGUREA: Bazekit karta ori Jauregitik aterea dala, baiña oraindik bidean izango dek.

AMAL: Bidean? Nondik etorriko ote da? Zugaitz artean biraka datorren bide-txigor ortan barrena etorriko ote da? Erauntsi ondoren eguzkiak zulatzen duenean, bidetxigorraren asiera ere ikusten dut. Aizu, fakir! Euri-jasa ondorengo eguzki aldi arri, nola esaten zaio, ba?

AGUREA: Axari-dantza esan oi ziotek zenbait tokitan. Ara! Bazetorrek, mandataria... Ik nolatan ekin, etorriko zala?

AMAL: Ez dakit nola, baiña dena argi-argi ikusten dut nere ustetan bein baiño geiagotan ikusi izan dut gertakizun au... Oraintze ere ederki ikusten dut: Erregearen mandataria mendi-malda bera dator. Ezkerreko eskuan argi-ontzia dakar eta eskutitzez betetako zaku aundia bizkarrean. Jetxiaz-jetxiaz dator, atsedenik, artu gabe, luzaroan gau-ta-egun ibilliaz. Menditik jeisten dan ur-zurrustak sortu duen erreka-ertzetik barrena galsoroan sartzen da. Urrena kañabera luze artean ezkutatuko da. Ara! Orain dakust! Kirkirrak abesten duten zelaira atera da. Mandataria bakarrik nabarmentzen da, ez dago beste iñor. An emenka, isatsari eragiñaz, eperrak ari dira lokatzetan mokoka. Oso ederki nabaitzen dut; urbiltzen ari da; gero ta gero urrerago... Au poza!...

AGUREA: Nere begiak lausotu xamarrak zeuzkat, baiña ala ere, ik argi eta zeatz azaldu ala, nik umetan bezelaxe ikusi diat guztia. Gozatualdi ederra artu diat!...

AMAL: Bidari-etxea or jarri duen Erregea, ezagutzen al dezu, fakir?

AGUREA: Bai; egunero joaten natzaiok limosnatxoaren billa.

AMAL: Sendatzean ni ere limosna eske joango naiz.

AGUREA: Ik ez daukak eskatu bearrik; berak emango dik eta pozik gaiñera...

AMAL: Ez, ez; ni atarira urbildu eta diadar egingo dut: Gora nere Errege! eta txistua jo eta dantzatuz, eskea egingo diot. Zer derizkiozu?

AGUREA: Oso ederki! Alkarrekin joango baldin bagiña, ni ere ez ninduke gaizki ibilliko. Ta... zer eskatu bear diok?

AMAL: Onela esango diot: Egin nazazu zure mandatari, nere argi-ontzi ta guzti; etxez-etxe eskutitzak zabalduz ibilli nadin. Ez nazazu egun osoan etxe zuloan sartu-ta euki!...

AGUREA: Txiki: esaidak! Orren aspergarri al zaik emen egotea? Zer dala ta ago orren goibel eure etxean?

AMAL: Ez; orain ez nago illun; asieran bai; egunak luze jotzen zidan, beti itxian... Baiña or aurrean Erregearen Bidari-etxea jarri duten ezkero, gero baiño gero alaiago aurkitzen dut nere burua. Etsi egin dut; egunen batean karta etorriko zait eta zer ajola zait pixkatean itxoitea? Onetxek bakarrik kezkatzen nau; jakingo al dut Erregearen karta irakurtzen?

AGUREA: Ezin baldin baduk, neuk irakurriko diat... Azalean ire izena jarriko dik beiñepein, eta naikoa diagu!

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

(Esanak eta Madav)

 

MADAV: (Sartuz) Beltza egin dezue bion artean?

AGUREA: Zer degu? Zer gertatzen da?

MADAV: Zuek zeratela ta or ari da erri osoa txutxumutxuka...! Erregeak or aurrean jarri duela idaztetxea, zuei bioi idazten jarduteko!

AGUREA: Eta zer?

MADAV: Pantxanan buruzagiak, ixilka, jakinerazi omen dio Erregeari!

AGUREA: Lendik ere badakigu ez dagola erri ontan ixilikakorik Erregearentzat. Beti jakiñen gañean dago.

MADAV: Orduan, zergatik ez zabiltza arreta aundiagoz? Errege-izena aintzat artzen ez badezue, ondatu egingo nauzue!

AMAL: Fakir, fakir! Ez al zaigu Erregea asarretuko?

AGUREA: Zer asarretu bear dik...! I bezelako mutikoa eta ni bezelako Fakir, ez dituk gero edonun aurkitzen...! Bereak eta bi entzun bearko dizkik orrelakorik gertariko balitz...

AMAL: Fakir: gaur goizetik begiak lausotuak nabaitzen ditut; gandua daukat aurrean... Ez daukat itzegiteko gogorik, fakir! Geldi-geldirik egon al banedi... Noiz etorriko ote da Erregearen eskutitza... Gela au batbatetan birrinduko balitz eta... Bai eta goiak bea joko balute...

AGUREA: (Aizea emanez) Gaur ekarriko die ziurki... bai, gaur noski... kuttun!...

 

 

BOSTGARREN AGERRALDIA

 

(Esanak eta sendagillea)

 

SENDAGILLEA: (Sartzen da eta Amal'i) Nola gatxeudek, ba, gaur?

AMAL: Txit ondo, sendagille jauna; gaur ez daukat iñungo miñik...

SENDAGILLEA: (Madav'i ixil antzean) Ez dit onik egiten mutikoaren irri-parreak... Bere burua orren ondo arkitzea, ori ez da siñaie ona... Juuu!... Chakradan'ek dio...

MADAV: Utzi itzatzu gaurkoz beintzat Chakradan eta besteak...! Nik jakin nai dedana, auxe da: Nola dago gaur gure semetxoa?

SENDAGILLEA: Beraka dijoakigula derizkiot. Ez dut uzte luzaroan iraungo digunik... Esana nizun. Txikia iñundik ere oztu egin zaigu...!

MADAV: Ziur esaten dizut: txikia ez da iñora mugitu, leioak ere ondo itxiak euki ditu...

SENDAGILLEA: Aizeak ere badarabilki gaur alako zerbait! Atetik sartu orduko ats nastua nabaitu dut, aize joera... Atea giltzaz istea degu onena... Bi edo iru egunean ez dedilla iñor etorri i ikustera, nekatu egingo aiz-ta... Norbait baletor atzeko atetik sartuerazi... Leiatilla oiek ere itxi... Illunabarreko izpiak loa galerazi dezaioke txikiari... !

MADAV: Begiak itxi zaizkio...! Loak artu du gizajoa...! Ori arpegia! Aingerua dirudi...! Sendagille jauna, semetzat artu ta gero, galdu egingo ote degu, bada...! Betirako galdu...! Ez, Jainko maitea..!

SENDAGILLEA: Nor da? Nor da or! Buruzagia al da? Gertakizun guztiak jakin gabeko onik ez dauka berriz... Ori gizona, ori! (Madav-i) Joan bearra daukat eta goazen leioak ongi itxiak dauden ikustera... Etxeratu bezin laister, agindutako sendagaia bialiko dizut... Ia zerbait pixkortzen ote dan... Baiña ez dakit, ez dakit...! Jainko maitea!

          (Madav eta sendagillea erten egiten dira)

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

(Amal, agurea eta buruzagia)

 

BURUZAGIA: (Kaletik sartzen da) Kaixo, moteli!

AGUREA: (Laisterka jeikiz) Ixooo!...

AMAL: Ez zaio ajolik, fakir! Ez nengon lo. Dena entzuten dut eta baita urrundikako itz-otsak ere... Ona, aita eta ama, nere gurasoak, oe-buruan exeririk, leunki izketan ari zaizkit!...

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

(Esanak eta Madav)

 

BURUZAGIA: Adi ezazu, Madav: aundizkiekin artu-eman aundia omen dabilkizu...

MADAV: Ez daukat txantxetan jarduteko aldarterik... Gu zorigaitzekoak gaituzu une ontan, besterik ez, doakabeak!...

BURUZAGIA: Baiña zure aurtxoa Erregearen idazki zai ez dago, bada?

MADAV: Uz ezazu pakean errukarri ori...! Gizaxoa...!

BURUZAGIA: Zergatik ez dio bada bialiko? Erregeak ez du zuek baiño sendi oberik arkituko idaztia bialtzeko.. Zerbaitegatik egin du idaztetxe berria zuen etxe-aurrean!... (Amal) Ta i, muttiko! Emen zekarkit Erregearen karta iretzat...

AMAL: (Izu-ikaraz oean ex-ertzeko imintzioa egiñez) Non..? Egia al da?

AMAL: Ez neri isekarik egin...! Esaidazu zuk, Fakir, egia al da?

AGUREA: Bai, txiki, onoko fakir onek esaten dik, ori Erregeak biali dun idazkia dala...

AMAL: Ez dut ezertxo ere ikusten... Ez al dago, ba, dena zuri-zuri? Buruzagi jauna, zer dio idazkiak...?

BURUZAGIA: Auxe ziok: «Laisterka nijoakik ikustera. Errege-jauregiko janariak aspertu xamartu natxiok eta ortxe bazkalduko diat... Jarri, beraz, labean egindako arroz gozo-gozoa...» ja, ja, ja...

MADAV: (Eskuak batuaz) Jauna, arren eskatzen dizut... Ez geiago irririk zorigaitzeko onen bizkar...!

AGUREA: Ausartu dedilla...! Emen nago ni...!

MADAV: Iri ere burutik egin al zaik?

AGUREA: Burutik egin? Obe nuke... (bat batetan) Baiña ez... Egia! Erregeak argi asko dio, jauregiko sendagillea eta biok datozela Amal ikustera...!

AMAL: Fakir, fakir, entzun!... Erregearen tronpeta, errege-turuta..! Entzuten...!

BURUZAGIA: (Algaraz) Pittiñen bat geixio galdu bearko duk burua, entzun nai baduk...

AMAL: Jauna! Nik uste nuen nerekin asarre zeundela, ez ninduzula maite...! Ez da buruan pasa ere zuk Erregearen idazkirik ekarriko zenidanik... Nola ordainduko nizuke...?

BURUZAGIA: Ume onek aparteko begirune-sena du. Gizaxo xamarra, baiña biotztun da, gure mutiltxoa.

AMAL: Laugarren erne-aldia izan bear du. Entzun zazu ezkil-soiñua, entzun gong-otsa, fakir: dun, don, din... Illunabarreko izarra azaldua al da? Ez dakit zer gertatzen zaidan... ez dut ezer ikusten...

AGUREA: Dena itxia ziok, seme. Irikitzera natxeak... (kanpuan ate-joka)

MADAV: Ate-joka norbait! Nor ote? Goikarrien bat!... Garai auetan oska...

(Etxetik at Abotsa)

ABOTSA: Iriki ezazue atea!

MADAV: Entzun al duzu, jauna? Lapurrak ote dira? Orixe bear genuke orain...

BURUZAGIA: Zein degu ate-joka...? Panchanan, buruzagiak galde egiten du... Ausartu zaitezte!... Ikusten! Bertan bera ixildu dira zarata eta zalapartak... Ezin dezakela ezer Panchanam mintzoak...? Datorrela, ba, betor lapur ausarti ori!...

MADAV: (Leiotik kezkatsu begiratuz) Bai, bai! Ixildu egin dirala...? Atea orpotik atera dute ta bearko!

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

(Esanak eta Erregearen Aintzindaria)

 

AINTZINDARIA: (Sartu orduko) Gure Errege jaun altsua, gaur gauean elduko da!

BURUZAGIA: Jainko santua! Nereak egin dik!

AMAL: Aintzindaria! Aintzindaria! Zer garaitan iritxiko?

AINTZINDARIA: Bigarren erne-aldian, bigarren gau-aldian!

AMAL: Nere lagun kalezaiak erriko ateetan «gong» jotzen duenean: Din, don, din... Din, don, dun...?

AINTZINDARIA: Bai, orduntxe! Eta Erregeak aurrez bialtzen du bere sendagillerik jakintsuena, bere adiskidetxoa zaitu eta senda dezan.

 

 

BEDERETZIGARREN AGERRALDIA

 

(Esanak eta errege-sendagillea)

 

ERREGE SENDAGILLEA: (Sartzen dan zoriz) Zer da au? Zer dala ta dago dena, zearo itxia? Iriki leioak eta utzi zabal-zabalik!... (Amal'engana doa esanez) Seme maite, nola ago?

AMAL: Oso ongi, sendagille jauna, oso ondo nago. Ez daukat iñun oiñazerik... Au giroa eta au ats garbia leioak irikita. Orain bai ikusten ditudala zeruan izarrak kiñuka!...

ERREGE SENDAGILLEA: Gaur gauerdian Erregea datorrenean, gauza izango al aiz jeikitzeko...?

AMAL: Izango ez naiz, bada...! Aspaldi ontan jeikitzeko irrikitzen nago. Artizarra erakusteko esan bear diot Erregeari. Askotan ikusia izango dut, baiña, ez dakit ongi zein dan...

ERREGE SENDAGILLEA: Erregeak ederki asko erakutsiko dik. (Madav'i) Erregea datorrenerako apain ezazue gela lorez (Buruzagia erakutsiz) eta onoko ori dijoala emendik...

AMAL: Ez; geldi dedilla ori ere, nere adiskidea bait da! Orrek ekarri zidan Erregearen idazkia ere...

ERREGE SENDAGILLEA: Ongi, mutiko; ire adiskidea baldin bada, geldi zitekek.

MADAV: (Amal'i belarrira itzegiñez) Amal, seme, Erregeak maite-maite au; bera zetorrek i ikustera ere... Eskaiok zerbait, zori-txarrak jo-ta bait gatxeudek...

AMAL: Bai, bai; ez larritu zu; gogoan daukat...

MADAV: Eta zer eskatu bear diok?

AMAL: Bere idazki-zain izendatu nazala, aterik-ate idazkiak banatzen ibilli nadin...

MADAV: (Bekokia) Errukarriok gu! Ori eskatu bear al diok?

AMAL: Eta zer emango diogu Erregeari datorrenean?

AINTZINDARIA: Arroz gorrixka zertzeko, esan du...

AMAL: Arroz gorrixka! Jauna! Zu zeunden zuzen; lenago ere esan bait dezu. Zuk den-dena zenekin...

BURUZAGIA: (Aintzindariari) Nere etxetik ots-egingo balute, Erregek...

ERREGE SENDAGILLEA: Ez da bear-bearra... Eta orain guztiok ixilik; ia loak artu du-ta. Ni bere oe-buruan exeriko natzaio... Loak menderatu du... Itzali ezazue argia... Izarren dizdira bakarrik sartu dedilla... Ixooo... nekeak garaitu du...

MADAV: (Agureari) Zer egiten duk or irudi antzera, eskuak elkarturik? Zain zuriak nagusitu zaizkidak!... Gertakizun oek onik egingo ote ziotek gero... Gela illun onek... Ainbat gutxiago berriz izarren argiak...

AGUREA: Ixil zaitez, sinis-gaitz ori!

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

(Esanak eta Sada)

 

SADA: (Lasterka sartuz) Amal!...

ERREGE SENDAGILLEA: Lo dago.

SADA: Loretxoak nekarzkion... Eskuetan jarri nai nizkioke,..

ERREGE SENDAGILLEA: Jar ezaizkiozu, bai...

SADA: Noiz esnatuko ote da?

ERREGE SENDAGILLEA: Erregea datorrenean ots egingo dio ta orduantxe.

SADA: Zertxobait esan nai nioke... Zuk esan nai al diozu ixil-ixilik nere izenean?

ERREGE SENDAGILLEA: Esango ez zionat, bada...! Zer nai ukene esatea?

SADA: Esaiozu Sada'k ez dula iñoiz aztu, gogoan izan dudala beti...

 

AMAL antzerkiaren amaiera

 

 

"Maria Dolores Agirre" orrialde nagusia


susa-literatura.com